Frank Owen Goldberg zuen jaiotza izena, eta 1929ko otsailean sortu zen familia judu batean, Toronton (Kanada). 17 urte zituela Los Angelesera (AEB) jo zuen, eta bertan, arkitektura ikasketak egin zituen. Harvard unibertsitatean aritu zen gero, zehazki Diseinu Eskolan, hirigintza ikasten. AEBetako herritar bilakatu zen haren ondotik. Arkitekturarekin izandako lehen kontaktua Alvar Aalto arkitekto finlandiarrari entzundako hitzaldi bat izan zuen. 1954an lortu zuen arkitektura lizentzia, eta orduan aldatu zuen izena: Frank Owen Goldberg atzean utzi eta Frank Owen Gehry hartu zuen. Harvarden egindako ikasketen ostean Parisera jo zuen, eta ikasketetan sakontzen aritu zen. Eta Pritzker sari entzutetsua irabazteraino eraman zuen ibilbide luze eta oparoa osatu zuen ordutik aurrera. 96 urterekin hil da Frank Gehry arkitektoa, Santa Monicako bere etxean (Kalifornia, AEB).
Bilboko Guggenheim museoarentzat diseinatutako eraikina da haren ibilbideko gailurretako bat. Hartaz oroitzapen gozoa gordetzen zuela aitortu zion El País egunkariari duela urte gutxi batzuk. «Bilborekin harreman berezia izan nuen. Haientzako oso eraikin garrantzitsua izan zen, eta hasieratik sentitu nuen haien errespetua, eta gizaki batek merezi bezala tratatu nindutela. Euskaldunak gogorrak dira. Sendoak. Ez dute tontakeriarik. Pentsatzen dutena esaten dute, eta esaten dutena pentsatzen dute. Eta fidel eusten diete euren erabakiei. Ikusi nuen haiekin ez nuela kontraturik sinatzeko beharrik ere. Bagenuen bat Guggenheim museoa eraikitzeko, baina ez zen beharrezkoa».
Zaha Hadid da Bilbon esangura izan duten beste arkitektoetako bat, eta Gehryren lana goraipatu zuen hark ere. «Gehryren eraikinak esan zigun gauzak beste modu batera egin zitezkeela». Hadiden hitzetan, «ausarta» izan da Gehry. «Lan bikaina egin zuen. Ez dut ezagutzen eraikin mediatikoagorik».
Mundu osoan egin dira ezagun Gehryk aluminio xaflekin sortutako forma bihurgunetsuak. Eta Euskal Herrian bertan ere badu gisa horretara eraikitako beste eraikin bat ere: Eltziegoko (Araba) Marques de Riscal upategiaren eraikina, hain zuzen.
Nazioartean barrena dituen eraikinek zerrenda luzea osatzen dute. Horien artean daude, besteak beste, Parisko Amerikar Zentroa (1994), Pragako Etxe dantzaria (1995), Berlingo DG Bank eraikina (2000), Los Angelesko (AEB) Walt Disney Concert Hall aretoa (2003) eta Chicagoko (AEB) Pritzker pabiloia (2004). Bere ibilbidean jaso zituen sarien multzoa ere halakoa da, oparoa, eta tartean da arkitekturaren Nobel saritzat hartzen den Pritzker saria ere; 1989. urtean jaso zuen.
2005ean haren lagun Sydney Pollack zinemagileak dokumental bat egin zuen Gehryren ibilbidea jasotzeko.