Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos defendatuko nuke nik hortzez eta haginez, zeluloidezko ballet goi mailakoa baiteritzot. Alferrik litzateke, ordea. Ultraeskuinaren eta ultrakatolizismoren aldeko paradigmatzat jo izan dute betikoek. Ezertaz enteratzen ez diren horiek.
Barbaro aurrerakoi-progre-ortodoxo horiek aldarrikatzen dute ozenki gure erabakitzeko eskubidea…. baldin eta beraien gustukoa dena deliberatzen badugu, jakina. Ez omen da oso zuzena, esaterako, moja izan nahi duzula erabakitzea. Eta horrela deliberatzen baduzu, azpiko indar gaiztoek hartua zaudelako da. Zer egingo diogu ba? Nahiago zaituzte mundu pribilegiatu honetako gerrillari sasi-ezkertiar komentuan baino, nahiago zaituzte mindfulness-eko ikastaro trinko batean klausuran baino. Arraroak gara gero, katolizismoaren kontra agertzen gara asaldaturik, baina Palestinaren aldeko manifestazioetan Irango estatu teokratikoaren banderak ikusten dira… Ez dugu erremediorik gizakiok, ez.
Beraz, ez naiz Los domingos-en inguruan luzatuko. Har ditzagun hizpide gure aretoetan diren beste hiru film egundoko: Guillermo del Tororen Frankenstein, Tatsuya Yoshihararen Gekijō-ban Chensō Man Reze-hen / Chainsaw Man: Arco de Reze eta Alberto Vazquezen Dekoratua, zeina Bilboko eta Iruñeko aretoetan gaztelaniaz badago ere, euskarazko bertsio sekulakoan estreinatuko baita Donostiako Beldurrezko Astean, hurrengo asteazkenean.
Sinetsi ala ez, Mary Wolstonecraft Shelleyren klasiko maitatu eta miretsia amodio osoz egokitzen duen filma eta primerako sortzailea den Tatsuki Fujimotoren manga arras preziatua pantailara ekartzen duena antzekoak dira oso. Ez, jakina, zinemaren maneretan, bai, ordea, giza kezka, ardura eta dudetan. Victor von Frankenstein doktoreak egina den kreatura bere sortzailearen aurrean matxinatzen da, kreatzailea ez baita bere kreazioaren kargu egiten. Kreaturak ez daki zenbateraino den guda zelaietan eroritako soldaduen gorputzez eraikitako gorpu ibiltaria, pentsatzen ikasiko duen munstroa, eta zenbateraino gizaki oro kezkatzen duten beldurrez gainezka den humano akasduna.

Duda, bertigo eta izu bertsutan dabil deabruen kontra borrokatzen den anime ikusgarriko Denji protagonista. Hain urrun geratzen zaigun Ekialde hartako infernu/paradisuan, demonioak gizakiokin batera bizi dira egunerokotasun berezian. Harremanak ez dira beti gozoak. Elkar ehizatzen dugu, elkarrekin bizitzen gara eta behin baino gehiagotan demoniotasunak eta gizatasunak bat egiten dute gure baitan. Buruan? Ariman? Bihotzean? Baita ere, baina ni eta Chainsaw-ren egileak haratago goaz: gorputzean ere bagara bai deabruak bai gizakiak. Bien ahalmenak ditugu. Baita bien mixeriak ere. Eta talka kontrolaezina egiten dute (digute) barrenetan.
Gorputzean ere bagara bai deabruak bai gizakiak. Bien ahalmenak ditugu. Baita bien mixeriak ere. Eta talka kontrolaezina egiten dute (digute) barrenetan.
Ez munstroak ez gizakiak ez gara konturatzen bizi garen unibertsoa dekoratu bat denik. Ezta Bilboko Uniko ekoiztetxeak aurrera ateratako Alberto Vazquezen filma populatzen duten izakiak ere. Ez saguak, ez usoak, ez oiloak, ez otsoak. Baina bada, bada dekoratua, suak hartuko duen dekoratua. Basoa zeharkatuko dugu, arrisku guztiei aurre (izkin?) eginez.
Sinistuko dugu oihanaren ertzean libertatea dagoela. Inozo halakoak. Hobe genuke auskalo nork, auskalo zerk, auskalo zertaz, auskalo non sortutako espezie bat, hamaika garela onartzea. Salbabiderik? Klausura akaso. Komentuan. Izotz eternaletan. Infernuan. Dekoratuan. Zeluloidezko Klausuran. Gauekoentzat soil-soilik den Gau Beltzean.
 
    