Zinema estreinaldiak

Frankenstein eta haren emaztegaiaren ihesa

Maggie Gyllenhaal aktore eta zinemagileak 1930eko hamarkadan girotu du ‘The Bride!’, Mary Shelleyk sortutako pertsonaia eta haren laguna protagonista dituen filma.

Jessie Buckley eta Christian Bale dira 'The Bride!' filmeko protagonistak.
Jessie Buckley eta Christian Bale dira 'The Bride!' filmeko protagonistak.
mikel lizarralde
2026ko martxoaren 4a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hollywoodeko zinemak bulkadaka edo zikloka funtzionatzen du sarritan. Western baten arrakastak beste hamaika dakartza segidan, edo Marten girotutako zientzia fikziozko hiruzpalau pelikula estreinatzen dira hilabete gutxiko tartean. Ez da kasu bera, baina iaz Guillermo del Torok Mary Shelleyren Frankenstein nobela klasikoaren egokitzapena aurkeztu eta denbora gutxira plazaratu dute The Bride!, Maggie Gyllenhaal aktore eta zinemagileak James Whaleren The Bride of Frankenstein filmean (1935) inspiratuta zuzendu duen lana.

Nolanahi ere, Frankenstein munstroaren emaztegaiari buruzko film berria proiektu independentea da, Del Tororen filmarekin zerikusirik ez duena. Azken urteetan, gainera, Hollywoodeko ekoiztetxeen egitasmo posibleen artean izan dira Frankensteinen emaztegaiari buruzko beste proiektu batzuk ere: 2015ean, Bill Condonek zuzenduko zuen film batentzako istorioa idazten hasi zen David Koepp gidoigilea, eta, bost urte geroago, A24 ekoiztetxeak iragarri zuen asmoa zuela Scarlett Johanson protagonista izango zuen eta Sebastian Lelio zinemagile txiletarrak zuzenduko zuen film bat egiteko.

Oraingoz, horien gaineko berririk ez da, eta, azkenean, Maggie Gyllenhaal aktoreak zuzendutako filma iritsi da zinema aretoetara —The Lost Daughter (2021) filmarekin estreinatu zen zuzendari lanetan, eta bigarren filma du The Bride!—.

XX. mendearen hasieran girotua

Bai Whaleren The Bride of Frankestein eta bai aurretik zinemagile horrek berak zuzendutako Frankenstein zehaztu gabeko leku batean eta garai batean girotuta zeuden. Gyllenhaalen filma, kontrara, testuinguru eta sasoi jakin batean gertatzen da: Chicagon (AEB), XX. mendeko 30eko hamarkadan. Han, Frankensteinek —kreaturak— (Christian Bale) laguntza eskatuko dio Euphronius doktoreari (Annette Bening) eta emakumezko lagun bat sortzea galdegin. Emaztegaia ezizeneko emakume hildako bati (Jessie Buckley) bizitza emango diote bien artean. Hortik aurrera, gizakien eskuetatik jaiotako bi izakiek Poliziaren jazarpenari aurre egin beharko diote, beren maitasun istorioa aurrera doan bitartean. 

Izan ere, beste ezeren gainetik, The Bride! amodiozko kontakizun bat da, Gyllenhaalek azaldu duenez: «Filma maitasun istorio bat da, harreman ez-perfektu bati buruzko maitasun istorio oso sakona».

Zuzendariak adierazi duenez, film klasikoen estiloa iraultzea izan du asmoetako bat. Eta David Lynchen Wild at Heart ekarri du gogora. «Hark ihesen filmekin egin zuena... Nirea ezberdina da, baina erabateko askatasuna eman diot neure buruari».

'THE BRIDE!'

Zuzendaria: Maggie Gyllenhaal. Gidoilaria: Maggie Gyllenhaal. Aktoreak: Jessie Buckley, Christian Bale. Penelope Cruz. Herrialdea: AEB. Iraupena: 126 minutu. Estreinaldia: gaur Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk

'Pillion' filma
Pillion filma Cannesko jaialdian estreinatu zuten, maiatzean.

'PILLION'

Zuzendaria: Harry Lighton. Gidoilaria: Harry Lighton. Aktoreak: Alexander Skarsgard, Harry Melling, Brian Martin, Zamir Mesiti, Lesley Sharp. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 106 minutu. Estreinaldia: gaur Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.

Colin, gazte homosexual herabe bat, liluratuta geldituko da Rayrekin, karisma handiko motozale batekin, eta bien artean menderatze eta sumisio elementu ugari dituen harreman bat hasiko da. Cannesko Un Certain Regard sailean estreinatu zuten filma, eta gidoirik onenaren saria eskuratu zuen.

'Caminando con el diablo'

Zuzendaria: Ruben Perez Taberna. Gidoilaria: Ruben Perez Taberna eta Jesus Miguel Quintana. Aktoreak: Tamar Novas, Marina Salas. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 84 minutu. Estreinaldia: ostiralean Hego Euskal Herrian.

Miguelek eta Aliciak semea galdu dute, eta horren ondorioak daramatzate bizkar gainean. Miguelek bere buruari egozten dio semearen heriotza, eta Aliciak, berriz, semea ez ezik senarra ere galdu duela sentitzen du. 10 urteko haur frantziar bat ezagutuko dute, eta enkontru horrek gizakiaren alde ilunenera eramango ditu guztiak. 

'La maison des femmes' 

Zuzendaria: Melisa Godet. Gidoilaria: Melisa Godet. Aktoreak: Karin Viard, Laetitia Dosch, Eye Haidara, Aure Atika, Pierre Deladonchamps. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 110 minutu. Estreinaldia: gaur Ipar Euskal Herrian.

Indarkeria pairatzen duten emakumeak artatzen dituzte Emakumeen Etxean. Dianek, Manonek, Inesek, Awak eta etxean lan egiten duten gainerakoek entzun egiten diete emakumeei, baita lagundu ere. Talde lana da denentzat, baina, batzuetan, bakoitzaren barne oreka kolokan jartzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.