Espainiako Bigarren Errepublikaren 80. urteurrena gogoratuz, gaur estreinatuko dute Bordelen Dominique Gautier eta Jean Ortiz zinemagileen Les ombres de la memoire (Oroimenaren itzalak), frankismoaren garaian ostutako umeen inguruko 50 minutuko film dokumentala.
Kartzelatik bizirik irtendako preso komunisten eta frankismoaren alderdi ilunak argitzen saiatzen diren abokatuen lekukotasunak jaso ditu filmak, Miguel Angel Rodriguez eta Alfons Cervera idazleek emandakoez gain.
Frankismoa ez zela inondik ere «diktadura biguna» izan erakusten du filmak, «kriminala eta genozidiogilea baizik», Ortizek adierazi duenez. «Hau ez da lan nostalgiko eta sentimentala. Gure asmoa ez da hilotzak berreskuratzea, ideiak berreskuratzea baizik. Errepublika behar dugu Espainiaren egungo arazoei irtenbidea emateko. Hirugarren Errepublikaren aldeko aldarria egiten dugu».
Ortizek urteak daramatza Espainiako Gerrari eta Francisco Francoren diktadurari buruzko film dokumentalak egiten, eta duela gutxi jakin du litekeena dela bere familia ere frankismoak antolatutako ume lapurreten biktima izatea. «Neureen alde egiten dut lan hau», azaldu du. «Frankismoaren erruz familiako kideak galdu dituenak hil arte altxatzen duelako ukabila».
Filma Espainian ere estreinatu ahal izateko aukera negoziatzen ari dira orain Ortiz eta Gautier.
Zinema. Estreinaldiak
Frankismo garaian ostutako umeez film bat egin dute
Bordelen estreinatuko dute gaur Dominique Gautier eta Jean Ortizen 'Les ombres de la memoire' dokumentala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu