begona del teso
Eppur si muove

Frankotiratzaile babazorro bakartia, zutik!

2026ko urtarrilaren 30a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den mendeko kontuak dira. Egun euskal zinemaren urrezko aroan bagaude, hasierak ere ez ziren hala moduzkoak. Derrepentean, hemengo jendeak kamera hartu zuen lepoan. Ez naiz Zuluetaz ari. Ezta Erizez ere. Ez naiz ari Oleaz. Uribez. Armendarizez. Ezta Mirentxu Loiartez ere. Ez Larruquertez. Ez Jose Mari Zabalzaz. Ez Eloy de la Iglesiasez. Izan ziren horiek antzinako aitzindariak eta geroko bide-erakusle bikainak; Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea izateaz gain, zinemagile zirikatzaile aparta den Josu Martinezek berri zehatz eta fina ematen digu gaiaz Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza liburuan.

Ez, lerro hauetan Julio Medemek, Daniel Calparsorok, Enrique Urbizuk eta beste batzuek osaturiko belaunaldiaz aritzera natorkizue. Tierra-z. Salto al vacío-z. Todo por la pasta-z. Ari naiz 1991ko Alas de Mariposa-z, 1993ko La madre muerta-z, baita 1997ko Airbag-ez ere. Ari naiz bere lehengo film luzerako sosak lortzearren etxea hipotekatu zuen 1967an Gasteizen jaio zen Juanma Bajo Ulloaz.

Nola edo hala, aipatutako horiek beren txokoa aurkitu zuten zinemagintzan. Bai kultuko pelikulak sortzen, bai industriarako lanean, lan txukunetan, egiari zor.

Ia denek aurkitu zuten beren mementoa, beren lekua. Juanmak izan ezik. Hastapenak harrigarriak suertatu zitzaizkion. Donostian Urrezko Maskorra eskuratu zuen, Goya saria ere bai. Jendetza erakarri zuen aretoetara Airbag-ekin...

Urteak pasatu ditu Ulloak zinema egin gabe. Alta, ohiko zinema moduen ertzetan balantzaka gustura gabiltzanok beti izan gaitu zain, esperoan ere bai. Bost urtean behin eskuratzen ditu pelikula bat egiteko sos txiki hainbat eta adore nahikoa

Etorri ziren gero garai latzak. Ez omen du Juanmak zinemaren negozioan noraezekoak diren «gaitasun sozial» horientzako abilezia. Ez bide da erraza tratuan. Ez da inoren, ezeren aurrean makurtzen. Ikus-entzunezko unibertsoak ez du portaeran errebelderik gustuko eta ankerra izan ohi da etxekotu ezin dituenekin.

Urteak pasatu ditu Ulloak zinema egin gabe. Alta, ohiko zinema moduen ertzetan balantzaka gustura gabiltzanok beti izan gaitu zain, esperoan ere bai. Bost urtean behin eskuratzen ditu pelikula bat egiteko sos txiki hainbat eta adore nahikoa. 2015ean aurkeztu zuen Rey Gitano hura porrot erabatekoa izan zen. 2020an gehien menderatzen dituen zeluloidezko parajeetara bueltatu zen ausart, Baby-rekin. Orain, 2026an El Mal estreinatu berri du.

Malamentean estreinatu ere. Ez diote lekurik egin ohiko pantailetan, bazterrekoetan baizik. Merkataritza guneetako zinemetan programatu dute. Ezordutan. Gipuzkoan, esaterako, astelehenean!! estreinatu zuten Urbil saltoki gunean, gaueko 22:30etan!!!. Fofito pailazoaren Beldurrezko Zirkuaren karparen ondoan (egia esatearren, horrek badu justizia poetikoaren ukitu antzeko bat).

Juanmak bazekien horrelako zerbait gertatuko zela. 2006an idazten hasi zen pelikula honek zinema horren gozo, erraz eta eroso eskaintzen duten saloietan kabidarik ez zuela izango abisatu zuen hasiera-hasieratik.

Beraz, hondamendi ekonomikoa etorriko zaio oraingoan ere, tamalez, baina, bestalde, ez lekurik, ez lekukorik ez izate horrek handitzen du oso eta arras Ulloak duen industriak gaitzetsitako poeta zeluloidezkoaren ospe iluna. Ezohikoaren, baztertuaren, Patuak begiz jo dituen horien alde eta desioan gaudenok, indar biziz bilatuko dugu ikusteko aukera. Filmak, bere debilidadeak dituen arren, merezi duelako. Konparatu dute askok, egoki oso, Agusti Villarongaren El Mar edo Tras el cristal lan ezeroso eta aztoragarriekin. Nik neuk, beste konparazio bat ekarriko nuke, atrebentziaz, plazara. El Mal ari naizela ikusten, Italiako giallo zinemarekin akordatzen naiz gozo. Bai, misterio eta thriller film horiekin, zeinetan ez legerik, ez araurik, ez inposaketarik, ez moralik, ez epaiketarik onartzen ez baitzen. Estetikaz eta etikaz ausartak ziren pelikula haiekin. Mario Bavarenak, Fulcirenak, Argentorenak.

Orain maisutzat hartzen ditugun hiru horiek (eta beste batzuk) garai haietan frankotiratzaile hutsak ziren. Egun, entziklopedietan agertzen dira urrezko letraz. Juanma ere liburuetan dago, baina oraindik ezeren aurrean makurtzen ez den frankotiratzailea dugu, tiro bakoitzean larrua jokatzen duena.

El Mal desagertu da ezkutuko karteldegietatik. El Mal-ek gaur jarriko dio amaiera Gasteizko Zinema Asteari. Infernu guztietako izaki guztiei esker, salgai jarri orduko agortu ziren sarrerak. Horretan ere, justizia poetikoa.

Juanma Bajo Ulloa zinemagilearen 'El mal' filmeko irudi bat.
Juanma Bajo Ulloa zinemagilearen El mal filmeko irudi bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA