Frantxoa Cousteau antzerki irakasle «umila eta fidela» hil da

EKEko diruzaina ere izan zen 1990eko hamarkadan. 71 urte zituela hil da, eritasun luze batek joa. Bordaxuri antzerki taldeko kidea zen, eta eskola giristinoetako euskal antzerkiko irakaslea.

Frantxoa Cousteau. EKE
Frantxoa Cousteau. EKE
Xalbat Alzugaray
2026ko ekainaren 19a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bere lana biziki serioski hartzen zuen, eta arrunt jendekina zen gainera». Halaxe oroituko du Daniel Landart EKE Euskal Kultur Erakundeko zuzendariorde ohi eta idazleak Frantxoa Cousteau antzerkilaria (Domintxaine, Nafarroa Beherea, 1955). 71 urtetan hil da, eritasun luze batek joa. Erretreta hartu baino lehen, Ipar Euskal Herriko eskola eta kolegio giristinoetan euskarazko antzerki tailerrak emanaz erreferentziazko pertsona bat bilakatu zen. Ogibidez kontu egilea zen, eta Hazparneko (Lapurdi) Bordaxuri antzerki taldeko kide garrantzitsua izan zen.

Baionako Marracq lizeoan egin zituen ikasketak. Txomin Hegi kantari eta poetak han elkar ezagutu zutela kontatu du. «1970eko hamarkadan izan nuen harremana lehen aldikotz harekin. Gaur, adiskide handi bat galdu dut». Ofizioz kontu egilea zen ADER erakundean, Hazparnen, eta 1980ko hamarkadan Bordaxuri antzerki taldean ibili zen Hegirekin batera. Frantsesetik euskarara ekarri hainbat obra karrikaratu zituzten. Hala nola Tupina, Gure etxeko orgak eta idiak eta Berantenaz seietan. Bertzalde, 1984an, Basajauna antzerki piezarekin lau sari irabazi zituzten Euskal Antzerkiaren Azpeitiko Topaketetan.

Pertsona «umila eta fidela» zela gehitu du Hegik, behar zenerako, eta proiektu orotarako hor zegoena. Antzerkiaz gain, Balerdi kantu taldea ere sortu zuten Hegik, Cousteauk eta Maddalen Estekahandik. Karlos Jimenez piano jolearekin batera ibili ziren Euskal Herri guzian bortz urtez euskal kantutegia plazaratzen.

«Umila eta fidela zen. 1970eko hamarkadan izan nuen harremana lehen aldikotz harekin. Gaur, adiskide handi bat galdu dut»

TXOMIN HEGI Kantaria eta poeta

Garai bertsuan, Manex Erdozaintziren olerkiak oinarri harturik, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Miarritzen (Lapurdi) eman zuten Lur ezpalak antzerkia. 1999an Euskaldunon Egunkariari adierazi zion antzerkian zenbateko garrantzia duten hitzek: «Hitzak du lehentasuna, baina musikaz eta antzerkiaz baliaturik».

«Funtsezko» katebegia

1990eko hamarkadan kontu egilearen lana utzi zuen, eta Uztaritzera (Lapurdi) joan zen bizitzera. Han ezagutu zuten elkar Landartek eta berak. «Bederen hamar urtez, ebiakoitz guziz kafea hartzen nuen Frantxoarekin, auzoak baikinen». Diruzain gisa, Pantxoa Etxegoinen lekua hartu zuen EKEn, eta lanean «biziki fina» zela nabarmendu du.

(ID_17818663320525) (/EZEZAGUNA) Frantxoa Cousteau
Frantxoa Cousteau eta Pantxoa Etxegoin. EKE

Diruzaintza kudeatzeaz gain, Lumaren musika programaren sortzean parte hartu zuen. Euskal literatura eskoletan ezagutarazteko proiektua zen hura, eta, aldi berean, Ipar Euskal Herriko eskola giristino elebidunetan euskara antzerkiaren bidez txertatu zuen. Cousteauren engaiamendua azpimarratu du Landartek. «Funtsean, euskara biziarazi du eskola pribatu elebidunetan, antzerki tailerrak emanez. Beharrezko katebegia izan zen euskararen transmisioan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE