Zinema estreinaldiak

Bizitzaren isla

Agnieszka Holland zinemagileak Franz Kafka idazlearen bizitza islatu du 'Franz' filmean. XX. mendeko idazle ezagun eta laudatuenetako bat izan zen 'Metamorfosia' eleberriaren egilea.

'Franz' filmeko fotograma bat.
'Franz' filmeko fotograma bat.
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Franz Kafka idazle txekiarra XX. mendeko egilerik sonatuenetakoa izan zen, eta haren ospeak gaur egunera arte iraun du. 1915. urtean Metamorfosia  —alemanez, Die Verwandlung— nobela motza argitaratu zuen, bere lanik esanguratsuena, baina beste hainbat obra garrantzitsu ere idatzi zituen, Prozesua, Gaztelua eta beste. Halere, idazle moduan egin zuen ibilbidea ez zen batere erraza izan harentzat, aitarekin zuen harreman txarra zela eta. Izan ere, Kafkak idazle izan nahi zuen, baina, aitaren negozioak tarteko, amets hori korapilatu egin zitzaion. Egitura zatikatua erabilita, idazlearen biopica osatu du Agnieszka Holland zinemagile poloniar beteranoak Franz filmean.

Filmeko trama nagusietako bat senideen arteko harremana da, ez bereziki ona —aitarekin, batez ere—. Aita autoritarioa eta haserrekorra da, eta semeak, aitaren jarreraren eraginez, arazo emozionalak ditu. Pertsonaiak izaera berezia du, eta zuzendariak zehazki hala den baieztatu ez duen arren, Asperger sindromea duten pertsonen antza du, Hollanden ustez.

Idan Weiss aktoreak gorpuztu du Kafkaren pertsonaia, eta nabarmena da bien arteko antzekotasun fisikoa. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten filma, eta han emandako prentsaurrekoan aitortu zuen bi hilabetez etxetik atera gabe egon zela, «pertsonaiaren izaeran gehiago sakontzeko». Itxialdi horretan, aktoreak bere iragan depresiboarekin konektatu zuen, «energia ilunago bat izateko». Hala azaldu zuen aktoreak: «Haren liburu eta eguneroko guztiak irakurri nituen. Erronka bat izan zen: ni kanporakoia naiz, eta bera ez zen halakoa; guztiz kontrakoa zen». 

Iragana eta oraina tartekatu nahi izan ditu Hollandek filmean, idazlearen figurari eman zaion erabilera turistikoa ere azaltzeko. Batez ere Pragan (Txekiako Errepublika) gertatu da hori, eta filmean ironia puntu bat erabiltzen du zuzendariak, idazleak etorkizunean izango duen irudia erakusteko. 

Biografiak bidelagun

Ez da lehen aldia Hollandek pertsonaia ospetsuren baten biografia film bihurtzen duena. 2006. urtean, esaterako, Copying Beethoven filma zuzendu zuen. Ludwig van Beethoven konpositorearen azken urteak ditu hizpide filmak, eta Ed Harris aktoreak gorpuztu zuen Beethoven. Mr. Jones filma ere batu daiteke biografien zerrendara. 2019. urtean estreinatu zuen, eta Gareth Jones kazetariaren bizitza kontatzen du; zehazki, 1933. urtean Ukrainara —garai hartan Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna— egindako bidaia. 

Donostiako Zinemaldian lehiatu zen filma, Sail Ofizialean. Aurretik Torontoko zinema jaialdian eman zuten. 

'FRanz'

Zuzendaria: Agnieszka Holland. Gidoilariak: Marek Epstein eta Agnieszka Holland. Aktoreak: Idan Weiss, Peter Kurth, Jenovefa Bokova, Ivan Trojan, Sandra Korzeniak. Argazkia: Tomasz Naumiuk. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 127 min. Herrialdea: Txekiako Errepublika, Alemania, Polonia.

Beste estreinaldi batzuk: 

Julia Ducournauren 'Alpha' filmaren irudi bat.
Julia Ducournauren Alpha filmaren irudi bat.

'ALPHA'

Zuzendaria eta gidoilaria: Julia Ducournau. Aktoreak: Melissa Boros, Tahar Rahim, Golshifteh Farahani, Emma Mackey. Argazkia: Ruben Impens. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 128 min. Herrialdea: Frantzia.

 

Alpha 13 urteko nerabe bat da, eta amarekin bizi da. Egun batetik bestera bizitza goitik behera aldatuko zaio familiari, alaba besoan tatuaje bat duela bueltatzen denean eskolatik. Hiesaren epidemiak eztanda egin zueneko testuinguruan dago girotuta. Ez da lehen aldia Ducournauk neska nerabe bat protagonista jartzen duela. Hala egin zuen Grave filmean ere.

'wicked: for good'

Zuzendaria: Jon M. Chu. Gidoilariak: Winnie Holzman eta Dana Fox. Aktoreak: Ariana Grande, Cynthia Erivo, Jonathan Bailey, Michelle Yeoh. Argazkia: Alice Brooks. Generoa: fantasia. Urtea: 2025. Iraupena: 138 min. Herrialdea: AEB. 

Wicked: Part One filmaren jarraipena da. Oz basoan bizi da Elphaba, ezkutuan. Hala ere, hori ez da aitzakia izango erreinuko animalien askapena aldarrikatzen jarraitzeko, baita Ozeko magoaren inguruko egia azaleratzen jarraitzeko ere. Glinda, berriz, famak eman dizkion abantailez gozatzen dabil. Bien arteko harremana erabat hoztu da, baina horrek erreinuan eragin dituen ondorioak direla eta, adiskidetu egin beharko dira. Horrela baino ez dute lortuko Oz betirako aldatzea.

'JAY KELLY'

Zuzendaria: Noah Baumbach. Gidoilariak: Noah Baumbach eta Emily Mortimer. Aktoreak: George Clooney, Adam Sandler,  Laura Dern, Riley Keough. Argazkia: Linus Sandgren. Generoa: komedia. Urtea: 2025. Iraupena: 132 min. Herrialdea: AEB.

Zinemako izar bat da Jay Kelly. 60 urte ditu, eta krisian dago. Zinemako jaialdi garrantzitsu batek omenaldia egingo dio aktoreari, eta horrek iraganera begiratzeko eskatuko dio. Bere bizitzaren parte izan diren guztiekin berriz ere harremana estutu beharko du. Denek ezagutzen dute Kelly, baina berak ez du bere burua ezagutzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.