Gabonetako argiak

2024ko urtarrilaren 16a
05:05
Entzun

'garuna(k)'

Non. Donostiako San Telmo museoan. Noiz arte. Apirilaren 14ra arte.

Gabonen aurretik ere aitortu nuen zientzia, teknologia eta artea biltzen zituzten proposamenen zalea ez nintzela, berez, baina urteari amaiera emateko sorpresa atsegina hartu izanak urte berriari ere ildo bertsutik eustera animatu ninduen. Beraz, berriz ere nagikeriak alde batera utzi, eta San Telmo museoko Garuna(k) erakusketa bisitatu nuen.

Hainbat instituzioren artean gauzatutako ekimena da, erakusketa ibiltari bat, tartean Bartzelonako CCCB eta Londreseko Wellcome Collection —medikuntza eta artea uztartzen dituen museoa— daudelarik. Hala, garuna aitzakiatzat hartzen duen erakusketa esperimental bat ikusiko nuelakoan nengoen, eta mostraren hasiera partea esperantzagarria izan zen alde horretatik. Sarrerako testua iradokigarria zen, besteak beste antropozentrismoa zalantzan jartzen baitzuen, gizakia beste izaki bizidunekin parekatzeko keinuak eginaz. Eta erakusketari sarrera ematen zion lehen atalak ere sentsazio onak utzi zizkidan, garuna, komunikatzeko eta pentsatzeko gaitasunarekin uztartuz labar-pinturen dokumentala eta historiaurreko garezur eta harrizko tresnak Andrew Carnieren Atlas: there and here lanarekin batera aurkezten baitziren, zeina gizakiak garunarekiko izandako liluraz eta haren ondorioz burututako esplorazioez baitzetzan.   
    
Erakusketaren tonua lehen espazio horretatik aurrera, aldiz, aldatu egiten da. Bigarren zatiak XIX. mendeko positibismoaren eta argazkigintzaren eraginpean garatutako hainbat teoria harrigarri aurkezten ditu; hala nola garezurren tamaina nola erabili zen pertsonen joerak aurreikusteko —gaizkile izateko aukera, adibidez—, baita generoen arteko hierarkia eta arrazakeria justifikatzeko ere. Edukia ezin uka interesgarria denik, baina pixkanaka arte-proiektuak ideiak edo hausnarketak proposatzeko euskarri gisara erabili beharrean, soilik osagarri izatera pasatzen dira, ia kuriositate edo apaingarri funtzioa hartuz. Gabonak pasatu berri ditugun honetan, etxeak eta kaleak apaintzeko erabiltzen diren argi eta objektuen funtzioa hartzen dute artelan gehienek, eta benetako pena da. Informazioa bereziki testuen bidez eta bestelako paperezko dokumentu eta objektu edo tresna zientifikoen bidez transmititzen da, eta erakusketan aurrera jo ahala, garunaren funtzionamenduetan are gehiago sakotzen denez, testuak geroz eta teknikoagoak bilakatzen dira, eta tartekatzen diren proiektu artistikoen helburua haien ilustrazio huts izatean datza.

Garunaren funtzionamendua bera hain abstraktua izanik eta erakusketaren helburua hari loturiko aspektu ezberdinen dibulgazioa izanik, egunerokotasunean begi hutsez ikusteko aukera ez dugun hori ikusgarri bilakatzearen interesa uler dezaket; baina ikusgarritasun hori erakusketan zehar aurkezten diren beste ebidentzia zientifikoen bidez ere aurkezten da, beraz, behin eta berriz datorkidan galdera zera da: funts zientifiko huts eta erabatekoa duen erakusketa honetan zergatik erabaki dute artelanak tartekatzea, erakusketan proposatzen diren ideien gaineko bestelako ikuspunturik edo hausnarketarik egiteko paradarik gehitzen ez baldin badute?

Honela, nahiz eta pasadizo hutsa iruditu, esanguratsua da gure aurretik erakusketara sartutako bi familia euren artean erakusketako edukiez hitz egiten aritu beharrean, erakusketako hainbat testuren euskara maila eskasaz mintzatzen egotea. Hau ere pena da, eta tristea ere bai, era berean; izan ere, nola liteke testuen euskarazko itzulpenak beste hizkuntzekiko konparazioan oraindik ere hain eskasak izatea? Egoera tamalgarri honetara ohituta egonik, jatorriz euskaraz idatziak ez diren testuak zuzenean gazteleraz irakurtzeko joera dut; gehiegitan gertatu izan baitzait euskarazkoa irakurri ostean gaztelerazkora jo beharra izatea edukia ongi ulertu ahal izateko, lotsa ematen badit ere aitortzeak. Eta horregatik, oraingo honetan ez nintzen konturatu ere egin.

Zenbaitetan badirudi erakusketetan euskara egotea bete beharreko item huts bat besterik ez dela; badago eta kito. Badirudi inork ere ez diola erreparatzen haren kalitate eta mailari, honek zuzenean erakusketaren hautematean eta esperientzian eragiten duenik ere pentsatu gabe, baita bisitarien eskubideetan ere, arduragabekeria honek erakusketa gazteleraz bisitatzera behartzen baititu zuzenean. Egoera hau, zalantzarik gabe, kasu guztietan da salagarria, baina are gehiago testuen presentzia erabatekoa den erakusketetan, honetan kasurako; are gehiago, erakusketatik atera eta sortu zitzaigun hausnarketa eta elkarrizketa bide nagusia hau izan zenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.