Gabriel Arestiren obra poetikoa makina bat aldiz musikatua izan da azken hamarkadetan, eta haren olerkiekin kantutegi zabala osatu dute Euskal Herriko hainbat artistak eta taldek; proiektu horretan parte hartu dute, besteak beste, Oskorrik, Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Rafa Ruedak eta Eñaut Elorrietak. Hemendik aurrera, Euskal Herriko beste zenbait artista batuko dira zerrenda horretara; izan ere, Ekida arte egitasmo sozialistaren ekimenez, Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean izeneko diskoa ondu dute musikari eta talde batzuek. Arestiren olerkietan oinarrituta, bederatzi abesti sortu dituzte Euskal Herriko hamar artistak: Elene, Borla, J Martina, Mateo Zikuta, Calié, Berun, Mirotz, Rodeo, Nakar eta Malakias taldeek musikatu dituzte Arestiren poemak.
Ekidak atzo aurkeztu zuen lana Bilboko Bira kulturgunean, Aresti hil zenetik 50 urte bete ziren egunean bertan, eta han izan zen diskoa aurrenekoz entzuteko parada. Gaurtik aurrera, entzungai izango da plataforma digitaletan, eta salgai jarriko dute Ekidak antolatutako ekitaldietan ere.
Arestiren heriotzaren urtemuga baliatuta, haren figura, obra eta pentsamenduak goraipatzeko asmoz ondu du diskoa Ekidak. Hain justu ere, helburu berarekin estreinatu zuen apirilaren 13an izen bereko antzezlana Bilboko Kafe Antzokian, Garikoitz Ortiz de Villalba Ekidako ordezkariak azaldu duenez: «Diskoak eta antzezlanak asmo berari erantzuten diote, hau da, Aresti poeta komunistaren figura azpimarratzeari, baina ez memoria ariketa huts gisa, baizik eta gaurkorako eta biharkorako balio digulako».
«Iruditzen zitzaigun Arestiren obraren gaurkotze lanean aproposa zela jada musikatuta zeuden poema batzuen bertsioak egitea eta musikatu gabe zeuden beste poema batzuk kantatzea»
GARIKOITZ ORTIZ DE VILLALBA Ekidako kidea
Duela lauzpabost hilabete hasi zen mamitzen Arestiren poemak kantu bilakatzeko proposamena. «Bilboko artistaren poesia hainbatetan musikatu izan da, baina iruditzen zitzaigun haren obraren gaurkotze lan horretan aproposa zela jada musikatuta zeuden poema batzuen bertsioak egitea eta musikatu gabe zeuden beste poema batzuk kantatzea», esplikatu du Ortiz de Villalbak. Eta, hala, proposamen horrekin jo zuten Euskal Herriko hainbat musikari eta talde gazterengana, eta baita hamarren baiezkoa «arin» jaso ere.
Nork bere moldean
Nork bere estilo eta moldean kantatu dituzte Arestiren poemak, eta abestiak sortzeko prozesuan «aske» aritu dira, testuak nahieran erabilita. J Martinak Emazurtz poemaren bertsioa egin du, baina bere garaian Oskorrik poema horretaz egindako bertsio ospetsuaren doinu eta melodiatik aldenduta.
Kattalin Barcena taldekideak kontatu duenez, «erronka handia» izan da taldearentzat Arestiren poemarako bestelako doinu bat bilatzea: «Bertsoek badute bere neurkera, eta zaila egin zaigu hortik ateratzea eta beste doinu batzuk sortzea». Nekeza izanda ere, lortutako emaitzarekin pozarren daude taldekideak. Gainera, Emazurtz poema aukeratu izanak badu garrantzia taldearentzat: «Gerraosteko emakume baten eta Euskal Herriaren arteko konparaketa ederra da», nabarmendu du.
Barcenak uste du garrantzi handikoa dela Arestiren figura gaur egungo belaunaldientzat berreskuratzea: «Izugarri interesgarria da Euskal Herriko hainbat musikari gaztek bestelako zentzu bat ematea Arestiren hitzei».
Hain justu, modu askotarikoetan eman diete zentzua Arestiren hitzei. Elenek Zortzi bertso berri sorta musikatu du, eta Rodeok Irrintzi gorri batekin poema; Arestik azken urteetan idatzia da lehenengoa, eta Harri eta herri obratik hartua bigarrena. Lan bereko poemak hautatu dituzte Borlak eta Berunek ere euren abestiak egiteko: Borlak Egunen batean poeman oinarrituta egin du izen bereko kanta, eta Berunek Egia bat esateagatik poema bilakatu du abesti.
Mirotz taldeak Gaztearen ahoa sortu du Arestiren Gizonaren ahoa poematik, eta Nakarrek hainbat poema labur nahastuta ondu du Harrizko herri hau kanta. Mateo Zikutak eta Caliek, berriz, Arestiren poemetatik eta bizitzatik ateratako erreferentziarekin sortu dute rap kanta bat, eta Malakiasek Forjarien kanta ezagunaren bertsioa egin du.
«Izugarri interesgarria da Euskal Herriko hainbat musikari gaztek bestelako zentzu bat ematea Arestiren hitzei»
KATTALIN BARCENAJ Martina taldeko kidea
Diskoa modu «kolektiboan» ondu du Ekidak. Musika lantzeko eta ekoizteko «eredu» baten alde egin nahi izan du horrela, eta errentagarritasunak gidatutako musika industriaren alternatiba proposatu. Musikari eta taldeek nork beren kantak egin badituzte ere, grabaketarekin eta ekoizpenarekin lotutako prozesu dena «modu kolektiboan eta independentean» egin dute.
