Irlandako Zinema eta Telebista Akademiak (IFTA) gaelikoz filmatutako An Bronntanas (Oparia) lana hautatu du Oscar sarietan herrialdea ordezkatzeko. Aine Moriarty IFTAko presidente eragileak adierazi duenez, horrek aukera emango du "Irlandako berezko hizkuntza ikus-entzule gehiagorengana irits dadin". Orain, nazioarte osotik bidalitako hautagaien artean bost film aukeratu beharko ditu Estatu Batuetako Zinemako Arte eta Zientzien Akademiak (AMPAS), Oscarretan ingelesa ez den hizkuntza batean egindako filmik onenaren sarirako lehia daitezen.
Tom Collinsek zuzendu du An Bronntanas, eta droga trafikoan nahastutako salbamendu txalupa bateko tripulazioaren istorioa kontatzen du. 2008an ere aukeratu zuen IFTAk gaelikoz filmatutako pelikula bat, Kings (Erregeak), Tom Collinsek berak zuzendua. Orduko film horrek, ordea, ingelesezko pasarte batzuk ere bazituen.