Literatura

Gaixotasunaren «iluntasuna arintzeko» hausnarketak bildu ditu Maixa Zugastik bere liburu berrian

'Itzala. Gaixotasun baten kronika' plazaratu du idazleak, Erein argitaletxearekin. Egileak bere gaixotasunarekin dituen gorabeherak azaltzen ditu. Lan «hibrido» bat da, saiakera eta egunerokoa uztartzen baititu.

Maixa Zugasti, liburua eskuan duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maixa Zugasti, liburua eskuan duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko maiatzaren 2a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maixa Zugasti idazlea (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) bolada zail batean zegoen Uxue Razkin Erein argitaletxeko editoreak proposamen bat egin zionean: «Inoiz pentsatu al duzu gaixotasunaren inguruan idaztea?». Izan ere, gaixo dago Zugasti, eta, proposamen hori jaso aurretik, «pentsatzea, irakurtzea eta idaztea» eragotzi zion gaixotasun horrek. Hasieran, ez zion jaramon handirik egin ideiari, baina egunak igaro ahala, pixkanaka, gero eta indar handiagoa hartu zuen. Hala, bere hausnarketak eta bizipenak bilduz joan da poliki-poliki, eta holaxe osatu du Itzala. Gaixotasun baten kronika liburua. Erein argitaletxearekin eman du argitara. «Ez dut inoiz neure buruaz hain zuzenean idatzi», aitortu du egileak.

Hiru ataletan banatuta daude liburuko testuak, eta, bertan, egunerokoa eta saiakera uztartu ditu idazleak. Egunak hiru zati izaten ditu Zugastirentzat, eta hortik dator testuak hala antolatzeko erabakia. «Egun bakoitzak bizitzaren itxura asko erakusten dizkit». Eguneroko gisa idatzita dauden pasarteak, hain zuzen, jazotako ordu zehatzarekin daude adierazita. Adibidez, honela adierazi du bere goiz bat: «11:30. Goiza hala moduz igaro dut. Nire gorputza ezin zen mahai-lanaren aurrean eserita egon, eta mugitu egin naiz. Urte hauetan ikasitakoak ez du hutsik egin: ondoren, oinazeari ezina gailendu zaio, eta aldapa malkartsuagoa bihurtu da».

«Nire gaixotasunak bizia kentzen dit. Hausnarketak iluntasuna arindu nahian dabiltza, ondo bizi ahal izateko»

MAIXA ZUGASTI Idazlea

Bere egoeraren inguruan gogoeta egitea nolabaiteko aringarria izan da Zugastirentzat: «Nire gaixotasunak bizia kentzen dit. Hausnarketak iluntasuna arindu nahian dabiltza, ondo bizi ahal izateko».

Hainbat binomio baliatu ditu liburuko testuei tituluak jartzeko: Osasuna/Gaixotasuna, Baietza/Ezetza, Lana/Atsedena... Eta, tartean, honelaxe dio Barrea/Negarra izeneko ataleko lehen esaldiak: «Begiak itsasargi bihurtzen dituen olatua da alaitasuna». Razkinen ustetan, idazlearen ikuspuntuak «beste aspektu batera» eramaten ditu gogoetak.

«Ez nuen helbururik»

Liburua idazteko gonbidapena jaso berritan, zenbait galdera izan zituen idazleak buruan: «Zergatik? Norentzat? Zertarako?». Hala ere, «izuak ez zuen gonbidapena ezabatu», gaineratu duenez. 2023an hasi zuen idazketa prozesua, eta hainbat gauza ikasi ditu bidean; tartean, idazteko modu berriak. Kontatu duenez, gaixotasunak bide berri bat ireki zion, jabetu baitzen ezingo zuela ohiko saiakera bat idatzi. Eta, zehazki, horretaz jabetzeak lagundu dio gehien Itzala ontzeko bidean: «Ez nuen helbururik, ezta idatzi beharreko liburu baten ardurarik ere».

Gaixoaldirik gogorrenetan egonda ere, Zugastik beti izan du helduleku bat: literatura. «Bizitzen lagundu dit», gaineratu du. Gertatu zaion horren inguruan idazteak lagundu dio, nahiz eta ez duen terapia gisa hartu. Azaldu duenez, bizi izandako gauza batzuez gogoratzeko liburura jo behar izan du, ahaztuta baitauzka haietako hainbat. Literaturarako zaletasun horretatik tiraka, idazleak beste egile batzuen testuak tartekatu ditu bere idazkien artean. Haietako bat izan da Rosalia de Castro (Santiago de Compostela, Galizia, 1837-Padron, Galizia, 1885); Zugastik adierazi du berarentzat «berezia» dela. Bere bizialdiaren parte batean gaixo egon zen De Castro, eta bere lanetan ere islatu zituen gaixotasunak utzitako arrastoak. Idazlearen poema bat aurki daiteke liburuan —Itzal beltza—, Inazio Mujikak itzulia. 

Ez-fikziozko lan bat da Itzala, eta horrelako liburuak editatzeak dakarren erronkaz mintzatu da Razkin: «Esperientzia bat nola islatu asmatu behar da. Zer esaten den, eta nola, hori da garrantzitsuena». Halako testuetan, bizipen pertsonaletatik abiatzen direnez, ezer ezin dela asmatu gehitu du editoreak, baina erabaki batzuk hartu behar izaten direla. Bide horretan Zugastik egindako lana goraipatu du: «Ezin da ezer asmatu, baina imajinazioari eragin behar zaio. Maixak ahots propioa eraiki du; soila eta ausarta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA