Lanbro artean, errepide bihurgunetsuan behera doa Martin Larralde, 1976ko Cadillac Eldorado gorri batean. Ardiz betetako larre baten parean, Guardia Zibilaren kontrolarekin egin du topo bat-batean. Bere zorte txarra madarikatu du; maletategian daramana atzemanez gero, ez zaio erraza izango azalpenak ematea. Hala abiatzen da Gaizka Arostegiren Jai-Alai nobela, eta, thriller baten erritmoan, bihurgunez bihurgune segituko du aurrera istorioak. Zesta-puntaren munduan girotu du idazleak eleberria, eta «thriller erromantiko» gisa definitu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, «misterioa, krimenak, dirua, mendekua eta maitasun istorioak» uztartzen dituen neurrian.
Arostegik hainbat liburu ondu ditu urteotan —bai euskaraz bai gazteleraz, hala haur eta gazteentzat nola helduentzat—, eta ETBn urteak daramatza argiztatzaile lanetan kirol emankizunetan, besteak beste pilota partidetan. Azaldu duenez, aspalditik zuen buruan zesta-puntaren munduan girotutako nobela bat idaztea. Orain bi urte inguru, istripu larri bat eduki zuen, eta hilabete batzuetan etxetik atera ezinik geratu zen; orduan erabaki zuen bazela garaia aspaldiko ideia hori gauzatzeko. «Asko gozatu nuen eleberri hau idazten; tunel ilun eta luze bat zeharkatzen lagundu zidan, eta eskertuta nago».
Zergatik zesta-punta? Arostegi: «Nik uste dut kirol soil bat baino gehiago dela gurean». Garai batean mundu osoan zabaldu zela —«Herrialde askotan jokatu izan da: AEBetan, Mexikon, Kuban, Argentinan, Egipton, Filipinetan, Txinan... hori bada zerbait»—, gero gainbehera etorri zitzaiola eta orain berriro pizten ari dela ekarri du gogora. «Mende bateko baino gehiagoko ibilbidea du mundu osoan, eta nolabait gure enbaxadorea izan da». Haren ustez, gainera, zesta-puntak badu beste kirol batzuek ez duten «nolabaiteko epika bat, mitologia bat, xarma berezi bat. Bizitzaren metafora bat bezala har daiteke: baditu grina, pasioa, borroka, dirua, sexua, arrakasta, porrota... Eta osagai horiekin, idazle batentzat zirraragarria da liburu bat idaztea».
«Zesta-punta bizitzaren metafora bat bezala har daiteke: baditu grina, pasioa, borroka, dirua, sexua, arrakasta, porrota... Eta osagai horiekin, idazle batentzat zirraragarria da liburu bat idaztea»
GAIZKA AROSTEGI Idazlea
Behin idazteko erabakia hartuta, lehen-lehenik pertsonaiak lantzeari ekin zion. «Martin Larralde protagonista berez etorri zen, Cadillac gorri bat gidatzen, Trabakuako aldapatik behera». Hain zuzen, azaldu du bera irudi batetik abiatu ohi dela idaztera, eta auto gorriarena izan zuela lehen bulkada pertsonaia eta istorioa bera sortzeko. Protagonista ez dela «gizon erraza» zehaztu du segidan: «Orbaindu gabeko zauriak dauzka, bai bihotzean, bai gorputzean. Ameriketan arazotan sartu da, eta, urte mordo bat Euskal Herrira etorri gabe egon eta gero, sorlekura itzultzea erabaki du. Ihesi dator, bai, baina oso zaila da nork bere buruarengandik ihes egitea, eta hemen aurkituko ditu etsai zaharrak, maitale zaharrak ere bai, eta iraganeko mamuak». Haren izena, berriz, Ruper Ordorikaren izen bereko abestiari «keinu bat» egin nahian hautatu zuen.
Larralde marraztu ondotik, kontakizunari «erliebea eta indarra» emango zioten beste pertsonaia batzuk ere sortu zituen, hala nola Martinek maite duen emakumea (Karmele), haren semea, protagonistaren etsai amorratua den pilotaria, zesta-puntaren urrezko garaiak bizi izandako pilotari zaharra, Miamin (Florida, AEB) legez kanpoko apustuak kontrolatzen dituen gangsterra, hark bidalitako sikarioa... «Pertsonaia kuadrilla horrekin guztiarekin osatu dut liburua».
Florida eta Lea-Artibai
Bi garai eta bi agertoki nagusi tartekatzen dira istorioan, eta bi hariak elkarri txirikordatuta osatu du Aristegik narrazioan. Batetik, 1970eko Miami: «Garai hura gailurra izan zen, urrezko urteak izan ziren puntistentzat», azaldu du idazleak. «Aktore famatu asko joaten ziren frontoietara, eta pilotariekin ibiltzen ziren noizbehinka. Herrialde batzuetan, batez ere Kuban eta Filipinetan, puntistak benetako idoloak izan ziren, Hollywoodeko aktoreak bezain izar distiratsuak». Istorioaren beste zatia Euskal Herrian gertatzen da, 1980ko hamarkada amaieran. Idazleak gogora ekarri du garai hartan AEBetan zebiltzan pilotariek greba bat egin zutela, eta eragin handia izan zuela zesta-puntaren geroan. «Bestalde, garai hura bete-betean bizi izan nuen, eta Euskal Herrian bizi zen giro nahasia islatu nahi nuen: bortxakeria, krisialdi ekonomikoa, heroinaren izurritea...».
«Herrialde batzuetan, batez ere Kuban eta Filipinetan, puntistak benetako idoloak izan ziren, Hollywoodeko aktoreak bezain izar distiratsuak»
GAIZKA AROSTEGI Idazlea
Bada alde nabarmen bat bi agertokien artean: Miami xehetasun handiz deskribatu du idazleak, eta, aldiz, Euskal Herriko leku zehatzik ez du aipatu. Arostegik irriz aitortu du ez dela sekula Miamin izan, baina gaineratu du ahalik eta ondoena dokumentatu zela gaiari eta garaiari buruz —Juan Ignacio Zulaika puntista ohiaren laguntza eskertu du, besteak beste—. «Noski, hau nobela bat da, eta fikzioak ematen dituen lizentzia batzuk ere hartu ditut». Euskal Herrian garatzen den hariari dagokionez, Aristegik azaldu du berak Lea-Artibaiko eskualdea (Bizkaia) eta inguru hartako zenbait herri izan zituela buruan, baina testuan ez izendatzea erabaki zuela. «Nahiago izan dut bakoitzak nahi duena imajina dezala».