Itzulera bat du abiapuntua. Protagonista, emakume edadetu bat. Eta, idazlea, Gaizka Sarasola Iartzabal (Lesaka, Nafarroa, 1974). Horra hor Mug(H)erri I izeneko literatur proiektua aurkezteko hiru gako. Eta hona hemen notizia freskoena: hura izan da garaile (H)ilbeltza bekaren IX. aldian. «Aho batez erabaki genuen irabazlea zeinek behar zuen», aitortu du, hain zuzen, Garazi Arrula Ruizek, Txalaparta argitaletxeko ordezkari gisa epaile zereginetan arituak. Harexek, Baztango alkate Fernando Anbustegik eta VII. (H)ilbeltza bekaren irabazle Joxan Oizek osatu dute epaimahaia, zehazki, eta askotariko bertuteak aitortu dizkiote sarituari: esaterako, «landa eremuaren erradiografia egin bai baina klixeetatik ihes egin izana». Orain, lana garatzea dagokio Sarasolari. Guztira 6.000 euroko laguntza jasoko du ordainetan, eta azken emaitza Txalaparta argitaletxeak plazaratuko du, 2026ko abenduan.
Sarasolak aitorpen batekin ekin dio Elizondon (Nafarroa) eginiko agerraldiari: Mug(H)erri I lana bi «amuri» heldu izanaren ondorio da. Lehenbiziko amua Udalbiltzak antolatzen duen Geuretik Sortuak kultur bekan azaldu zitzaion parera —2023ko aldian parte hartu zuen—, eta bigarrena, hori bai, (H)ilbeltza bekari esker azaldu zitzaion bidera. Izan ere, Geuretik Sortuak bekaren gerizpean idatzitako narrazio bateko pertsonaientzako «zerbait luzeagoa» idazteko grinak ekarri zuen nobela beltz bat idazten hasteko bulkada.
Jatorrira atzera egin ez ezik, proiektuaren edukiari buruzko hainbat arrasto ere aletu ditu Sarasolak ondotik. Sinopsi bat eman du, gutxi asko. Azaldu duenez, urte luzez atzerrian lanean izan den adineko emakume bat du protagonista istorioak. «Emakumea atzerrian izan da erretiroa hartu duen arte, eta, erretiratutakoan, sortetxera itzuli da, eta ikusi du gaztaroko mundu hori desagertzen ari dela», egin du aurrerapena.
Beltz baina fantastiko
Haren azalpenetan, berandu gabe azaleratu dira genero beltzarekin lotu ohi diren elementuen aipamenak. «Badaude hezurrak, badaude heriotzak, badago argitu beharreko trama bat», ohartarazi du idazleak. Ordea, halakoak noiz, non eta nola azaltzen diren, biziki inportantea da haren istorioaren garapenean. Herritarren artean «aztoramendua» nagusi den une batean piztuko baita auzia: nazioarteko artista sonatu bat eskultura bat inauguratzekoa da herriko lurretan, eta, prestaketa lanean ari direnean, hain justu ere orduan, hezur batzuk aterako dira bistara.
Nobela beltzaren uretan murgilduta, beste askotariko gaiak jorratzeko asmotan da Sarasola. «Mendialdeko herri baten erradiografia gisako bat izanen da. Espero dut lortuko dudala askotariko gatazka, arazo eta erronkak lantzea. Bai norbanakoenak, pertsonen arteko harremanekin ikustekoa dutenak, eta baita komunitatearenak ere, kolektiboagoak». Gainera, Arrulak nabarmendu duenez, arteari buruzko gogoetak ere atzeman daitezke Sarasolak aurkeztutako testuan.
«Mendialdeko herri baten erradiografia gisako bat izanen da. Espero dut lortuko dudala askotariko gatazka, arazo eta erronkak lantzea»
GAIZKA SARASOLA(H)ilbeltza bekaren irabazlea
Sarasolaren hizkera poetikoa ere nabarmendu dute epaileek, baita errealismora mugatu ez izana ere. Fantasiazko ukituak eta errealismo magikoarekin ikustekoa dutenak ere baditu haren lanak, eta, hark aitortu duenez, hautu horrek zenbait zalantza piztu zizkion lana aurkeztekotan zelarik. Dioenez, duda zuen epaimahaiak nola hartuko ote zuen bide horretan sakondu izana. Orain, bistan da, ez da damurik.
Orain arte, batik bat musikagintzan eta antzerkigintzan egindako urratsengatik izan da ezagun Sarasola. Txistularia da, musika irakaslea, eta baita Mairu antzerki tailerraren sortzaileetako bat ere. Hain zuzen, talde horren zenbait obratarako musika eta testuak sortu ditu, eta Erleak, satorrak, beleak eta Zerrakuretan liburuetan jasota eman ditu ondotik argitara. Musika arloan ere zenbait lan kaleratu ditu.
Baztango (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren asteari loturikoa da (H)ilbeltza beka. 2019an antolatu zuten estreinako aldiz, euskarazko eleberri beltza sustatzeko asmoz, eta, txandaka, sormen lanak eta itzulpen lanak saritzen dituzte.
Ikusi gehiago
Hain zuzen, bekaren VIII. aldia Amaia Apalauza Ollo itzultzaileak irabazi zuen, eta Nuria Cadenes idazlearen Guillem eleberria euskaratzen ari da horregatik. Aurtengo abenduan plazaratuko du liburu hori Txalapartak, eta 2026ko urtarrilean aurkeztuko dute; euskal nobela beltzaren astean, ohi denez.