1615. urtea da. Iraila. Eta aurreko urteetan bezala, uda amaierako egunak baliatzen ari dira Euskal Herritik Islandiara iritsitako ontziak balea arrantzan aritzeko. Bi urte lehenago, beste euskal arrantzale batzuei lanerako lizentzia saldu zien Ari Magnusson magistratuak, baina, 1615eko irailean, harremanak ez dira horren adiskidantzazkoak. Gertakariak ezagunak dira. Ekaitz batek hiru euskal baleontzi txikitu zituen orduan, eta bertako biztanle batzuek tripulazioko 30etik gora kide hil zituzten. Orain dela bi urte Reykjaviken antolatutako biltzar batek balio izan zuen islandiarren eta euskal herritarren berradiskidetze sinboliko baterako.
Gertaera historiko horiek ditu abiapuntu Ariasman. Euskal baleazaleen istorio bat, Tapio Koivukarik (Rauma, Finlandia, 1959) idatzi, eta orain Ereinek, Maia Ossa Rissanenen itzulpenarekin, argitaratu duen eleberriak. Eleberria, eta ez saiakera, nobelagiletzat baitauka bere burua Koivukarik. «Nobelak berak askatasuna ematen dit», azaldu zuen, atzo, Donostian, itzultzailearekin batera eginiko agerraldian. Eta nobelaren teknikak erabili ditu horretarako, nahiz eta jakin liburuan kontatzen den istorio nagusia ezaguna dela. «Gertakari nagusiak errealak dira, edo behintzat iturriek kontatu bezala jaso ditut; baina pertsonaien arteko harremanak asmatuak dira».
Gartzia izeneko 15 urteko pertsonaia bat azaltzen da liburuan, upelgilearen laguntzaile gaztea dena. «Islandiako iturriek jasotzen dute triskantza hartatik mutil gazte batek ihes egitea lortu zuela. Izan liteke bera. Baina liburuan harreman bat dauka neska islandiar batekin, eta hori erabat asmatuta dago». Hala ere, XVII. mendean euskal arrantzaleen eta islandiarren artean harremanak izatea ez litzateke arraroa Koivukariren iritziz, eta umorez gaineratu du: «Islandian, jende gehiena garaia eta ilehoria da, baina mendebaldeko fiordoetan badira familia pare bat sendoagoak, ile beltzekoak... ».
Finlandiarra izanik ere, 1980ko hamarkadan Islandian bizi izan zen Koivukari, eta han izan zuen sarraskiaren berri. «Harrituta gelditu nintzen, eta erabaki nuen nobela batean jaso behar zela istorio hura». Idazleak hainbat iturri erabili ditu informazioa jasotzeko: Jon Guomundssonek 1615-1616-ko neguan idatzitako Espainiarren hondoratzearen eta sarraskiaren egiazko kontakizuna, Guomundssonek berak zahartzaroan idatzitako olerki bilduma autobiografikoa, Ari Magnussonek emandako epaiak eta Jon Olafsson apaizak idatzitako kronika errimatua. «Garaiko eskuizkribuak egon ez balira, istorio hau ez genuen ezagutuko». Irakurketez gain, 2010ean Euskal Herrira eginiko bidaia ere lagungarri izan zuen, «euskal kultura eta hizkuntza» ezagutu zituelako, eta baita euskal arrantzaleen inguruko hainbat argitalpen ere. Bi ikuspegiak, islandiarrena eta euskaldunena, jaso ditu eleberrian.
Liburuan aipatzen diren arazoek gaurkotasun handia dutela uste du egileak. «Egoera tamalgarri asko daude: gaizki-ulertuak, ezberdinarekiko beldurra...».
Lehendabizi, gazteentzat
Maia Ossa Rissanenek euskara eta finlandiera ditu bi ama hizkuntzak, eta aurretik ere bazuen eleberri beraren «gazteentzako bertsio laburtu bat» euskaratua, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eskatua (Islandia 1615 : Gartziaren istorioa). «Uste baino erronka handiagoa izan da, liburua detailez josia dagoelako». XVII. mendean egurrezko baleontziak nolakoak ziren azaltzen du liburuak, eta garaiari lotutako kontzeptu «arrotz» ugari ere badira. «Tapio oso idazle ona izan da zentzu horretan. Asko lagundu dit».
Orain dela urte eta erdi, gertaera historiko berberetan oinarritutako beste eleberri bat argitaratu zuen Iñaki Petxarromanek: Kearen fiordoa (Elkar).
Gaizki bukatu zen espedizioa
Tapio Koivukari finlandiarrak eleberri bihurtu du 1615. urtean Islandian hil zituzten baleazaleen istorioa. Maia Ossak euskaratu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu