Galdera existentzialei tiraka, 'Hondoaz galde' elkarrizketa liburua ondu dute Jon Sarasuak eta Mikel Artolak

Biderako Sintesiak izeneko liburu sailaren lehen zenbakia da, eta «zerbitzu modura» ulertzen dute egileek haren ekarria: «Gaian sakontzeko eta kokatzen laguntzeko sintesi mintzatua da». Artola da elkarrizketatzailea, eta Sarasua elkarrizketatua.

Jon Sarasua eta Mikel Artola, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Jon Sarasua eta Mikel Artola, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2026ko apirilaren 16a
15:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nonahi eta noiznahi gizakiak bere buruari egiten dizkion galderarik sakonenak zein diren. Zergatik duten gizon-emakumeek kanpora eta barrura begira jartzen dituen harago-min bat. Zenbateraino hauteman daitekeen errealitatea. Errealitate iheskor horrek ba ote duen hondo, iturri, taupada, asmo edo norabiderik. Horiei eta gisako beste galdera anitzi erantzutea izan da Jon Sarasuaren (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966) eta Mikel Artolaren (Alegia, Gipuzkoa, 1989) langintza Elkar argitaletxearekin plazaratutako Hondoaz galde elkarrizketa liburuan. Biderako sintesiak saileko lehen liburukia da, eta gauzak ondo bidean, datorren urtean helduko da bigarrena.

Arlo existentziala, espiritualitatea eta erlijioa. Horra hor liburuaren ardatza esplikatzeko hiru gakoak. Alde horretatik, «haize kontra» datorren liburu bat dela azaldu du Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenek, «ez direlako pil-pilean dauden gaiak». Sarasuak arrazoia eman dio Mendigureni: «Egia da euskal gizartean eta bereziki euskal komunitatean badagoela gai honekiko aurreiritzi, oldar eta distortsioen geruza lodi samar bat, eta geruza horren gainean jarduteak disonantzia kognitiboa sortuko du batzuentzat». Alabaina, gauza ontzat jo du: «Ikasleei esaten diet askotan: aurretik dituzun usteak mugitzen ari zaizkizula sentitzen duzunean, beharbada hor ari zara ikasten».

Nolanahi dela ere, Sarasuak naturaltzat jo du berak gai horri heltzea: «Dimentsio hori kontuan hartuz edo galdera horren baitan bizitzeko hautua egina dut nire bizitzan». Horretarako gakoak eman ditu: «Apaltasun handiz miatu behar dira jakinduria eta tradizio desberdinak, biderik egin nahi bada. Asko ireki, ikasi eta elikatu behar da».

«Egia da euskal gizartean eta bereziki euskal komunitatean badagoela gai honekiko aurreiritzi, oldar eta distortsioen geruza lodi samar bat, eta geruza horren gainean jarduteak disonantzia kognitiboa sortuko du batzuentzat»

JON SARASUA Pentsalaria

Ardatz horren ingurubiran, hortaz, gaiak aletzen eta kontzeptuak argitzen joan dira egileak hamazazpi ataletan barrena. Zenbait adibide aipatu ditu Sarasuak: «Esate baterako, zertaz ari garen erlijioak aipatzen ditugunean edo espiritualitateari heltzen diogunean; zer diren tradizio espiritualak edo pentsamendu ibai handi horiek; edota zer gertatzen ari den gaur egun munduan espiritualtasunarekin». Euskal gizartean gai horrekiko zer gertatu den ere hartu dute hizpide, baita zientziaren eta espiritualitatearen arteko loturak eta talkak aipatu ere.

Sintesia zerbitzu gisa

Liburuan egindako sintesiak esangura handia du Sarasuarentzat: «Urte askoan pilatutako materialak, irakurketak, gogoeta propioak eta bestelakoak sintetizatzeko modu bat izan da elkarrizketa liburu hau». Hain zuzen, «zerbitzu» moduan ulertzen dute bi egileek sintesia, Sarasuak nabarmendu duenez: «Erreferentzia asko eman litezke baina gure hautuko zerbitzua izan da sintesi mintzatua ematea jendeari, gai batzuetan kokatzen laguntzeko». Halaber, beti ezinbestekotzat jo dute gai konplexu eta sakonak modu ulergarri batera ekartzea ere, eta elkarrizketa formatuak horretarako erraztasuna eman izana goraipatu dute.

Rolak ongi banatuta daude liburu osoan: Artola izan da elkarrizketatzailea, eta Sarasua elkarrizketatua. Ez dira, baina, elkarrizketa ohikoak izan bien artekoak. Artola: «Ikaslea irakasleari bezala joan natzaio galdezka, baina hura ere ni bezain ikasle. Bereziak izan dira solasak, ez zelako 'nik badakit eta zuk ez', baina ezta pareko diren biren arteko elkarrizketak ere».

Badu bestelako berezitasunik Sarasua solaskide izateak, elkarrizketatzailearen ustez. Izan ere, Sarasuaren pentsamendua «beti mugimenduan» ari dela uste du Artolak: «Gizarte mugimenduetan asko ibilia da, eta horretarako pentsatzen du, baita handik ere. Era berean, haren pentsamendua bera aldaketa etengabean ari da».

«Jakin-min handiko bi pertsona elkartu gara, eta hamabost urtean etengabeko elkarrizketan aritu gara. Beharbada, gu bion artean hogei urteko aldea izateak aberastu du lana»

JON SARASUA Pentsalaria

Argitara eman baino lehen bide luzea egin du liburuak. Artolak duela hamabost urte ezagutu zuen Sarasua. Altzon (Gipuzkoa) izan zen, Olentzerotan jakin-minez hitzaldi zikloan. Sarasuaren pentsamenduari heltzeko interes handia zuen ordurako Artolak, besteak beste, irakurriak zizkiolako Hondoaz galde liburura ekarritako gaiari buruzkoak. «Autoeratzeaz, ekonomiaz, orokorrean gizarte gaiez ere hitz egin zuen Altzoko hitzaldian, eta jakin-min handia sortzen zuen; izan ere, haren idatzietan ematen ziren pista batzuk, baina hari muturrak gelditzen ziren tiratu gabe». Sarasuak Ertzeko zatiak (Argia, 2010) plazaratu zuenean, hari elkarrizketa egiteko parada sortu zitzaion Artolari, eta handik aurrerako guztiak Hondoaz galde liburura iristeko urratsak izan dira.

Halaxe laburbildu du Sarasuak liburuaren prozesua: «Jakin-min handiko bi pertsona elkartu gara, eta hamabost urtean etengabeko elkarrizketan aritu gara. Jakin-min partekatu horretatik sortu da liburua, eta, beharbada, gu bion artean hogei urteko aldea izateak aberastu du lana».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA