Gutxik igarriko duzuen greba bat hasi zen atzo. Espainiako arte galeriek ateak itxita izango dituzte otsailaren 2tik 7ra. Galeriek astebeteko greba sinbolikoa egingo dute Espainiako Gobernuari artelanen gaineko balio erantsiaren gaineko zerga %21etik jaisteko eskatzeko. Izan ere, gaur egun artelanen salmenta luxuzko produktuen kopuruaren bidez zergapetzen da espainiar estatuan.
Badira urte batzuk liburuen BEZa %4ra jaitsi zela eta horren antzeko kopurua eskatzen da beste kultur produktuentzat ere. Hain zuzen, %5 da Frantziaren menpe dauden Euskal Herriko lurraldeetan ordaintzen dena artelanak erostearen truke. Bada aldea 5etik 21era.
Ez dakit BEZaren jaitsierak salmentak ugarituko dituen, baina zerbait deigarria dago gaur egun erabiltzen den kopuru horretan. Luxuzko produktuen gaineko zerga erabiltzen da arteari aplikatzeko eta horrek Espainian arteari ematen zaion balio sinboliko bereziarekin harremana izan dezake. Artea luxuzko produktua al da? Edo aldiz, kulturaren barruan txeratzen den eginkizuna?
Ezin konparatu hilero diru kopuru txiki bat artelan bat erosteko gordetzen duen zale amorratua edo dirutza ordaintzeko prest dagoen aberats edo banku handia; gaia ez da hain erraza
Galdera horrekin batera dator beste bat: arte produkzioa eta arte salmenta parekatu al daitezke? Denok dakigu ez dela gauza bera artistak bere lana saltzea edo kultura garaikideak sortu zuen marchand-aren tartekariak egiten dituen negozioak. Arte galeriek rol bikoitza dute kultur sistemaren barruan: kultur eragileak dira, eta, aldi berean, negozioa egiten dute. Sektorean, gainera, gorabehera handiak daude; badira galeria txiki eta xumeak (mugitzen duten diru kopuruaren arabera), eta inbertsio fondoen enpresetatik hurbilago dauden multinazionalak. Gauza bera gertatzen da erosleekin. Ezin da konparatu hilero diru kopuru txiki bat artelan bat erosteko gordetzen duen zale amorratua edo dirutza ordaintzeko prest dagoen aberats edo banku handia. Horregatik gaia ez da hain erraza. Artelanen salmenta luxuzko merkatuaren barruan egoten da batzuetan, baina kultur produktuen merkatuan ere kokatu dezakegu.
Gaiaren harira, badira urte batzuk artearen merkatuaren aldaketen inguruan idatzi nuela. Badirudi galeria txikien garaia pasatu dela. Erosle gutxi daude eta gutxi saltzen da. Sarritan gertatzen den bezala, arrain handiak dira txikiak jaten dituztenak eta arte munduan ere galeria handiek diru kopuru izugarriak maneiatzen dituzte erosle handiekin negozioak eginez. Azken horiek BEZa %21ean edo %5ean egon berdin-berdin jarraituko dute dirutza irabazten eta gastatzen. Muturraren beste aldean daudenek, aldiz, asko igarriko dute BEZaren jaitsiera, gehiago erosi ahal izango dute eta artelanetara errazago iritsiko dira.