Haizea Barcenilla
Begiz

Galiziako Aralar

2025eko azaroaren 18a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteotan, Google irekitzean ateratzen zaidan berri sorta zoro horren artean, Amaia nafar abeslariak Aralar izenaz ondu duen abestiari buruzko hainbat agertu zaizkit, Estatuko komunikabideek emandakoak gehienbat. Hasierakoetan, abeslariak Aralarren akelarre batera gonbidatzen gintuela esaten zen —ez baita kasualitatea urriaren 30ean atera izana singlea, hain gurea den Halloween festaren bezperan—, eta bere erroetara itzultzen zela horrela, «euskal-nafar musika popularrera», alegia. Berrietan txertatzen zen bideoaren irudiek erakarri zuten nire arreta: adimen artifizialaz egindakoak ziren argiki, eta Amaia ugariz osatutako danbor jole konpainia oso bat erakusten zuten, Asturias edo Galiziako jantzi tradizionalen berrinterpretazio garaikidea izan zitezkeen arropak soinean. Jakin-minak jota, bideoa ireki nuen.

Gaian aditua izan gabe ere, nahiko ziur esan dezaket Aralar abestian eta bideoan ez dagoela euskal folkloretik ezer. Une batean, Amaia txistu bat jotzen agertzen da irudian, baina esango nuke entzuten dena txilibitu bat dela. Melodiak ez du euskal musika tradizionalarekin loturari,k eta une batean aditzen den oihua ez da irrintzia. Jantziek ez dituzte Euskal Herrikoak gogoratzen (burukoek batez ere), eta sentitzen dut, baina ez, Basajaun izena aipatzeak ez du euskal folklore mailara iristeko puntu nahikorik ematen.

Gainera, eta hemen dator hurrengo puntu interesgarria, abestiari sarrera ematen dion perkusioak asko gogorarazten du Galizian ohikoa den pandereteiren musika. Eta asko gogorarazten du... hori delako. Egun batzuk beranduago beste berri sorta bat agertu zitzaidan —bideoa ikustean elikatu nuen algoritmoaren erruz—, Amaiaren kantak Aliboria taldearen Caroi abestia plagiatu zuela esanez. Biak entzutea besterik ez dago argi ikusteko Aralar-en oinarri erritmiko bera duela Caroi-k.

Hortik aurrera, nire harridura etengabe hazten joan da. Hasteko, Amaiaren «folklorearen berrasmatzea» aldarrikatzen zuten komunikabide zein influencer horiei guztiei ez zaielako deigarria egin euskal erroak omen zituen abesti bat galiziar erritmoen kopia izatea. Horretaz gain, kuriosoa delako folkloreari «ohorea» eta «bizi berri bat» eman nahi omen dion artista pop batek folk musika egiten duen talde bati abesti bat lapurtuz egin izana hori.

Argi dago Estatuko komunikabideentzat iparraldeko folklorea dena dela bat eta bakarra, Galizia eta Euskal Herria, Asturias eta Aragoi —Amaiarentzat bezala, bestalde—. Eta interesgarria bilakatzen dela soilik mainstream-eko artista batek deskubritzen duenean. Hau guztia tristea da, baina ez berria. Berria da, ordea, folklorearen ustiaketa eta banalizazioa pop taldeen eskuetan ohiko kontua bihurtzen ari dela, eta ez dudala horren inguruko gogoeta sakon askorik ikusi gurean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.