Bizitza lasaia eta arrunta dute Raynor eta Moth Winn senar-emazteek Galesko euren etxaldean. Makina bat urte daramatzate elkarrekin, eta seme bat ere badute. Euren etxaldea landetxe gisa alokatzen dute; Raynor arduratzen da gehienbat horretaz. Halako batean, lagun batek inbertsio bat egitera animatu du bikotea, baina inbertsioa gaizki atera zaie —iruzur bat da—, eta etxea galdu dute. Hori aski ez, eta Mothi gaixotasun neurodegeneratibo bat diagnostikatu diote; hilabete gutxi geratzen zaizkio.
«Ez dugu galtzeko ezer», horixe dio bikoteak. Hori dela eta, bidaia bati ekitea erabakiko dute: Ingalaterrako hego-mendebaldeko kostaldean oinez, mila kilometrotik gorako ibilbidea. The Salt Path (Gatzaren bidea) deitzen zaio bide horri —hortik izenburua—. Diru gutxi dutenez, bidaiak iraun bitartean kanpin denda batean lo egitea erabakitzen dute.
Raynor Winnek 2018an kaleratu zuen The Salt Path liburu autobiografikoa, bidaia hori bai berarentzat eta bai bere senarrarentzat zer izan zen azaltzeko asmoz. Kritikak harrera ona egin zion liburuari, eta hainbat sari jaso zituen. Gaur egun etxegabetzeen aurkako aktibista gisa aritzen da egilea.
Marianne Elliott zuzendariak liburu hori hartu du abiapuntu gisa izen bereko filma ontzeko —haren lehenengo filma da—. Gillian Andersonek jokatzen du Raynor Winnen rola, eta Jason Isaacsek, berriz, Moth Winnena. James Lancek, Hermione Norrisek, Denis Lillek eta Rebecca Inesonek osatzen dute, besteak beste, parte hartzen duten aktoreen zerrenda. 2024ko Torontoko zinemaldian estreinatu zen lana.Â
Bizi osoa antzerkian
Elliott pertsona garrantzitsua da Erresuma Batuko antzerkigintzan. Hasieran antzerkiaren mundutik apur bat aldentzea erabaki bazuen ere, aitaren —Michael Elliott antzerki zuzendaria— Elliott Royal Exchange konpainian hasi zuen ibilbidea. Manchesterren egin zuen lan gero, eta 2002an Londreseko Royal Court Theatreko zuzendari laguntzaile izendatu zuten. 2006tik 2017ra Royal National Theatren aritu zen, eta 2016an konpainia propioa sortu zuen Chris Harper ekoizlearekin batera.
Hainbat lan ezagunetan hartu du parte zuzendariak, eta sari entzutetsuak jasotakoa da; esaterako, lau Tony sari: 2011n, 2015ean, 2018an eta 2022an. Besteak beste, antzerki obra bateko zuzendari onenaren eta musikal baten zuzendari onenaren garaikurrak eman dizkiote. Bi Laurence Oliver sari ere erdietsi ditu.
Pandemia garaian erabaki zuen eszenatokietarako lanak ez ezik pantaila handirako lanak zuzentzen hasi nahi zuela.Â
'the salt path'
Zuzendaria: Marianne Elliott. Gidoia: Rebecca Lenkiewicz. Aktoreak: Gillian Anderson, Jason Isaacs, James Lance, Hermione Norris. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 115 minutu. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hegoaldean.
Beste estreinaldi batzuk:

'FURCY, NÉ LIBRE'
Zuzendaria: Abd Al Malik. Gidoia: Etienne Comar, Mohammed Aissaoul. Aktoreak: Makita Samba, Romain Duris. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 108 minutu.
1817an gertatzen da filmeko kontakizuna, Frantziako kolonia den Reunion irlan. Ama hil ostean, Furcy izeneko esklaboak libre dela baieztatu dezaketen hainbat dokumentu topatuko ditu. Hori dela eta, abolizioaren aldeko fiskal baten laguntzarekin bere eskubideak onartzeko bide judizial luze eta neketsuari ekingo dio. Filma benetako istorio batean oinarrituta dago.
'la misteriosa mirada del flamenco'
Zuzendaria: Diego Cespedes. Gidoia: Diego Cespedes. Aktoreak: Tamara Cortes, Matias Catalan, Paula Dinamarca, Claudia Cabezas. Herrialdea: Txile. Iraupena: 110 minutu.
Txileko basamortuan bizi den familia bati gaixotasun berri bat zabaldu izana egozten diote. Ustez, begiradaren bitartez kutsatzen da, eta gizon bat beste gizon batekin maitemintzen denean sortzen. Lidiak, familiako kiderik gazteenak, jendeak gaixotasunari dion mespretxuari aurre egin beharko dio.
'heldin'
Zuzendaria: Petra Biodina Volpe. Gidoia: Petra Biodina Volpe. Aktoreak: Leonie Benesch, Sonja Riessen, Urs Bihlerr, Margerita Schoch. Herrialdea: Suitza. Iraupena: 92 minutu.
Floria Suitzako ospitale bateko erizaina da. Gustuko du bere lana, eta beti dago edonori laguntzeko prest. Gaueko txanda egitera doan batean, iritsi orduko itxarongela jendez lepo dagoela ikusi du; langile gutxi daude jende guztia artatzeko. Dena ondo doa Floriak akats larri bat egiten duen arte. Akats horrek erlojuaren kontra lan egitera behartuko du lantalde osoa.