EUSKADIKO ORKESTRA
Programa ausarta aurkeztu digu Euskadiko Orkestrak, ez obrak entzuteko zailak edo urrunak izateagatik, baizik eta errepertorioan ez direlako oso ohikoak, eta horietako bi orkestrak lehen aldiz interpretatuak direlako. Gauzak horrela, eta ezezagunarekiko izan genezakeen mesfidantza gaindituz, Euskadiko Orkestraren ehunduretan sakontzeko kontzertua izan zen.
Joseph Haydnek 1787an estreinatutako 83. sinfonia entzun zen lehenik, garai hartako musikari berezkoa zaion orkestra-osaketa murritzagoa errespetatuz. Parisko Logia Olinpikoaren Kontzertua musika elkarteak egin zion enkargua, beste bost sinfoniekin batera, eta horrek aukera eman zion Esterhazyren gorterako bere lanaren eskakizunek partzialki mugatzen zioten irudimen musikala zabaltzeko. Fin aritu zen orkestra, xehetasunak tentuz jorratuz eta hasieratik doi eta zuzena agertu zen Muellnerren batutapean tarte dinamiko oparoa eskainiz.
Haydnen klasizismo dotoretik urrun, bitxikeria eta harribitxia da Fazil Sayren Never Give Up biolontxerako kontzertua. Kulturen arteko harremanak esplizituki babestu dituen konpositore turkiarra da, eta kontzertu honek lotura zuzena dauka anaitasun hori izu eta ziurgabetasun garaietan gauzatzeko beharrarekin. 2017an idatzi zion Camille Thomas biolontxelista belgikarrari, Europak eta Turkiak jasan zituzten atentatu terroristen garaian. Jatorri askotariko musika hizkuntzak erabiltzen ditu, elkarrizketa politikorako duen grinaren isla. Biolontxeloaren melodia zabalak irekitzen du kontzertua, Thomasek sentiberatasun handiz agertutakoa. Izua – Elegia mugimendua dator gero, suzko armen soinuaren bortizkeria taulara dakarrena, dena eten eta espazio osoa okupatuz, eta besaulkietan baten bat ikaratuz. Sayrentzat, baina, bada itxaropenik, eta hirugarren mugimenduan txoriak eta natura datozkigu, etenik gabe oraingoan, dantza kutsua duen zatia tenkatuz eta deseginez. Pau Casalsen Txorien kantua hunkigarria Sayk sortutako giroari bis gisa batu zitzaion.
Amaitzeko, nazionalsozialismoarekin izandako harreman anbiguoengatik urte askoz errepertoriotik kanpo geratu zen Franz Schmidten 4. sinfonia, harmonian eta orkestraren erabileran kanpoan ezer uzten ez duena. Aipatzekoak adagioan biolontxeloa, baita tronpak eta tronpetak ere, hasierako deiaren errepikapenean. Munduko hondakinen artean, edertasuna.