Garcia Ramos familiako kideek koadroz beteta oroitzen dituzte etxeko paretak. Gurasoak artezale amorratuak zituzten: artelanak saldu eta erosten aritzen ziren, bilduma pertsonala pixkanaka handitu nahian. Bada, orain, familia horretako hiru kidek erabaki dute bildumako piezetako batzuk dohaintzan ematea Donostiako San Telmo museoari. Guztira bederatzi euskal artistaren hamar lan dira museoari eman dizkiotenak. Errestauratu egingo dituzte guztiak, museoko erakusketetan erakutsi aurretik.
Hain zuzen, Julian Tellaetxeren, Aurelio Artetaren, Ricardo Barojaren, Alejandro Tapiaren —haren bi lan daude—, Eduardo Txillidaren, Ascensio Martiarenaren, Carlos Marcoteren, Gaspar Montesen eta Arturo Acebalen obrak dira. Zortzi olio pintura, akuaforte bat, eta zeramikazko eskultura bat.
Txikitik hasitako bilduma
Jose Inazio Garcia Ramosek hartu du hitza dohaintzaren berri emateko agerraldian, bere familiaren izenean. Han izan dira haren bi anaiak ere. Familia betidanik egon da artearen munduari lotuta. Ama, Julita Ramos, abeslaria zen, eta Donostiako Orfeoian aritzen zen, besteak beste. Aita, Pepe Garcia, publizista zen ofizioz, Garcia Iñiguez agentziaren sortzailea. 1960ko hamarkadan piztu zitzaion bildumagintzarako zaletasuna. Pixkanaka, inguruko lagunei esker, ikasiz joan zen, eta artelanak erosten eta saltzen hasi. «Koadro batzuk ez zituzten saldu nahi izaten, eta etxean geratzen ziren. Amak behin baino gehiagotan esaten zion aitari: 'Pepe, koadro hori ez da etxetik irtengo'», kontatu du Garcia Ramosek.
«Koadro batzuk ez zituzten saldu nahi izaten, etxean geratzen ziren. Amak behin baino gehiagotan esaten zion aitari: 'Pepe, koadro hori ez da etxetik irtengo'»
JOSE INAZIO GARCIA RAMOSÂ Dohaintza egin duen familiako kidea
Urteen poderioz, bilduma handituz joan zen, eta familiako kideak hiltzen hasi zirenean, gainerakoak konturatu ziren makina bat obra zeuzkatela pilatuta. Gurasoak hiltzean, lau anaiek erabaki zuten Eresbili —musikaren euskal artxiboari— amaren hainbat objektu ematea, musikari lotuak denak. 2019an, berriz, anaietako bat zendu zen, eta dohaintzaren ideia mahai gainean jarri zuten berriro. Bildumako lanetako batzuk elkarren artean banatu zituzten, baina gainerakoekin ez zekiten zer egin. Orduan erabaki zuten San Telmo museora jotzea. Iazko urtearen hasieran hasi ziren negoziatzen, eta uztailean sinatu zuten akordioa. Geratzen ziren lanetatik hamar emango zizkioten museoari.
Harremana artistekin
Ricardo Barojaren Oskozko maistra (1938) da obra horietako bat. Garcia Ramosek aipatu duenez, haren aitak Isidro Fagoaga tenorrari erosi zion koadroa. Ibilbide «laburra» izan du lanak; izan ere, Fagoagaren eskuetatik familiaren bildumara pasatu zen, eta handik San Telmora. «Gutxi erakutsi da», esan du Sotok. 36ko gerran tropa frankistek emakume bat atxilotzen dutenekoa jasotzen du lanak. Maria Camino Oskotz da emakume hori; Gorzako (Nafarroa) maistra zen, eta alderdi komunistako kide izateagatik atxilotu zuten, 1936ko uztailaren 31n. Handik egun batzuetara erail zuten.
Sagarren biltzea koadroa (1913-1915), berriz, Aurelio Arteta artistaren bozeto bat da, Euskal baserritarrak frutekin eta barazkiekin lanerako egina, zehazki. Hainbat koadroz osatutako pintura zikloa izan zen hura, eta Barakaldoko (Bizkaia) Munoa jauregiko jantokirako sortu zuen. Gaur egun, Bilboko Arte Ederren museoan dago ikusgai. Julian Tellaetxeren Portuan deskargatzen (1931) lana ere aurki daiteke donazioen artean. Artistak etengabe islatzen zuen itsasoarekin zuen harremana bere sorkuntzetan, eta hala egin zuen obra horretan ere. Garcia Ramos familiak Bizkaiko Bankuari utzi zion behin koadro hori, erakusketa batean erabil zezan.
Alejandro Tapiaren bi lan ere badaude: Aiako bista eta Fabrika (1965). Olio pinturak dira biak ala biak. 1965ean eskuratu zituen Pepe Garciak, artistak San Telmo museoan egin zuen erakusketa batean. Hamar lan erosi zizkion guztira. Arturo Acebalena da dohaintzako eskultura bakarra: Emakume burua (1967). Garciak harreman pertsonala izan zuen artistarekin, eta eskultura hori eskuratzearekin batera hitz batzuk ere idatzi zizkion, lana dedikatzeko. Lan hori erakutsi du semeak aurkezpenean.

Garcia Ramosek azkenerako utzi du bereziena iruditzen zaion lana. Gurasoen erretratu bat da, Gure gurasoak (1995) izenekoa. «Polita iruditzen zitzaigun bildumaren sortzaileen koadroa dohaintzaren parte izatea», azaldu du. 1995ean urrezko ezteiak egin zituen bikoteak, eta, hori dela eta, semeek erretratu bat oparitzea erabaki zuten. Carlos Marcote izan zen hura egiteko arduraduna.
Ana Lopez Donostiako Udaleko Gobernantza Irekiko eta Kulturako zinegotzi delegatuak bereziki nabarmendu nahi izan du dohaintzak zer-nolako garrantzia duen museoarentzat: «Ezingo dugu inoiz behar adina eskertu», esan du familiako kideei begiratuz. Bestalde, Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak dohaintzen inguruko informazioa eman du. Haren esanetan, museoaren bildumaren parte handi bat osatzen dute bide horretatik jasotako lanek, baina azken berrogei urteetan gutxitu egin dira. «Hau donazio berezia da, ez baita erraza hamar lan kolpean jasotzea», gaineratu du.