Akaso liburu bat idatzi ordez partidu politiko bat fundatu izan banu, handik gutxira beste batzuek egin zuten bezala, orain beste historia bat kontatzen ariko nintzen, baina hara, gauzak gertatu ziren bezala gertatu ziren, nahiz eta dagoeneko zalantza handiak dauzkadan aurreko hori dena ere benetan gertatu ote zen.
Edozein kasutan, niri politikaren asuntua ez zait inoiz gehiegi interesatu eta igual hori da hemen problema bakarra: batzuek ez didatela barkatu idatzi nuena idaztea, beraiek idatzi nahi zutena zelako; eta besteek ez didatela barkatu, sinpleki, idaztea bera, benetako gauzak egiten ibili beharrean. Jendearen bizitza hobetzen duten gauzak, zeintzuek normalean inplikatzen duten berrogei mila ordu pasatzea inora iritsiko ez diren asanbladetan eztabaidatzen, azken momentuan dena aurrez adostuta zeukaten lau listok pastela jan dezaten, «asanbladak erabaki du» esanez.
Ulertzen dut.
Dena den, hori guztia gertatzeke zegoen Yelleren Razzmatazzeko kontzertura joan nintzen egunean. Barkatu, baina historia honetan dena pixka bat nahasita dago.
Kontzertu bat.
Hori da, bai. Yelle: elektropop frantsesaren azken garrasia diskoa aurkeztera zetorren Bartzelonara, sintetizadore, perkusio eta ahotsen konbinaketa oso happy bat, Depeche Moderen atximur bat zeukana, baina suizidatzeko gogorik eman gabe.
Hori inportantea da.
Orduan ez zitzaidan iruditzen. Orduan marka hauek ere ez neuzkan besoetan, noski.
Arratsaldean, hauts magikoak patrikan, sei garagardo lata eta H&M-n 24,95ean erosi nuen alkandora hawaiiar batekin aurkeztu nintzen Carloren etxean —benetan izena zuen Carlo? Orain nahiko sinestezina egiten zait. Tira, Bartzelonan beti dabil italiarren bat bueltaka, hori egia da, baina ez deskartatu italiarra zela esaten zuen Sarrià ko tipo bat izatea. Carlos. Edo Carles. Fartsanteak, fartsante hutsak denak—.
Tipoa enpeinatu zen irakurri behar zidala bere poema kilometriko bat —ia ordubete pasa zuen deklamatzen—, eta nik, interes handidun aurpegia jartzen nuen bitartean, ekarritako garagardo batzuk hustu nituen. Eta bukatu zuenean —meraviglioso Carlo, il nuovo Dante! uste dut esan niola: infernuak ezin zuen handik oso urrun egon—, kalera atera aurretik beste hogei minutu behar izan zituenez bere ile kizkurren fardoari itxura interesgarria emateko, hozkailuan zeukan ginebra botilaren erdia ere zintzurrean behera jaitsi nuen.
Gerokoa lausoagoa da, beraz, ezinbestean. Aretoan sartu ginenetik gertatu zena, alegia. Kubata bana ondo espeziatuta. Kontzertua atzerapenarekin hasi zelako kexatu zen baten bat —agian ni izan nintzen—, eta lehenbiziko kantatik lehertu zen festaren erdian berehala galdu nuen Carlo, Carlos, Carles. Ez nuen berriz ikusi.
Berdin zitzaidan. Berdin zitzaidan dena. Edo justu kontrakoa: dena inporta zitzaidan, taupa, taupa, taupaka sentitzen nuen gorputza eta munduarekin geroz eta adiskidetuago sentitzen nintzen, Julie Budetek mikrofonotik ebakitzen zuen silaba bakoitzarekin konektatuago energia unibertsalari, biltzen ninduen oihartzunari, alfaren eta omegaren artean dagoen guztiari, dantzan, dantzan, dantzan, mendearen, munduaren, jendearen kume, saltoka, izerditan, oihuka, je veux goûter à tout, je veux goûter, goûûûter! bum-bum-bum-bum-bum-bum les animaux dansent dans le Safari Disco Club, besoak zerura, gorputzak gorputzen kontra, zentrifugagailu humano bat eta haragi guztiaren artean, izaki argi haren distira, beste gorputzak baino presenteago zegoen errefrakzio bat.
Ezpainekin baino lehen egin zidan irribarre aurpegiko oreztekin, masail hori ukitu nahi nuen, masail hori dastatu nahi nuen, masail horien ondoan dantzatzen hasi nintzen, gertu, gertuago, gertuegi? Ez, ez, irribarre egiten zuen, zer diot irribarre: hura konstelazio oso bat zen niretzat bakarrik eta esker onez eta maitasunez beterik sentitzen nintzen sorkari harekin koreografia partekatzeagatik. Gu bakarrik gelditu ginen aretoan, Bartzelonan, planetan.
Zerbait esan zidan eta nik zerbait erantzun. Ez dakit hizkuntza bera hitz egiten ari ginen ere.
Eskutik tiraka eta barrez atera ninduen handik. Taxi bat. Sabai altuko pisu bat. Ez genuen larrua jo, hori kanitxeek egiten dute. Gurea zerbait sakonagoa izan zen, delikatuagoa eta, aldi berean bortitzagoa. Espirituala. Sublimea.
Zenbat denbora horrela sentitu gabe.
Ez naiz inoiz gehiago horrela sentituko.
Hori orain ez da inportantea. Jarraitu.
Metroan etxera bueltatzen ari nintzenerako pertzepzio sentsorialak bere onera etortzen ari zitzaizkidan. Hori uste nuen. Urriak 21. Telefonoan begiratzen hasi nintzen ea Facebooken erantzunen bat ba ote neukan fitxa batzuk bota nizkion neska baten aldetik —Artearen Historia ikasten zuen, Elia uste dut zela—, eta ikusi nuen jende guztia gauza berari buruz ari zela. Gauza nahiko sinestezin bat, inoiz gertatuko ez zela zirudiena.
ETAk armak utzi omen zituen. Betirako.
Hori ere ez da inportantea.
Bai, bada. Bueno, segun: Alexengatik ari naiz hau dena gogora ekartzen.
'Garondoan'
Idazlea: Gorka Bereziartua. Generoa: Nobela. Argitaletxea: Alberdania.