Kultura

'Garuna(k)' erakusketa ireki du San Telmo museoak

Arteak, zientziak eta filosofiak garuna historian zehar nola begiratu duten eta egungo galderak zein puntutan dauden aztertzen du erakusketak. 150 pieza inguruk osatzen dute, eta Londresen, Bartzelonan eta Madrilen erakutsi ostean heldu da Donostiara.

(ID_13430207) 'Garuna(k)' erakusketa
'Garuna(k)' erakusketan bildutako zenbait obra, Donostiako San Telmo museoan. GOTZON ARANBURU / FOKU
itziar ugarte irizar
Euskal Herria
2023ko abenduaren 15a
17:40
Entzun

Nola jakin dezakegu norbait kontziente dagoen? Zergatik amesten dugu? Zer da errealitatea? Garuna ordenagailu baten antzekoa da? Gorputzik gabeko garunak existitu al daitezke? Garuna den misterioaren inguruan orbitatzen duten galderetako batzuk dira horiek, orain, Donostiako San Telmo museoaren hormetan irakur daitezkeenak. Itzulingururik gabe, Garuna(k) izena jarri diote zabaldu berri duten erakusketa berriari, eta horixe da proposamenaren ardatza: garunaren anatomian eta hark martxan jartzen dituen alor askotarikoetan barneratzea: kontzientzian, pentsamendu abstraktuan, hizkuntzan, irudimenean, ametsetan eta memorian, besteak beste. Apirilaren 14ra arte bisitatu ahalko da.

CCCB Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroarekin, Telefonica fundazioarekin eta Londresko Wellcome Collection erakundearekin lankidetzan antolatu du erakusketa San Telmok, eta bi izan dira komisarioak: Ricard Sole fisikari eta biologoa eta Emily Sargent Wellcome Collectioneko erakusketen zuzendaria. Biek gogorarazi dute garunak «jakin-min eta lilura» nabarmena piztu izan duela beti, eta arlo askotatik begiratu izan zaiola horregatik. Ezagutzen den «objekturik konplexuena» eta zientzian nola filosofian eztabaida gehien piztu duena dela aipatu dute, eta erakusketak ibilbide horren berri eman nahi du, batik bat, irekita jarraitzen duten galderetan eginda azpimarra. Sargent: «Nortzuk garen, nondik gatozen eta, beharbada, baita norantz goazen ere ulertzea bilatzen duen erakusketa bat da».

Denera, 150 pieza inguru bildu dituzte, eta material historikoa, zientifikoa eta artistikoa modu gurutzatuan antolatu dute ibilbide guztian zehar. Artxiboko dokumentuak dira asko, baina horiekin batera jarri dituzte hainbat artista garaikideren lanak ere; tartean, Alex Guevara, Ivana Franke, Greg Dune, Xavi Bou eta Joan Fontcubertarenak. Erakusketarekin batera jarduera programa oparoa ere antolatu dute, eta, hain justu, Fontcubertak emango dio hasiera bihar, Fotografía: de la alquimia a los algoritmos (Argazkia: alkimiatik algoritmoetara) hitzaldiarekin, 12:00etan.

Askotariko adimenak

Madrilen, Bartzelonan eta Londresen erakutsi ostean heldu da erakusketa Donostiara —zehazki, Londresen 2012an eta 2016an egindako bi erakusketa dira aurrekariak—, eta kasu guztietan izan dituzten bisitari kopuru handiengatik poza agertu dute arduradunek. Soleren ustean, ez da kasualitatea harrera hori, gaiaren gaineko kezka eta ikerketa oso bizi dagoen unea baita hau harentzat: «Prestaketekin ari ginela, Herzog zinemagilea etorri zitzaigun, eta ume txiki baten pare esan zigun, giza garuna ulertzeari dagokionez, parekorik ez duen une bat bizitzen ari zen sentsazioa zuela. Batzuetan abusatu egiten da eraldaketa aldi bat bizitzen ari izatearen ideiaz, baina hala da: gauzak oso abiada bizian ari dira gertatzen». Aipatu du, esaterako, lanean hasi zirenean GPT Txata «etorkizunean» zegoen zerbait zela, eta orain guztiz baldintzatu duela «posible denaren eta ez denaren» arteko eztabaida.

«Erakusketaren kontakizunaren parte inportante bat mundu ez-zientifikotik dator, eta definizio arrazionalaren begirada osatzen du horrek». RICARD SOLEKomisarioa

Obrak, oro har, hiru espazio handitan banatu dituzte: Materia, Adimena eta Beste adimen batzuk. Aurrenekoan, garuna kanpotik begiratu dute, haren formari eta bestelako ezaugarri fisikoei erreparatuz, eta hor kokatu dituzte, besteak beste, Santiago Ramon y Cajalen marrazki histologikoak ere. Erakusketaren aurkezpenean maiz aipatu dute haren izena antolatzaileek, eta «neuronaren aurkitzailea» izateaz harago, «artista» ere izan zela nabarmendu du Solek.

Bigarren eremuan, Adimena deiturikoan, garunaren funtzioetan jarri dute arreta, eta neurozientziari —«hain bogan dagoen alorra»— bertan egin diote lekua, baita hizkuntzari eta oroimenari lotutako galderei ere. Horretarako, zientziak historikoki garunari begiratzeko baliatu dituen moduak arakatzeaz gain —askotariko metaforak, tartean—, diziplina artistikoetatik egin diren hurbilpenak ere ugari dira, eta erakusketaren «balio erantsietako bat» da hori komisarioentzat: «Erakusketaren kontakizunaren parte inportante bat mundu ez-zientifikotik dator, eta definizio arrazionalaren begirada osatzen du horrek».

(ID_13430200) Joan Fontcuberta eta Pilar Rosadoren 'Déjà-vu' (2022) lana.
(ID_13430200) Joan Fontcuberta eta Pilar Rosadoren 'Déjà-vu' (2022) lana.

Azkenengo atala da denetan «heterogeneoena», gizakiarenak ez diren adimenei erreparatzen diena. Olagarroen eta inurrien gaineko informazioa jaso dute bertan, esaterako, eta baita azken boladan zeresan handia ematen ari den adimen artifizialaren inguruko lanak ere. Tartean, Fontcuertaren eta Pilar Rosadoren Déjà-vu (2022) pieza, Stylegan2 algoritmoaren bidez sortutako irudien instalazioa. Sole: «Erakusketan hedatu ditugun galderak narratiba bat eraikitzen dute, eta ez da hainbeste zenbat aurreratu dugun ikusteko, zenbat ulertzera iritsi garen, ezpada zenbat gelditzen den oraindik ebazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.