Gasezko harietatik egindako artea

Sahatsa Jauregik lau artelan sortu ditu 'Flux Cored' erakusketa osatzeko. Material sendoak nahiz ahulak erabili ditu artistak bere eskultura «performatiboetan». Irailaren 3ra bitarte egongo da zabalik Artium museoan

Sahatsa Jauregiren Flux Cored erakusketak lau artelan biltzen ditu, eta irailera bitarte egongo da ikusgai Gasteizko Artium museoan. RAUL BOGAJO / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Esaldi bakar batean laburbildu du Sahatsa Jauregik Gasteizko Aurtium museoarentzat espresuki sortu duen erakusketa: «Zeozer egituratua da nire eskultura; oso gogorra den zerbaitek oso ahula eta delikatua den beste zerbait jaso dezake». Izan ere, ezaugarri horiek biltzen dituzten materialak eskulturara «itzultzea» izan da artistaren helburuetako bat, eta hala egin du Flux Cored erakusketa osatzen duten artelanetan. Berarentzat estimulagarriak izan diren momentuak irudikatzen dituzte guztiek, eta irailaren 3ra bitarte izango dira ikusgai museoko areto txiki batean.

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren barnean hartu ditu Artiumek Jauregiren obrak, museoak duela gutxi eskuratu eta bere funtsetara bildu dituen lanak ezagutaraztea baitu horrek helburu. «Erosi zidaten pieza bat nola babestu eta testuinguruan nola jarri izan zen erakusketaren abiapuntua», azaldu du artistak. Lehen pieza hori, ordea, kanpo uztea erabaki zuten Jauregik beste artelan batzuk aurkeztu zituenean. «Egon behar zuten piezek osatzen dute erakusketa».

Aurten sortutako lanak dira lautik hiru; bestea, Gurpil zulatua: burua, duela urte batzuk sortu zuen. Halere, erakusketaren norabidearekin bat egiten duela uste du. Lau artelanek, hain zuzen, antzeko ezaugarriak dituzte; erabili dituen materialak eta horiek lantzeko prozesua dira agerikoenak. «Metala lantzeko, soldadura mota berezi bat erabili nuen; gasa gordetzen duen hari metaliko bat ipinita funtzionatzen duen soldagailu batekin egin nituen guztiak». Aitortu du soldadura mota hori askotan erabiltzen dela berez.

Milimetro bat baino gutxiagoko diametro batean gasa sartzea «metaforikoa» iruditu zitzaion, baina are gehiago harritu zuten haria deskribatzeko topatu zituen definizioak. «Nukleo urgarriko haria da, gasezko bihotza duena». Edota: «Bi elementu urgarrik bat egiten dutenean, oxidoa babesteko atmosfera sortzen dute». Haren ustez, adiera horiek bere eskultura ere definitzen zuten.

Gorputza da Jauregiren eskulturetan nabaria diren beste elementuetako bat. «Gorputzarekin harreman estua izan dut prozesu guztian, baina neure buruari galdetu nahi izan nion: 'Zein gorputz da zuk erabiltzen duzun hori?'». Berehala aurkitu zuen erantzuna; askotariko teknologiez osatuta dauden gorputzak gustatzen zaizkio. «Nire lanek zerikusia dute gorputz prostetiko, estrogeniko eta testosteronikoekin».

Lagunarteko sorkuntza

Eskultura laua izeneko mugimenduarekin identifika daitezke Jauregiren lanak. Clara Lopez Menendez komisario eta artistak, hain zuzen, Jauregiren obraren inguruan hausnartu eta, horretan oinarrituta, hainbat definizio garatu ditu. Lehena: «Eskultura laua edozein gizakiren bulkada sortzaile, konbinatorio, ludiko eta estetikotik sortzen dena da; batzuetan, ezta hori ere».

Pertsonen mugimenduarekin jolastu du, kasu honetan, Jauregik bere artelanak egiteko. «Egiten dudan eskultura oso performatiboa eta koreografikoa da». Lanetako bi, Izarrak eta Jone, Leire, Hodei, Nora eta Ni, lagunak arte estudiora gonbidatu eta gero gorpuztu zituen. Koreografia batzuk interpretatzeko eskatu zien orduan artistak, bai eta mugimendu batzuk egiteko ere, eta horrek inspiratu egin zuen.

Izarrak-en kasuan, esaterako, argi zuen lana osatzen duten tangei izar itxura eman nahi ziela, baina euste puntuak falta zitzaizkion. «Sei beso behar nituen izarren punta bakoitzeko, eta nire lagun bakoitzaren bi besoak erabili nituen azkenean». Eskultura ez da errealitatean gertatu zenaren irudikapen fidela, baina bada Jauregik jaso zituen estimuluen errepresentazio bat. Hala, izarraren puntak eusten dituzten eskuek dagozkien azazkalen formak dituzte atzamar puntetan.

Beso hirukote bakoitzeko bi tanga erabili zituen, bata zutik eta bestea alderantziz jarrita. Tanga guztiak desberdinak dira, eta batzuek koloretako borlak dituzte apaingarri moduan. «Horrelako zerbait egin nahi nuela banekien, baina ez nola». Azkenean, osaturik geratu da eskultura eta azpiko arropetako batean devil —ingelesez, deabru— hitza ere irakur daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.