Gasteizko Amarika erakusketa aretoa itxiko dute

Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du «gogoeta sakon» baten ondorioz hartu duela erabakia. Ekintzailetza eta berrikuntza zentro bilakatuko dute.

Irene Zottolaren 'Icaro' erakusketa paratu zuten iazko maiatzean Amarika aretoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Irene Zottolaren 'Icaro' erakusketa paratu zuten iazko maiatzean Amarika aretoan. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2025eko urtarrilaren 29a
15:18
Entzun

Arabako Foru Aldundiak itxi egingo du Gasteizko Amarika aretoa, bertan ekintzailetza eta berrikuntza zentro bat sortzeko. Diputazioak ohar bidez eman du erabakiaren berri. «Arabako Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroa errealitate bihurtzetik gero eta gertuago dago. Amarika aretoa da gune horretarako aukeratu den espazioa, eta bertan bilduko dira ekintzailetza zerbitzuak», azaldu du.

Amarika aretoaren itxiera «asko hausnartutako» erabakia izan da, Ana Del Val Kultura diputatuaren esanetan, eta jada jakinarazi diete kultur eragileei. Azken urteotan, nabarmen gutxitu dira aretoan antolatutako erakusketak, eta, diputatuaren ustez, ez zaio behar besteko zukua atera espazio horri. Hargatik, aurrerantzean emango zaion erabilera berriarekin, gune hori indartu eta berpiztu nahi du aldundiak: «Proiektu berria ekintzaileei zuzenduta egongo da, horietako asko gazteak. Zalantzarik gabe, espazioaren bilakaera naturala da, lurraldea aberastuko duena, baita erdigunea eta plaza bera ere». Hala, hemendik aurrera bertan «balio erantsi handiko zerbitzuak» eman nahi dizkiete enpresa berrikuntzako prozesuetan aurrera egin nahi duten pertsonei eta taldeei.

Amarika aretoak hartu ohi dituen erakusketak Arabako foru sareko museoek, Artiumek eta Ignacio Aldecoa kultur etxeak hartuko dituzte, Del Valek azpimarratu duenez.

Argazkigintzarako erreferentziazko gunea

Sorkuntza garaikiderako eta argazkigintzarako erreferentziazko espazio bat izan da Amarika aretoa Gasteizen. 1994an ireki zituen ateak, eta denbora honetan guztian erakusketa eta kultur jarduera ugariren topagune izan da. Hasieran, argazkigintza garaikiderako erakusleiho izateko sortu zen, artista hasiberriek zein ezagunek euren lanak erakusteko era izan zezaten. Urteen joan-etorriarekin, argazkigintzak erdigunean jarraitu du, baina bestelako diziplina garaikideei ere ateak zabaldu dizkiete. Azken urteotan, baina, oso erakusketa gutxi antolatu dituzte bertan, eta bisitari kopurua ere apala izan da —iaz 7.500 bisitari izan zituen; 2023. urtean, 4.100 inguru, eta 2022. urtean, 4.400—.

Hainbat erakusketaren lekuko izan da aretoa. 2024ko azaroan, adibidez, Ellas, nosotras erakusketa hartu zuen: sortzaileek denboran zehar izan duten zeregina aldarrikatzen zuen proiektu kolektibo bat, emakumeek artean duten iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa oinarri hartuta. Erakusketez gain, Amarika aretoa jaialdi eta ekitaldi nabarmen zenbaiten egoitza izan da. 2024ko urrian, esaterako, Araba Click antolatu zuten, Euskal Herriko eta nazioarteko argazkilarien lanekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.