Iñaki Añua

Gasteizko Jazzaldiaren izarreztatzailea

Iñaki Añua 40 urtez izan da Gasteizko Jazzaldiaren zuzendari, eta haren eskutik etorri dira izar asko jaialdira. 79 urte zituen, eta COVID-19ak jota hil da asteartean, hain justu, aurtengo jazzaldiaren lehen egunean.

aitor biain
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Gasteizko Jazzaldiaren zuzendari eta sustatzaile nagusia izan zen 40 urtez. Jazzaren zale amorratua zen Iñaki Añua (Gasteiz, 1943-2022), eta horri esker iritsi zen jaialdiaren arduradun izatera. Haren eskutik etorri dira nazioarteko musikari asko Gasteizera, eta haren ekimenez lortu zuen jaialdiak Europako onenen artean kokatzea. 79 urte zituen, eta COVID-19ak jota hil da asteartean, hain justu, Gasteizko Jazzaldiaren 45. aldia hasi zen egunean.

1970eko hamarkadaren amaieran hartu zuen jaialdiaren zuzendaritza Añuak, eta, 2018an, erretiroa hartu berritan gogoratu zion pasadizoa BERRIAri. Kargu nola hartu zien antolatzaileei: «Esan nien jaialdiak zuen aurrekontuarekin gai nintzela talde hobeagoak ekartzeko». Esan eta egin. Kontzertu bat antolatu zuen Printzipal antzokian, bete, eta hura izan zen lehen urratsa.

Musikari handiak ekarri ditu Gasteizera gerora: Ella Fitzgerald, Eric Clapton, Wynton Marsalis, Paco de Lucia, Jaco Pastorius, Bebo eta Chucho Valdes, Jamie Cullum, Noa, Cecile McLorin... Hark, ordea, Miles Davis zuen guztietan kutunena. «Nire musikaririk gustukoena izan da betidanik». Aretha Franklin ere bai, baina ez zuen hura Gasteizera ekartzea lortu. «Hitzartuta genuen, bai, urte batean etorriko zela; kontratu bat ere sinatu genuen, baina ezeztatu egin zuen. Hegan egiteko beldurra zuen, eta ez nuen Europara ekartzerik lortu».

2018an utzi zuen jaialdia. Txalo artean agurtu zuten ikusleek azken kontzertuan. «Ikusle izan nahiko nukeen jaialdia egiten ahalegindu naiz beti», adierazi zuen orduan.

Gasteizko Urrezko Domina jaso zuen 2006an, hiria nazioartean kokatzeagatik egindako lanagatik, eta asko izan dira beren dolumina azaldu duten ordezkari publikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.