Irailaren 25etik abenduaren 13ra egingo dute Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 51. aldia. Antolatzaileek 34 ikuskizun bildu dituzte aurtengo programazioan, 47 emanalditan banatuta, baina horietatik zazpi baino ez dira euskaraz izango. Hau da, eskaintzaren %20 inguru. Jaialdian nazioarteko proposamenak eta tokiko sorkuntzak uztartuko dituzte, baina euskarazko piezek leku apala izango dute.
Programatutako lan guztietatik sei antzezlan eta zazpi dantza ikuskizun estreinakoz taularatuko dituzte. Agertokietatik igaroko dira, besteak beste, Carolina Yuste, Eneko Sagardoi, Jose Maria Pou, Carlos Hipolito, Malena Alterio, Javier Camara, Israel Elejalde eta Natalia Huarte aktoreak.
Euskarazko ikuskizunei dagokienez, berriz, honako hauek taularatuko dituzte: Sidari (Xake Produkzioak), Tretatxu (Anita Maravillas konpainia) eta Rigor mortis (Txalo Produkzioak eta Tanttaka konpainia).
Horietaz gain, Off Lokal ataleko lau proposamenak ere euskaraz izango dira. Musaloka Kolektiboak Nora, noraezean lana oholtzaratuko du. Pieza horretan, etxegabetze baten aurrean auzoan geratzea erabaki duen adineko emakume baten eguneroko erresistentzia jarriko dute erdigunean. Keinu bidezko antzerkia baliatuta, etxebizitza eskubidearen inguruko gogoeta proposatuko du. Makur Antzerkiak Etorkizunak dio Fuego! obra emango du, arrakasta lortzeko azken aukera izango duen protagonistaren porrotaren eta itxaropenaren arteko jokoan oinarrituta.
Bestalde, Parasite Kolektiboak II. koadroa: Ukondoa taularatuko du. 2024an Baratza aretoaren kanpoaldean izandako polizia operazio batean du sorburua piezak, eta gorputzen, boterearen eta indarkeriaren arteko harremana jorratuko du. Horrekin batera, haurrentzako Xocolat euskarazko lana egingo du Teatro Paraisok.Â
Programazio nagusiaz gain, jaialdiak bitartekaritzako eta programazio hedatuko zortzi jarduera ere antolatu ditu, publikoaren eta sortzaileen arteko topaketak, irakurtzeko antzerkia eta hainbat egitasmo parte-hartzaile tartean. Programazio guztia antzerki jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke. Sarrerak irailaren 16an jarriko dituzte salgai.