Getxophoto

Gatazkak izango ditu ardatz aurtengo Getxophoto jaialdiak

Getxophoto nazioarteko jaialdiaren hamabigarren edizioa egingo dute irailaren 5etik 30era. Nazioarteko hogei artistaren lanak izango dira ikusgai.

Imanol Landa eta Jokin Aspuru Getxophoto aurkezten. JUNE PRIETO/FOKU
Uxue Gutierrez Lorenzo
2018ko uztailaren 17a
13:36
Entzun

Aurtengo gaia gatazkaren ondorengo aldia izango da, gatazkaren zentzu zabalenean. Gatazka ekologikoak, teknologikoak, giza gatazkak eta gatazka politikoak irudikatzen dituzten lanak egongo dira ikusgai Getxoko kaleetan (Bizkaia). Monica Allende jaialdiko komisarioak gatazkaren esanahiari buruzko hausnarketa bultzatu nahi du horrela; eta, bide batez, elkarrizketa berreraikitzeko gonbita zabaldu. Imanol Landa Getxoko alkateak eta Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak aurkeztu dute aurtengo edizioa, Algortako Portu Zaharreko plazan egindako prentsaurrekoan.

Begihandi kolektiboak hartu du Getxophoto antolatzeko ardura, urtero proposaturiko gaiaren inguruan “gogoeta bultzatzeko asmoz”. Horrela, ikusizko kontakizunei eta erakusketa espazioei buruzko “aurreiritzien mugak zabaltzea” dute helburu. Hogei erakusketa, bi laborategi esperimental, hitzaldiak, instalazioak... askotarikoa eskaintza eskainiko du aurtengoak, XXI. mendeko iruditegia argazkilaritza tradizionaletik askoz harago dagoen seinale.

Hemengo zein kanpoko artistak jasoko ditu Getxophotoren hamabigarrenak. Tartean, Clemente Bernad iruindarraren erakusketa eta Markel Redondo bilbotarraren dron bidezko iruditegia.

Trantsizioa

Joan den urtean ireki zuen trantsizio garai berria jaialdiak. Alde batetik, izena aldatu zioten: argazkilaritza jaialdia irudiaren jaialdi bilakatu zen, ikusizko adiera eta bitarteko berriei tokia egiteko asmoz. Bestalde, Monica Allende komisarioak “trantsizioaren trilogia” aurkeztu zuen, hiru edizioko iraupena izango duela iragarriz. 2017an bere horretan landu zuten gaia artistek, aldaketen garaiaren zentzu zabala arakatuz. Aurten, aldiz, gatazkaren inguruan landuko da trantsizioa: gatazkatik elkarrizketara. Hamahirugarren edizioan itxiko dute aldaketa hirukotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.