Gatibuk, Duplak, Rozalenek eta Mocedadesek Bilboko Aste Nagusian joko dute

Bilboko festetako aurtengo egitarauan «aniztasuna» bermatzen saiatu direla adierazi du Bilboko Udalak.

Gatibu taldea eszenatoki gainean, artxiboko irudi batean. MONICA DEL VALLE / FOKU
Gatibu taldea eszenatoki gainean, artxiboko irudi batean. MONICA DEL VALLE / FOKU
2025eko uztailaren 14a
14:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Gatibu, Kai Nakai, Janus Lester, Dupla, Rozalen, Mocedades, Shinova, Sorotan Bele eta beste hainbat musikari arituko dira Bilboko Aste Nagusian. Bilboko Udalak antolatutako egitarauan ehun kontzertu izango dira, abuztuaren 16tik 23ra, bederatzi eszenatokitan.

Itziar Urtasun Bilboko Berdintasun eta Jaien zinegotziak aurkeztu du aurtengo artisten zerrenda prentsaurreko batean, eta bertan izan dira Janus Lester eta Shinova taldeko bi kide ere. «Aniztasuna bermatzen duen eta gehiengoaren gustukoa den» egitaraua egin dutela adierazi du Urtasunek. Zehazki, emakumeen, euskararen, artista euskaldunen, suspertzen ari diren musikarien eta denetariko estiloak nahastearen alde egin dutela nabarmendu du. «Segurtasuna, eskuragarritasuna, kalitatea eta giro ona» nahi dutela gaineratu du zinegotziak.

Bi eszenatoki nagusiak Abandoibarrakoa eta Europa Parkekoa izango dira. Guggenheim alboan, abuztuaren 17an, Kai Nakai izango da lehena, eta Janus Lester eta Dupla ere arituko dira egun berean. Hurrengo egunean, Coque Malla izango da, bere ibilbidearen 40. urteurrena ospatzeko; abuztuaren 19an, Sorotan Bele eta Bilboko Udal Musika Banda elkarrekin arituko dira; 20an, Mocedades eta BOS entzuteko aukera izango da; eta, azken hiru egunetan, Alcala Norte, Shinova eta Linaje izango dira, hurrenez hurren.

Europa Parkean, berriz, abuztuaren 20an hasiko dira emanaldiak, eta egunero kontzertu bana izango da. Rozalen, Gatibu, Los 40 Sessions eta Dj Megastar FM artistek osatzen dute zerrenda.

Aipatutako guztiez gain, Bilbon izango diren beste hainbat musika erakustaldiren berri ere eman du udalak. Gizakundearen Elizako Musika Klasikoaren 26. Zikloa ospatuko da, esaterako. Bilboko Udal Musika Banda ere Areetan izango da eguerdiro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.