Gauaren eta gaueko izakien zerbitzariak izateko jaio garenoi edo geure burua hazi eta hezi dugunoi bost axola gertu den ordu aldaketa, eguneko jainkoen esklaboak direnak horrenbeste kezkatzen dituena. Egiatan, zenbat eta luzeagoa izan gaua, orduan eta zoriontsuagoak gu. Igandean ordu bat irabazten badiogu egunari, argiari, poz-pozik egingo dugu hegan akelarrerantz.
Hasiak dira Gau Beltzerako prestaketak. Bilboko Fas Zineklubean izan ezik —maila altuko zinemazaleak baitira hangoak, eta ez dira klase gutxiko abenturetan erortzen—, han eta hemengo zinema bilkuretan ekin diote Izuari gur egiteari. Errenteriako Ozzinemak ireki zituen, asteartean, ospakizunak oilo-ipurtzulo jartzen duen James Ashcroften The Rule of Jenny Pen film Zeelanda Berrikoarekin. Mundialak dira antipodetan beldurrezko zinema egiten duten horiek. Apartak. Bikainak. Ez dute ez legerik, ez jainkorik, ez nagusirik onartzen. Pelikula honetan, zahar etxean bizi den agure batek bertakoak beldurtzen ditu seko, begirik ez duen panpina baten bitartez.
Filmaren une batean Percy Bysshee Shelleyen Ozymandias poema ageri da—Ramses faraoia munduko ahalguztidunei mintzo zaie bertan, beren ondasunak eta boterea zeinen hauskor eta iheskorrak diren gogoraraziz—. Nahiz eta Percy izugarrizko autorea izan, gu, Shelley abizena entzun orduko, Mary Wollstonecraftekin akordatzen gara gehienbat, berak idatzi baitzuen —bera ote zen egilea dudatan jartzen du lotsagabe hainbatek, ez pentsa— Frankenstein, or The Modern Prometheus. Akordatu eta belauniko jarri. Belauniko eroriko gara gaur estreinatzen den eta Kreatura sortu zuen Doktorearen erretratua egin duen Guillermo del Tororen bertsioaren aurrean ere, hain baita ederra, behin betikoa —momentuz, gure belaunaldirako, bederen—, espektakularra.
Gaur egungo proposamen honetan Victor von Frankensteinek sortua den izakia ez da gorpu zatiekin hala moduz jositako munstroa, zeinak gaizkile baten burmuin aldrebestua duen, baizik eta artista fin batek finezza-z marraztu eta zizelkaturiko figura ikusgarria, munduaren min eta damu guztien zama soinean eta ariman eramango duena. Sekulakoa da Guillermok mitoari luzatzen dion begirada. Uste genuen guk, Gauaren otsein leialok, buruz eta bihotzez genekiela Frankensteinen inguruan jakin behar den guztia, bertsio oro ezagutzen genuela. Erraturik geunden. Klasikoak klasikoak dira sekula ez baitira agortzen, husten, urtzen. Munduaren aro bakoitzak harreman berri eta ezberdina gauzatzen du Denboraren kontra garaile gertatzen diren mitoekin.
Klasikoak klasikoak dira sekula ez baitira agortzen, husten, urtzen. Munduaren aro bakoitzak harreman berri eta ezberdina gauzatzen du Denboraren kontra garaile gertatzen diren mitoekin
Gau Beltzaren bezperetako kopletan gaudela, poz handiz jaso dugu notizia: hildakoen hilabete maitatuak bost egun beteko dituenean, Euskadiko Filmategiak Edgar Nevilleren 1944ko La torre de los siete jorobados eskainiko digu Donostiako Tabakaleran. Mamuak daude bertan. Eta lurrazpiko dorreak, eta señorita bahitu bat….
Ospakizunek neguan zehar iraungo dute. Gaua beti baita beltza eta amaierarik gabekoa negua. Infernuaren eta Paradisuaren ateak ireki orduko, Paul Urkijoren Gaua estreinatuko da gurean. Momentu horretan, gantzu deabruzkoz igurtziko dugu gorputza eta akelarrera hurbilduko gara hegan.
Bai, badakit, Asisko Urmeneta fede bako arras estimatuak kontrakoaz konbentzitu nahi gaitu; bideak, plazak, elizetako atariak eta kanposantuak korritu dituen Sorgina banaiz dokumental ziztrin-majo berean. Gure larreetan sorgin bilkurarik ez zela inoiz izan defendatzen duten eskolatuak bildu ditu bertan, sutondoan. Izan liteke, baina guri bost. Guk badakigu non izanak garen ilbete ugaritan, non izango garen Gau Beltzaren aurretik, Gau Beltzean eta Gau Beltza pasatuta ere.
Zineman Gauak beti gainditzen du Eguna. Igandeko ordubetez ez bada ere.
