Aukera ugari daudenean, zaila izaten da hautatzea. Hori pentsatuko zuen rockaren zale batek baino gehiagok: 50 taldek baino gehiagok joko dute aurten Gasteizko Azkena Rock jaialdian, eta guztiak ikustera ezin joan —patxadaz, bederen—. Hiru egun irauten du festibalak, eta hiru eszenatokitan banatzen da Mendizabaleko esparrua: God, Respect eta La Salve tradizionalak. Azken urteetan, baina, beste gune bat ere gehitu zaie horiei, eta sendotuz joan da: Trashville izenekoa; gerturatu eta lau, beraz.
Aukeratu egin behar, orduan. Zaleak ugari, baina, jaialdiaren lehen egunean, aukera bakarra hasieran, 18:15ean talde bakarra igo baitzen atzo arratsean oholtzara, Respect gunean. Aretxabaletako Nhil taldeak izan zuen, hain zuzen, festibala inauguratzeko pribilegioa eta ardura. Horrek bertigoa pizten duela aitortu zuen taldeko abeslariak, Sara Alonsok, publikoari begiratu eta hitza hartu zuenean: «Lehenengo aldia dugu horrelako eszenatoki handi batean jotzen; emaguzue zuen beroa, beharko dugu eta!».

Hasieran, sargoria bai, baina publikoaren bero berezirik ez zuten nabaritu aretxabaletarrek: ikusle gehienak geldirik zeuden, zenbaitek esku batean edaria eta bestean sakelakoa. Halere, Peio Uribetxebarria gitarra jolearen bakarkakoek laster altxarazi zien burua ikus-entzuleei. Bilatzen oreka abestikoan, esaterako, arratsaldeko lehen miresmen txistuak entzun ziren. Hortik aurrera, eta eguzki galda baretu ahala, publikoa berotzen hasi zen, lainoek eguzkia estali baitzuten, eta arratsaldeko barealdi bakanetakoa eman.
Gazteekin hasi, beteranoarekin segi
Azkenerako, jazz aireak rock klasikoarekin uztartzen dituen taldearen proposamenak konbentzitu bide zituen ikusleak, txalo zaparrada batez erantzun baitzion jendeak azken abestiko tronboi soloari ere. Nhilek kontzertuta amaituta, rock-and-rollaren izpirituak berotua zuen jada Mendizabala, eta publikoa, ordurako handiagoa, gogo biziagoz zegoen God gunean Robert Finleyk mikroa hartu zuenerako. Ez da rock aratza Finleyrena ere, blues eta soul estiloak jorratzen baititu, baina zuzeneko indartsua du estatubatuarrak, eta Azkenak beti izan du espiritu eklektikoa.

Bi faktore horiek zirela medio, ehunka ikusle liluratu zituen Finleyk. 63 urterekin hasi zuen karrera profesionala, baina, adina gorabehera, indarrari eta gaztetasunari eusten diela erakutsi zuen atzo, sasoiz beteriko bere baritono ahotsarekin. Aldakak astinduz dantzatu zen Get It While You Can eta gisako abestien erritmora, bateria kolpe indartsuek eta baxu sakonak lagundurik, eta harekin batera dantzatu zen publikoa ere. Baita eskerrak ematean ere, I Wanna Say Thank You abestiarekin itxi baitzuen emanaldia estatubatuarrak, bi eskuak airean, eskerrak bere modu berezian emanez. Ikusleen eskuek estali zuten orduan oholtzarako ikusmira, keinu berberarekin erantzun baitzioten Finleyri.
Imelda May eta The Hives
Finleyren ostean ere, baziren aukerak zaleentzat. Zortziak aldera zen Dewolff hirukotea Respect guneko oholtzara igotzekoa, eta bederatzietan Radioactivas boskotea zen jotzekoa Trashvillen. Hala ere, God gunetik bertatik mugitzeko beharrik ez zegoen lehen gauean ikusminik handiena eragingo zuten bi kontzertuak entzuteko: Imelda Mayren ondoren etorriko zen The Hives talde suediarra.
Elegantzia handiz sartu zen Imelda May kantari irlandarra oholtzara, Azkena Rocken ikur den belearen tankera ematen zion jantzi beltz batekin. Abeslariak indar betean hasi zuen kontzertua, bere kantetako batek, Inside Out izenekoak dioen bezala, ikusleak barru eta kanpo maite dituela erakusten tematuta. Hasieran, ez zioten energia berarekin erantzun ikusleek —soinu teknikarien lanaren inguruko kexaren bat ere entzun zen jendetzaren artean—.Â

Big, Bad, Handsome Man kantatzean, esaterako, kantaren azken errepika ozenki abesteko keinua egin zien Mayk ikusleei, baina isiltasunez erantzun zioten. Alta, azkenerako afinatu ziren tonalitate berean artista eta publikoa, eta, Mayk Love Tatto ezagunari ekin zionerako, arazorik gabe entzun zitekeen publikoa abestiaren leloa deiadar batean kantari, gitarra jole finaren eta pianoaren erritmora rockabilly aireak dantzatzen zituzten bitartean.Â
Imelda Mayren kontzertuaren ondoren, The Hivesen emanaldirako atzerako kontaketa hasi zen. Ez da metafora, atzerako kontaketaren soinuekin iragarri baitzuten, gauerdia baino lehentxeago, suediarrak oholtzara aterako zirela. Udako ekaitzaren pare atera ere: punk-rock leherketa baten parekoa izan zen haien zuzenekoa. Taldeko abeslaria, Pelle Almqvist, ohi bezain lotsagabe aritu zen, italieraren eta gazteleraren arteko nahasketa aldrebes batean publikoa animatzen.
Ez isiltzeko eskatu zien zaleei, eta haiek harrabotsarekin erantzun. Paradoxikoki, Enough Is Enough kantarekin ekin zioten emanaldiari, baina publikoak azkar erakutsi zuen The Hivesekin ez dela sekula aski, gehiago eskatu eta eskatu aritu baitziren. Euskaraz ere ausartu zen Almqvist, «gabon», «eskerrik asko» eta «topa» esan baitzituen, erakutsita hizkuntza batean ala bestean hortxe dituela jendetasuna eta festarako gogoa. Kasualitatea izan edo ez, euskarazko hitz horien ondoren etorri zen taldearen abestirik famatuena, Hate to Say I Told You So, eta apika hor jo zuen goia Azkenako lehen egunak, eromenez erantzun baitzuen publikoak.Â