EUSKADIKO ORKESTRA
Zuzendaria: Alexandre Bloch. Egitaraua: G. Mahlerren 7. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Ekainaren 5a.
Oso itxiera berezia eman dio Euskadiko Orkestrak bere abonu denboraldiari, Mahlerren errepertorio sinfonikoan sarritan alde batera uzten den sinfoniarekin. Zazpigarrenak, izan ere, aurreikuspen oro desafiatzen du; eta hor datza, akaso, bere arrakastaren muina. Mugimenduak nola lotzen diren —baita bakoitzaren barnean topatu daitezkeen xehetasunei erreparatuta ere—, disjuntzio eta paradoxa ugari antzematen da.
Egiaz, kontraste handia dago 6. sinfoniaren Finale tragikoaren eta 7. sinfoniaren izaera markatzen duten Nachtmusik-en(gaueko musikak) estilizazioaren artean. Kontraste are harrigarriagoa, jakinik biak 1904ko udan idatzi zituela. Hala ere, urte batzuk behar izan zituen hura amaitutzat emateko; antza, txango batetik bueltan zetorrela otu zitzaion ideia nagusia: «Txalupara igo nintzen arraunean eraman nintzaten; arraunen lehen kolpean, lehen mugimenduaren gaia (edo, hobe esanda, erritmoa eta izaera) etorri zitzaidan burura, eta lau astean lehenengoa, hirugarrena eta bosgarrena eginak zeuden». Zazpigarrenaren konposizioa, horrela, gaueko musika hori inguratzeko prozesua izan zen, arku baten moduan garatzen dena.
Kursaalean, estreinaldi ofiziala eta 117 urte geroago, Euskadiko Orkestrak distira atera zien Mahlerrek irudikatutako giro melodiko eta gaueko indarrei. Bereziki ederrak izan ziren, esaterako, bigarren mugimenduan klarinete, oboe eta adar ingelesak aurkezten duten austriar paisaia zabala, Scherzo-aren dantza groteskoa eta Nachtmusik II serenatan harien trinkotasun samurra, harparen, gitarraren eta mandolinaren sonoritate arinaz lagunduta samintasun eta maitasun sentimenduak piztu zituztenak. Azken mugimenduan, egun berriaren argitasunaren bidean, Alexandre Blochek sinfonia osoan buruz burututako lan bikainak goia jo zuen, elementu askotarikoak barne hartzen dituen Rondo konplexuan sekzio bakoitza behar zuen tokian jarriz eta bukaerako koda energia eta kar biziarekin betez. Borobilak suertatu ziren hirurak: egitura, joaldia eta denboraldiaren itxiera.
