
Urratsak usaian baino barnago sartzen zaizkizu gaur hondar bustian. Hagunak, beharrik, uhin bakoitzean orkatilak inguratzen dizkizu, eta, dozenaka eguzkiko krema motaz koipeturik ere —garestiak, urdinez koloreztatzen dutenak, haurrendako bereziak, ekosistemari kalterik eragiten ez diotenak, uretan kentzen ez direnak, monoi usainekoak eta, beharbada, nork daki, merke pare bat ere—, hotzez eta gatzez, iratzartzeko mezua helarazten dio burmuinari pittaka.
Goiz guziez bezala, apartamentutik coworking bulego partekatu zoragarrira zoaz oinez. Itsasoari so dago, ezin leku ederragoan. Alta, madarikatzen duzu gaur —maiz—. Han atzemanen baitituzu community manager eta growth hacker eta ofizio birtualeko bertze haiek guziak, Euskal Herrira bizi erritmo lasaiagoagatik etorriak —Paris, c’est l’en-fer!—, itsuskeria arras kalkulatu eta egunero desberdinaz jantzirik. Leher egina zarenez, gaur, bulegora sartzean, hizkuntza ez-identifikatuko ep koldar bat botako diezu. Noiz bilakatu zen balentria Lapurdi batean lankideak euskaraz agurtzea? Berantago, hirugarren kafeak akuilaturik, farmazian egun on erranen duzu, estremista errabiatuen kuraia heroikoaz.
Baina, oraingoz, hondarretan zaude, bi urrats aitzin, bat gibel, lepo zokoa karrakatzen. Herenegun sentitu zenuen lehen aldiz zera, belarriaren azpialdean, amoranteen muxu-ausiki goxoek begiak hetsarazten dizkizuten leku zehatz horretan. Gauza gogor bat, etxilar baten neurrikoa, hastapenean. Atzoko bikoiztua zen, eta gaur forma ere aldatu zaio, zentimetro luzeko udare gogorra duzu azal azpian. Karra-karra-karra. Putxas, zer da hori.
Izurde emea hurbildu zaizu, Artha diketik jauzika. Hasperen egin duzu: Zer lohi guti gelditzen zaizun, Lohizune... Turismoak jana zinen jadaneko, bertzerik ez zenuen falta: izurde bat badian. Heldu den udan, zer, adarbakar bat enplegatuko dute, bakantzatiarrak bizkar gainean piper-soka bati atxikirik Sarako harpeetara eramateko?
Ezkerreko belarria tentetu zaizu kolpez: zerbait sumatu du. Urratsak eta hatsa eten, eta betazalak apaldu dituzu, hobeki entzuteko. Eltxoen hegaldiaren pareko txistu mehe bat bereizi duzu. Izurdea uhin artetik trufaz ari zitzaizula uste izan duzu lehenik. Baina, begiak tinkoago hetsi eta, onartu behar izan duzu. Lepoko udaretxoa zaizu kantuz ari. Irentsiiii zintueeeen luiiiiizi haren...
O, zernahi haizen, ez haiz Anari: isil hadi. Eriaz azkarki zapaldu duzu gauza, eta xuxurla filosofoa isildu da. Urratsak kantuaren erritmoari egokituz segitu duzu aitzina; laster ez, hots.
Aspaldi irentsi zintuen luizi hark, eta ez zinen sekula osoki atera lurpetik. Zure parte bat han gelditu zen, bikote haren errautsetan: konfiantza aisitarena, lañotasunarena, ezaxolatasunarena. Gero, zentzuz egin zenuen dena, duintasuna berreskuratu nahian: bikotean berriz plantatu; hasian has, ninia fabrikatu, sabelean eraman, hezi, bertze biak bezainbertze maitatu; lanean artoski eta tenorez aritu; sorkuntzan segitzera tematu.
Udaberria jin zen arte. Adar punttetako kimu xarmantez eta Gambetta karrikako lauzak ferekatzen dituen haize epelaz gain, primaderak heriotzaren usaina ere ekarri baitzuen. Lau urtez borroka gorrian aritu ondotik, lagun batek azken hatsa bota zuen, emaztea eta bi seme-alaba zurtz utzirik. Bertze adiskide bat ere aritu da minbiziari buru egiten; samurragoa, harena, eskerrak —minbizi batzuk samurtzat jotzera iritsiak gara. Non daude mobiletaren motorrarekin aztala erretzea urteko gertakaria zen garaiak?—.
Berrogeita lau, laster; alutxen borda. Heroia zu zaren liburu horietan bezala sentitzen zara: «Ibilbidearen erdian zaude. Gainditua zara. Lanak igortzeko epez, seme-alaben izen-emate txosten urtero bihurriagoz —zergatik ez dira beti berdinak?— eta bikoteko tentsioz —zergatik dira beti berdinak?— osatu zurrunbilo gaixtoak harrapatu zaitu. Bularreko minbizira eraman zaitzan nahi baduzu, zoaz 48. orrira. Menopausiarengatik kolpez guritu eta idortu eta sexu desioa betiko galtzera eraman zaitzan nahiago baduzu, zoaz 73. orrira».
Mekauen. Italiako terraza batean jarri nahi dut, orburu frijituak hostokatu eta ahokada bakoitza arno xuri hotz-hotz trago batez jautsarazi, pasatzen den jendeari so. Nehork ez daki nor naizen. Ondoan bikote hasiberri bat muxuka ari da, ezpain oraino berriak elkarri dastatzen. Adinez kanpoko andre bat egunkaria irakurtzen ari da, zimurrez bete izter marroiak agerian; ez dago nehoren zain.
Liburuaren aurkibidera joan zara: zein orritan da Napoliko terraza?
Karra-karra. Harri solte hura zeeeen. Isiltzeko, hi.
Gehiago irakurri nahi zenuke, gehiago jakin, gehiago ezagutu. Baina, azkenaldian, burmuin dirdiratsu izan nahi lukeen haragi puska zara, emozioen esklabo negargarri. Lagunekin irri egitea, hamar mila aldiz musika bera entzutea (azeri bat dau, adarretan bakarrik!) eta mihise artean goxatzea, iduri du bertze deusek ez zaituela kitzikatzen. Attitta 47 urterekin hil zen, biziak ez zizuen elkar ezagutzeko paradarik eman ere. Tik-tak-tik-tak. Hiru urte eta piku eskas. Ez duzu irudikatzen zure burua zahar. Susmo lauso baina konbentzitu batek sentiarazten dizu ez zarela zahartuko. Orain duzu bizi behar. Hil arte, azkarki bizi.
Karra-karra-karra. Aitx! Ulertu behaaaar zenaaaaa.
Azkarki bizi? Ezezezen azeri haren gisan, itsasoko ur guziaz zaude egarri, baina giltzurrun pare bakarra duzu ur hori guzia irazteko, eta ziburutar orok dakien bezala, itsasoko ura ez da garbiena. Zurrumurruek sekretu politak itsusten dituzten bezala, itsas zabalean gertatzen dena zikin iristen da hondartzara, bidean bildu hidrokarburoz, mikroplastikoz, exiliatuen izerdiz eta esperantza antzuz pisutu haguna zure zangoetara botatzera.
Kresal xorta bat sartu zaizu begira, eta, betazalak jada zabalik bazenituen ere, orain soa zaizu ireki. Sentitu duzu harri solte hark erran nahi zizuna ulertzeko kinkan zarela. Gorputz osoa adi jarri duzu, prest, erne, poro oro zabal.
Karra-karra. Azal azpitik, ile baten kilika. Bilo bitxia tiratu duzu, eta kolpez, ezin aiseago, plop!, gauza atera da —maizago erditzen ahal balitz hola!—. Sorbalda gainean duzu udare formako zer ttipia, xutik, begietara so, munduko gauza normalena balitz bezala. Geldi-geldi dago.
— Eta? —galdegin diozu.
Begi kliska bat egin, eta ziztuan abiatu da harrizko izaki ñimiño bitxia, uhinen gainetik lasterka; karkaila-irrintzi amaigabe batean, itsas zabalera ihes egin du, zerumugan desagertu den arte.
nahia zubeldia arozena
(Donibane Lohizune, Lapurdi, 1982). Lengoaia Zientziak eta Itzulpengintza ikasi zituen, eta, idazlea eta itzultzailea ez ezik, kantaria eta musikaria ere bada. Berriki, Leila Slimaniren Kantu leuna (Alberdania) eleberria itzuli du frantsesetik, eta Lumi taldeko kidea da, Manu Matthysekin batera.