Zinea

Gaur iritsiko da zinema aretoetara 'Errementari'

Arabako euskaraz hitz egiten dute filmeko pertsonaia batzuek.

2018ko martxoaren 2a
16:47
Entzun

Paul Urkijo zinemagile gasteiztarraren lehen film luzea gaur iritsiko da zinema aretoetara. Errementari Joxe Miguel Barandiaranek jasotako Patxi errementaria ipuin klasikoan oinarritutako filma da.

Euskaraz egin dute Errementari, eta erregistro desberdinetan hitz egiten dute hango pertsonaiek: instituzioen ordezkari diren komisarioa eta demonioa euskara batuan ari dira; narratzailea, Barandiaran bezala, Ataungo euskaran; eta herriko jendea, Arabako euskaran. Gorka Lazkano izan da filmeko euskara arduraduna, eta hari zein Urkijori Koldo Zuazo hizkuntzalariak lagundu die euskalki horretako esaera eta esamoldeak erabakitzen.

Honela azaldu zion Urkijok berak BERRIAri: "Arabarra naiz, eta jakin nuen herri batzuetan oraindik ere hitz egiten dutela arabar euskalki berezi hori. Argi nuen euskara zahar batean filmatu behar nuela, XIX. mendekoa ahal zela. Koldo Zuazo filologoarekin elkartu ginen aurrena. Haren laguntzarekin, Gorka Lazkanok, filmaren euskara landu eta zaindu duenak, eta biok euskalki hori birsortu egin dugu, neurri batean. Baina beti saiatuz ulergarria izan zedin".

XIX. mendean Korresen inguruetan erabiltzen zen euskara hartu zuten eredutzat filmaegiteko. Arabako euskararen deklinabide markak dira: -a + a > ea egitea (gauza > gauzea; ama > amea). Horretaz gain, hitz batzuk moldatu dituzte, eta esanmolde batzuk ere bai. Ondoko bideoan azaltzen dute beraiek.

[youtube]https://youtu.be/H54DyX5LGs4[/youtube]

Wikipediak honako zerrenda osatu du Arabako euskararen hitzekin:

Atxitamatxia: tximeleta; ardaogure: ardozale; dusturi: trumoi; errexal: zuhaitz; gau enarea: saguzar; gipulla: tipula; maullikijo: marrubi; zamargin kalea: hedegile kalea.

Astelehenean egin zuten filmaren aurre estreinaldia Gasteizen, eta Sitgesko Zinema Jaialdian (Herrialde Katalanak) eta Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean ere aurkeztu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.