«Gauzak ondo egiten badira mesedegarria da»

ENDIKA URLEZAGA BILBO
2008ko uztailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Rodolfo Lartitegi (Eusko Alkartasuna) 2007ko udal hauteskundeen ostean izendatu zuten Busturiko alkate (Bizkaia). Kargu hori bere alderdiaren eta EAE-ANVren botoei esker lortu zuen.

Nola ikusten du udalak Guggenheim txikia herriko lurretan eraikitzea?

Ofizialki oraindik ez dakigu ezer. Bizkaiko Aldundiak ez digu deitu, eta oraingoz ez dakigu proiektua zein den ezta nola eramango den aurrera. Jaso dugun informazio bakarra hedabideetatik iritsi zaigu. Hortaz, udalak ezin du baloraziorik egin proiektuaren nondik norakoak zeintzuk diren jakin arte.

Zer ekarriko dio herriari proiektu horrek?

Herriarentzat ona izango da, baina badaude lehentasun handiagoa duten beste arazo batzuk. Inguruan ditugun arazoakkontuan hartu beharko dira. Hondartza, autoentzako errepidea eta trenbidea egokitu beharko dira guztia ondo irtetea nahi bada.

Museoa Urdaibaiko Biosfera Erreserba lurretan egingo da, turismoa bertara ekartzeak arazorik sor dezake naturan?

Horixe da gakoa. Arazoak ekar ditzake gauzak txarto egiten badira. Beste azpiegitura guztiak aurretik kontuan hartuz gero arazoak asko murriztuko dira. Hori dela eta, ondo pentsatu behar dira Guggenheim berri honen egitasmoan egin beharko diren urratsak.

Museoa eraikitzea eskualde osoaren onerako izango da edo herri batzuek bakarrik jasoko dituzte etekinak?

Nire ustez, oro har, eskualde osoari ekarriko dizkio onurak museoak. Proiektua aurrera ondo eramaten bada, ibar guztiarentzat izango da mesedegarria Urdaibaiko Guggenheim.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.