Gauzei begiratzeko modu bat

Estilo eta molde ugaritako narrazioak bildu ditu Agustin Arrieta Urtizbereak 'Irlak' bere bigarren ipuin liburuan.Giza harremanak dira 34 kontakizunen ardatzetako bat

Filosofia irakaslea da Agustin Arrieta Urtizberea, eta esparru horretako hainbat lan ditu argitaratuak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Filosofia irakaslea da Agustin Arrieta Urtizberea (Errenteria, 1962) Euskal Herriko Unibertsitatean. Filosofia du lanbide, baita zaletasun ere, eta hari eskaini dizkio bere lanetako batzuk, Sinesmenak eta usteak (2010) eta Arimak eta balioak (2013), besteak beste. Badu, baina, hortik aparteko beste zaletasun bat ere, neurri txikiagoan bada ere, bidea egiten ari dena: fikzioa lantzea. 2008an argitaratu zuen bere lehenengo ipuin liburua (Istripuak), eta zazpi urte geroago itzuli da beste narrazio bilduma batekin: Irlak (Erein).

«Galdetu izan didate filosofia irakasle batek zergatik idazten duen fikzioa. Ez da auzi erraza, baina esango nuke bi jarduerak osagarriak direla, eta, aldi berean, oso-oso bestelakoak», aitortu du Arrieta Urtizbereak. Osagarriak dira, filosofiaz idazten duenean nahiz fikzioa lantzean, helburu oso ezberdinak izan arren, «gaiak eta kezkak antzekoak» direlako. «Filosofiaz idaztean, tesi bat defenditu nahi dut, eta tesi hori arrazoitu, azaldu, argudiatu eta oinarritu nahi dut, ikuskera bat justifikatzeko bidean». Fikzioa lantzen duenean, helburu ezberdina du, nahiz eta «kezkak antzekoak izan». Arrieta Urtizbereak «fikzioaren jokoa» deritzo narrazioak idazterakoan duen asmoari: «Narrazio baten bidez, irakurlea xaxatu nahi dut, harengan kezka bat piztu, adimena, oroimena eta sentipena akuilarazi».

Irlak bilduman 34 ipuin bildu ditu, neurri eta estilo askotakoak. Bada orrialde bakarra behar duen kontakizunik (Urtean behin) eta bada, era berean, ia 40ko beste bat ere (Kuadrillakoak). Idazteko orduan «askatasunez» aritu dela dio egileak, «genero edo estilo batekiko loturarik gabe», eta horrek ekarri du narrazioen molde ugaritasuna. «Ugaritasuna ez da, berez, gauza positiboa. Nik nahiko nuke, aniztasunetik harantzago ere, onetik ere izatea liburuan. Baina ipuinok ez dira genero bati lotutakoak».

Hain zuzen ere, errealismotik (Kuadrillakoak) zientzia-fikziora (Museoa, Trena) egiten du jauzi Arrieta Urtizbereak; surrealismotik (Simetria, Gizon eta gazte argalak) umore beltzera (Irratia, Kartzelan). Bada bakardadeaz ari den ipuinik (Eski-Pistak) eta baita taldeaz hitz egiten duenik ere (Jaiak). Guztien atzean, ordea, bada «gauzak ikusteko modu bat, edo gauzei begiratzeko modu bat».

Horrek, neurri batean bada ere, badu loturarik Arrieta Urtizberearen irakurketekin, egileak berak aitortu duenez. «Irakurzaletasunean ere desordenatua naiz. Irakurri ditudan azken liburuak zein diren pentsatzen hasi, eta hauek ateratzen zaizkit: [Mikhail] Xolokhoven obra erraldoia, hiperrealista; Phillip K. Dicken Ordaina, euskaratu berria, zientzia-fikziozkoa; Lydia Davisen mikro-ipuinak... Pentsatzen dut irakurtzen dudanaren eragina ere izango dutela une horretan idazten ari naizen ipuinek».

Giza harremanei begira

Arrieta Urtizberea Istripuak bildumarekin estreinatu zen fikzioaren alorrean. «Istripu hitza bera zen ipuin ia gehienen giltza. Istripuak, ustekabeak...». Aitzitik, Irlak bildumak ez du «a priori», ipuinak elkartzen dituen lotailurik; izan ere «momentu eta egoera» ezberdinetan idatzi ditu egileak. «Gero, berrirakurri ditudanean eta emaitza ikusita, konturatu naiz badagoela gai zentral bat: giza harremanak, beren arazoekin, zailtasunekin, edertasunarekin... Hori izan daiteke liburuko erdiguneetako bat»

Giza harremanak lantzerakoan, hamaika gai azaleratzen dira ipuinotan: adiskidetasuna, belaunaldien arteko harremanak, inbidia, zahartzaroa... «Ipuin gehienak sortu dira anekdota jakin baten ingurutik, baina pentsatzen dut irakurleak ez dituela errekonozituko. Badago ahalegin bat ipuinak unibertsal bihurtzeko». Horregatik, erreferentzia zehatzik gabeko ipuinak dira, leku jakinetan kokatu gabeak.

Irlak da liburuko lehenengo ipuina eta bildumari izenburua eman diona. Ez, berez, ipuin guztiak batzen dituen kontzeptu bat delako, baina bai bilduma osoko konstante batzuk biltzen dituelako. Gainera, irlaren beraren irudia «asko» gustatzen zaio idazleari: «Irlak sakabanatuta daude, mundu bakartu samarrak dira, eta haiekin harremanetan jartzeko behar dira itsasontziak, komunikabideak... Irudi ederra iruditu zait beti irlarena».

Inazio Mujika Iraola Ereineko editoreak narrazioek irakurlearengan eragiten duten harridura nabarmendu du: «Kezka eragiten dute; irakurlea kezkatuta uzten dute. Eta esango nuke hori ipuingile gutxik lortzen duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.