Zinema estreinaldiak

Gazako ahotsak

5 urteko Hind Rajab palestinarraren istorioa hartu, eta film bat egin du Kauther Ben Hania zuzendari tunisiarrak: 'The Voice of Hind Rajab'.

'The Voice of Hind Rajab' filma.
'The Voice of Hind Rajab' filma.
Odile Bourguignon Goñi
2025eko azaroaren 26a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo armadak tiroz hil zuen Hind Rajab palestinarra: iazko urtarrilean izan zen, Rajabek 5 urte zituela. Gertaera hori kontatu du Kauther Ben Hania zuzendari tunisiarrak The Voice of Hind Rajab filmean. Larrialdi dei bat jasoko dute Palestinako Ilargi Gorriko boluntarioek: 5 urteko haurra harrapatuta dago sutan dagoen auto batean, eta erreguka ari da, erreskatatu dezaten. Boluntarioak ahaleginduko dira telefono bidezko loturari eusten laguntza bidali bitartean.

Iazko urtarrilaren 24an, Hind Rajab osaba-izeben autoan sartu zen Gazatik ihes egiteko asmoz, lehengusuekin eta osaba-izebekin batera. Baina Israelgo tanke batek eraso egin zien, eta haurra besterik ez zen bizirik atera. Orduak eman zituen autoan, Palestinako Ilargi Gorriko boluntarioekin hizketan, eta zinema zuzendariak dei huraxe baliatu du pantailan erakusteko zer gertatu zen egun hartan. Amari eta beste osaba bati ere deitu zien haurrak, eta haren benetako ahotsa entzuten da filmean.

Haurraren ahotsa

Hind Rajaben ahotsaren bidez kontatzen da, beraz, orain urtebeteko egun hartan haurrak zer jasan zuen. Baina filma, batik bat, Palestinako Ilargi Gorriaren fikziozko egoitza batean gertatuko da; handik hitz egingo dute haurrarekin, eta handik lortu beharko dute laguntza. Hortaz, ez da agertuko zuzeneko indarkeria eszenarik, eta soinu bandaren bidez areagotuko da filmaren berezko tentsioa. Amaieran, Rajab hil zen autoaren irudiak ageri dira.

Donostiako Zinemaldian, publikoaren saria irabazi zuen The Voice of Hind Rajab filmak, inoizko puntuaziorik handiena lortuta. Veneziako Zinemaldian Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen, baita Chicagokoan ere.

'The Voice of Hind Rajab'

Beste estreinaldi batzuk:

singular
Singular filmaren fotograma bat. 

'SINGULAR'

Zuzendaria: Alberto Gastesi. Gidoilaria: Alex Merino eta Alberto Gastesi. Aktoreak: Patricia Lopez, Javier Rey, Miguel Iriarte, Iñigo Gastesi eta Emilia Lazo. Argazkia: Esteban Ramos. Generoa: Drama. Urtea: 2025. Iraupena: 100 min. Herrialdea: Euskal Herria, Espainia eta Finlandia. 

Semea hil egin zitzaien Dianari eta Martini, eta, hamabi urte geroago, beren lehengo etxera bueltatzea erabakiko dute. Adimen artifizialean aditua da Diana, eta erretiratuta dago Martin. Etxera bueltatzean, kontu misteriotsu batekin egingo dute topo: hildako semearen antza duen gazte bat agertuko da. Halaxe hasiko dira, pixkanaka, iraganeko sekretuak eta kontu zaharrak ateratzen.  

'NUREMBERG'

Zuzendaria eta gidoilaria: James Vanderbilt. Aktoreak: Russell Crowe, Rami Malek, Leo Woodall, John Slattery, Mark O'Brien eta Richard E. Grant. Argazkia: Dariusz Wolski. Generoa: Drama. Urtea: 2025. Iraupena: 148 min. Herrialdea: AEB.

Amaitu da Bigarren Mundu Gerra. Nazien erregimeneko liderren kontrako epaiketak egiten ari dira Nurenbergen, gerra krimenak leporatuta, eta Douglas Kelley psikiatrak arduratu beharko du auzipetuen osasun mentala ebaluatzeaz eta epaitu ahal dituzten ebazteaz. Hermann Goering nazien liderrarekin izango dituen elkarrizketak eta gatazkak jorratzen dira filmean. Jack El-Hairen The Nazi and the Psychiatrist liburuan oinarrituta dago. 

'FLORES PARA ANTONIO'

Zuzendariak eta gidoilariak: Elena Molina eta Isaki Lacuesta. Aktoreak: Alba Flores, Lolita Flores, Rosario Flores, Ana Villa eta Antonio Carmona. Argazkia: Juana Jimenez. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2025. Iraupena: 98 min. Herrialdea: Espainia. 

Alba Flores gazte-gaztea zen aita, hau da, Antonio Flores hil zitzaionean; 8 urte zituen. Abeslari ezaguna zuen aita, baina hari buruz gehiago jakin nahi du, eta senideei eta lagunei galdetuko die, lehen aldiz, nolakoa zen. Alabak ere abesten zuen txikitan, baina utzi egin zuen aita zendu zenean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.