Alfonbra gorria ez dago ohiko itxuran, eta haren gainetik pasatzen ari diren izarrek ere zerbait berezia dakarte. Kursaal barnera sartzeko bidea, hain zuzen ere, oihuek, txaloek eta banderek hartu dute. «Israeli boikot, Palestina askatu!», erraten ari da Donostia, Zinemaldiko hasierako gala hastera doanean. Ehunka lagun ari dira, ordu bete baino gehiagoz, hiria astintzen: ez diote loak har dezan utziko. Banan-banan sartzen ari diren gonbidatuetako anitzek, eskuekin agurtu dituzte mobilizatzen ari direnak; elkartasuna adierazi nahi diete. Eta geroz eta ozenago oihukatzen dute kanpoan geldi daudenek, ia areto barneraino iritsi arte aldarria.
Aretoa oraindik ilun-ilun zela eman diote hasiera Donostiako 73. Zinemaldiari; metafora bat zen argi faltarena. Izan ere, inor aurkeztu aitzinetik, Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatu dute Silvia Abril eta Toni Acosta saioko aurkezleek. «Oholtza hau bakearen aldeko aldarria egiteko probestuko dugu; Israel Palestina akabatzen ari da, eta Gazak libre bizi behar du».

Behin hori erran ondotik, argiak piztu ditzaten eskatu dute biek, eta ongi etorria eman diete eserlekuetan dauden gonbidatu guztiei. «Donostiako Zinemaldia berezia izan da beti; bai guretzat, bai zineman dabilen edonorentzat», erran du Abrilek. Acostak eskerrak eman dizkie antolatzaileei, oholtzara igotzeko aukera emateagatik, eta Zinemaldiari buruzko ezaugarri bat aitzineratu du: «Aurtengo festibala berezia izango da, ez pelikula ezin hobeak lehiatuko direla soilik, baizik eta hausnartzeko bide ematen dutelako guztiek». Haren irudiko, giza eskubideen aldeko eskaria egiten dute filmek, zeharka eta ezkutuan bada ere.
Sail Ofizialean lehiatuko diren pelikulen laburpen motz bat proiektatu baino lehen, gaueko hirugarren aurkezlea deitu dute oholtzara: Itziar Ituño. Hark ere, lehenik eta behin, garrasia egin du Palestinaren alde: «Aldaketa bat exijitzea eta salatzea dagokigu; ea CAF enpresak ere berdina egiten duen». Euskara hutsean solastatu da Ituño, hasi denetik gala bukatu den arte.
Hiru emakume eszenatokian; horixe izan da arratseko irudia, gehien-gehienean. Eta, hain justu, emakume gehiago gonbidatu dituzte goiti. Lehena, euskal musikari bat: Izaro. Abesti bat kantatu du, bere Argia kantuaren eta Luz Casalen Piensa en mi abestiarekin nahasketa bat eginda.
Bukaera aldera aurkeztu dute Pedro eta Agustin Almodovarrek gaueko protagonista nagusia: Esther Garcia, aurtengo lehen Donostia sariaren irabazlea. Urte luzez aritu dira hirurak batera lanean, eta, hortaz, bi anaiek nabarmendu dute «ilusio berezia» egiten diela lankideari saria emateak. «Gure konpainia ez da handia, baina familia bat da, eta Esther Garcia da bere ama», erran du Pedro Almodovarrek.
Eskertza bat gurasoei
Begiak malkotara bidean zituela hurreratu da Garcia, eta eskerrak eman dizkie anaiei, «hainbertze gauza partekatzeagatik eta beti-beti lagundu izateagatik». Saria, baina, urrunago bidali nahi izan du: gurasoenera. «Baliabide eskasak eduki arren, amesteko modu bat eman ziguten bortz senideoi, eta hasieratik sinetsi genuen guk ez geneukala mugarik. Amesten genuena aukera bat zela erakutsi ziguten, eta sari hau haiei esker iritsi zait».
Hiru aurkezleek ere eman dizkiote eskerrak Garciari, «emakume erreferente bat» izan delako haientzat. «Garciarekin ikasi dugu hau ere badela guretzako mundu bat, eta emakumea ez dela zinemako estilista izatera mugatzen».
Zinemaldiko kartelak ematen zuen pista, eta halaxe egin dute, azkenean: Marisol Paredes omendu dute. Aktore espainiarra zen Paredes, zeinak, kurioski, Donostian ikusi zuen itsasoa lehen aldiz. Iazko abenduan zendu zen, eta 73. Zinemaldiko kartel ofizialean haren irudia jartzea erabaki zuten. Ez da, ordea, haren aurpegia agertzen den lehen aldia, 2006. urtean ere hura izan baitzen karteleko protagonista. «Beste erreferente bat izan da guretzat», aitortu du Ituñok.
Sari nagusia banatuta, aurkezleek oroitarazi dute bigarren Donostia saria hilaren 26an emanen diotela Jennifer Lawrence aktore eta ekoizleari. «Bitartean, segi dezazuela zinemaz gozatzen. Eta ez ahantzi pelikulak direla mundua aldatzeko tresna», erran du Abrilek. «Pelikulekin erakusten delako nolakoa den mundua, eta egin dezakegulako hura politagoa, baina batez ere hobea».