Joseba Ponce. Musikaria

«Gazte 'martzianoen' falta sumatzen dut»

Intuizioa, denbora eta trebezia. Hiru osagai horiekin osatu du Joseba Poncek bakarkako lehen lana, JP Lohian & Klonen Klana izenpean. Musika tresna guztiak jo ditu, pop eta rock unibertso propio bat sortuz.

gorka erostarbe leunda
Hondarribia
2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Gogorra izan da. Baita luzea ere. Batzuetan, dena pikutara bidali dut. Baina, azkenean, kontent geratu naiz». Astelehenean plazaratuko du estreinako diskoa Joseba Poncek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1974), JP Lohian & Klonen Klana izenarekin, eta berak sorturiko Lohian zigiluarekin. Plataforma digitaletan, jplohian.bandcamp.com gunean eta hainbat dendatan eskuratu ahal izango da diskoa. Lan aipagarria da alde askotatik begiratuta, baina berezi egiten duena da Poncek berak egin duela egin litekeen guztia: kantuak sortu ditu, musika tresna guztiak jo ditu (gitarra, baxua, organo eta sintetizadoreak, eta bateria), abestu egin du, diskoaren diseinua egin du, animazioko bideo bat egin du diskoa zabaltzen duen Alperrik da apaintzeakantuarekin —gaur plazaratu du BADOK musika atarian—. Karlos Osinaga izan du ia bidaide bakar eta ezinbesteko; grabaketak eta nahasketak Tolosako Bonberenea estudioan egin zituzten. Ahotsetan Libe Garcia de Cortazarren eta Fernando Saporen kolaborazioa izan du hainbat kantutan. Gainerako guztia bere esku burmuinetatik atera da.Dut eta Kuraia taldeetako kide izanik euskal rockaren azken bi hamarkadetako ibilian lorratza utzi ondotik, denboraldi luze samarra zeraman proiektu propiorik gabe. Orain rock eta pop tradizio zenbaiten adar desberdinak batu ditu, sakon bezain frexko, ilun bezain argi distira printzez, gordin bezain leun, espazial bezain lurreko... eta urteko rock diskoetako bat ondu du.

Bakarkako lehen lana duzu, baina ez da hain bakarkakoa ere. Hainbeste Joseba bildu dituzu bere baitan...

Bai, bai, bakarkakoa da, nik sortu dut guztia [barreak]. Jendeak hasieran galdetzen zidan ea zerbait akustikoa egingo nuen, bakarkakoa zela jakitean. Nik garbi nuen rock talde batek bezala grabatuko nuela: nik joko nituela instrumentuak eta rock disko bat izango zela. Behintzat elektrikoa. Nire alde guztiak daude diskoan, hori bai. Neure buruarekin asko eztabaidatu dut. Hori dagoen gauzarik okerrena da. Taldekideekin zaudenean ideia eta iritzi desberdinak daude, eta eztabaidatu liteke, baina hortik sortzen da sortzen dena. Ni bakarrik, ordea... egunaren arabera ere asko aldatzen baita egin duzunaren irudipena. Egun batean zoragarria zena, hurrengo egunean izan zitekeen putamierda bat. Zenbat zirriborro bota ditudan pikutara, zenbat buelta eman dizkiedan gauzei, bateria lerro bat edo gitarra lerro bat ez gustatzeagatik...

Erronka moduan jarri zenion zeure buruari dena zuk egitea?

Bai, esaten nuen, nik hau egin badezaket, zergatik ez dut egingo? Ni zer ostiatarako etorri naiz mundu honetara, galdetzen dut sarri. Egiten dakidan apurra sortzea da. Ez dakit beste ezer egiten. Beraz, do it yourself hori muturrera eraman dut, eta egin dut. Autodidakta naiz musika tresna guztiekin. Ez dakit eskala bat zer den, akordeak ere asmatu egiten ditut. Dena intuizioarekin egiten dut, belarriarekin. Nahiz eta geroz eta gutxiago entzuten dudan, adinaren eta gorputzari sartu diogun zigorraren ajeak...

Kantuak nondik hasi dituzu?

Gitarrarekin eta etxean, konposatzen edo inprobisatzen. Etxean badut bateria elektroniko horietako bat ere, eta horrekin maketa bat egin nuen gutxi gorabehera. Maketa nahiko irekia zen. Kantu oinarriak hartu, eta gero horiekin jolastu, hori izan da prozesua.

Entzun orduko sumatzen da oso barrutik egindako diskoa dela: letretan (Ez eguna, Beldurra, Sekretua...) zein doinuetan. Zuk asko erabiltzen duzun hitza erabiliz, «lohian» sartu zarela.

Hondarribian asko erabiltzen da lohi hitza giro zikinak adierazteko. Guk lagunartean gaztetatik asko erabili dugu. «Ze lohia zegoen atzo!». Parrandetan, gau giroan, mozkorraldietan... Ni beti mugitu izan naiz giro zikinean musikalki, lagunekin... Horregatik iruditzen zitzaidan niretzako izen aproposa. Dut-en ere jada erabiltzen genuen letretan. Eta asko erabiltzen dugun hitza denez, neureganatu egin dut.

Eta lokatzetan sartu zara.

Bai. Mimo handia jarri diot lanari, neu nintzen lehen interesatua ahalik eta diskorik onena egiten. Disfrutatu egin dut egiten. Lehen aldia da disko bat bukatu bezain pronto entzun eta disfrutatu dudala. Eta oraindik ez naiz nekatu. Beste proiektuetan, diskoa amaitu eta ez nuen ezer jakin nahi izaten, behintzat bolada batez. Honekin desberdin gertatu zait. Entzuten dut, eta gustatu zait.

Power popa, garage eta punk-rocka, hard-rocka, synth-popa, psikodelia eta pop espaziala... Kontzienteki landu dituzu guztiak?

Ez dut estilo bat bilatu. Nire abestiek dute nire nortasun bat, baina ez daukat inolako erreparorik estilo horietatik edaten dudala esateko. Aipatu dituzun estilo guztiak gustatzen zaizkit. 1970eko hamarkadako musikaren oso zalea naiz, eta ez rockarena edo punkarena bakarrik. Garai hartako musika komertzialak ere bazuen beste xarma bat. Hamarkada oso interesgarria izan zen. Asko esperimentatu zen. Talde asko atera zen eta oraindik ere deskubritzen nabil... Argi nuena da ahotsarekin zerbait melodikoa egin nahi nuela. Bizitza guztia oihuka pasatu dut eta banuen gogoa abesten saiatzeko [barreak].

Baina beti izan duzu joera hori pop ahots melodietarako...

Bai, gustatzen zait ahotsak melodia izan dezan. Transmititzen dit. Ez dakit popa den edo den melodia hutsa... Eta ahotsarekin esperimentatu egin dut. Etxean grabatzearen alde onetako bat hori da, posible dela ahotsa poliki grabatzea, presarik gabe, lasai, gauzak probatuz...

Pop ilun bat, 1980ko hasierakoa ere nabari da...

Musikalki, beti ateratzen dut nire alde iluna. Niri ez zait ateratzen alde positiboa edo umorea musikan. Beti ateratzen zait zerbait sentibera edo iluna. Bizitzaren beste alor batzuetan badutumorea eta pailazokeriak egiten ditut... Baina musikan gustatzen zait barruan ditugun kaka guztiak ateratzea.

Egitasmo honek planteatzen du eragozpen bat nabarmena zuzenekoei begira...

Zuzenekoak? Ba hor daukat buruan ideia, baina nola antolatuko dudan... Ez dakit nola arraio egingo dudan, ez zait erraza iruditzen eta. Ateratzen bada, aterako da, baina ez dut nahi presiopean egin.

Musika bizitzeko zure era, ikuspegia, asko aldatu da 1990eko hamarkadatik?

2000ko hamarkadatik gaur arterainokoa ez zait hain interesgarria egiten, nahiz eta talde onak badauden jakina. Nik atzerago begiratzen dut. 1990etan disko asko atera zen interesgarria eta estilo eta gauza pilo batekin flipatzen genuen. Duten rockaren estilo edo adar bat jorratu genuen, baina entzuten genuen denetatik. Garai hartan musika entzutea ez zen hain erraza ere, edo bai, nola begiratzen den. Ez zegoen Internetik, anai-arreba nagusiagoak, edo aldizkariren bat edo beste....

Euskal Herrian 1990eko hamarkadatik aurrera asko zabaldu ziren eskaintza eta proposamenak. Zenbaitek, ordea, esaten du ez dela egon Negu Gorriak edo Su Ta Gar bezalako talde ikonikorik geroztik...

Nik nahiago dut estilo aniztasuna izatea. Esaterako, zer gertatu zen Su Ta Garren ostean? Atera zen jende pilo bat heavya egiten, eta hori bakarrik ere ez zait positiboa. Gaur egun gazte martzianoen falta sumatzen dut. Ikusten dut badagoela talde pilo bat baina ia denek berdina egiten dute. Hori da gazteei gustatzen zaiena edo ez dakit... Non daude gazte martzianoak? Gazteen artean ez dut igartzen berritasunik. Nahi ditut ikusi edo entzun 18 urte inguruko gazte batzuk eta harrituta geratzea: «kabroiak, egin dute!», esatea.

Zergatik izan liteke hori?

Akaso jendea okupatua dago Internetekin, baina harremanak egitearekin, eta ez dakitelako behar bezala erabiltzen? Historian egon den musika guztia daukazu Interneten, eta kontraesana da homogeneizatu egiten dela dena. Sareen bidez iristen zaiena soilik entzuten dute edo... ez dakit, ez naiz soziologoa hori aztertzeko baina harrigarria egiten zait.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko:

www.badok.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.