Abesbatza zuzendari gisa ibilbide luzea egina du Esteban Urzelaik (Oñati, Gipuzkoa, 1979). Koru zuzendaritzako ikasketak egin zituen Donostiako Musikene zentroan, eta Gabriel Maltes abesbatza zuzendaria izan zuen irakasle han. Bestalde, orkestra zuzendaritza ikasi zuen Arturo Tamayo, Enrique Garcia eta Manel Valdivieso musikariekin, eta Europako Gazte Abesbatzako koruan aritu zen gaztetan, baita Bachakademie Stuttgartekoan ere (Alemania). Oñatiko Ganbera Abesbatzako zuzendaria izan zen 1996tik 2009ra, eta Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioko irakasle taldeko kidea da 2012tik. Espainiako Koruko zuzendaria izan da 2020tik 2024ra, eta, aurretik, Oviedoko (Asturias, Espainia) Operako Koruan egin zituen zuzendaritza lanak. Bilboko Opera Abesbatzako zuzendari izendatu dute orain, eta «ilusio handiz» hartu du kargua.
Zer esan nahi du zuretzat Bilboko Opera Abesbatzako zuzendaria izateak?
Prozesu baten emaitza izan da. Lan eskaintza bat atera zuten, eta aurkeztu egin nintzen. Aukeraketa prozesu baten ostean eta hainbat elkarrizketa egin ondoren, hautatu egin ninduten. Pozarren hartu dut berria, Euskal Herriko abesbatzen arloan aritzeko gogoa bainuen. Bost urte eman ditut etxetik kanpo lanean: lehenik Oviedon, eta gero Madrilen, lau urte eta erdiz. Non-eta OLBEn lan egin ahal izatea izugarrizko ohorea da.
Boris Dujin zuzendariak 30 urte baino gehiago eman ditu Bilboko Opera Abesbatza zuzentzen. Alde horretatik, presiorik nabaritu duzu?
Ez. Borisek [Dujin] izugarrizko lana egin du, eta horrek nolabaiteko izaera bat eman dio koruari, baina ilusioz beterik nago. Dauzkadan erreminta guztiak eskainiko dizkiet abeslariei, eta taldeari ahal beste ekarpen egin. Abesbatzako kideei kostatuko zaie nire lan egiteko modura ohitzea, eta niri haienera egokitzea ere bai, baina oso pozik nago nire bizitzan egindako aldaketarekin. Uste dut lan polita egin dezakegula elkarrekin.
Zenbat kide ditu abesbatzak?
Berrogei abeslari finko daude, baina, interpretatu beharreko operaren arabera, gehiago ere izaten dira batzuetan. Aurkeztuko dugun lehen proiektuan, esaterako, hirurogei izango dira. Guztira 70 izan daitezke.
Zein izango da taularatuko duzuen lehenengo opera?
Denboraldi osoko eskaintza itxita dago; aurten, lau opera abestuko ditu abesbatzak, Bilboko Euskalduna jauregian. [Giuseppe] Verdiren La forza del destino izango da lehenengoa, eta [Francesco] Cilearen Adriana Lecouvreur bigarrena. Urrian emango dugu lehenengoa, eta azaroan bigarrena. Informazio guztia OLBEren webgunean dago eskuragarri.
Entseguei dagokienez, nolakoa da halako koru baten egunerokoa?
Hilabetez hilabete egin ohi dugu lan. Irailean hasiko gara aurkeztuko dugun lehenengo opera entseatzen, eta bigarrena, berriz, urrian entseatuko dugu. Abesbatzak aurretiaz prestatzen ditu kantatu beharreko zatiak, baina azken hilabete horretan oholtza gaineko entseguak eta entsegu musikalak egiten ditugu. Batetik, eszenako zuzendariak abeslariei esaten die nondik sartu eta non kokatu, eta, bestetik, orkestrako zuzendariak musikaren eta ahotsen abiadurari eta geldialdiei buruzkoak erabakitzen ditu. Janzkera eta mugimenduak azken astean zehazten ditugu.
«Opera kantatzen duzunean, istorio bat kontatzen duzu, eta, batzuetan, pertsonaia bat interpretatu behar duzu: esklabo bat, herritar haserretu bat edo erromes bat, adibidez»
Zer eginkizun izango duzu agertoki gainean?
Atzealdean egotea izango da nire lana, eta, alde horretatik, askoz lasaiago nago. Nik abeslariak prestatuko ditut, eta elkarlanean arituko naiz eszena eta orkestra zuzendariekin, baina, emanaldia hasten denean, ez dut opera zuzenduko. Zerbait gertatzen baldin bada, laguntzeko prest egongo naiz, noski.
Desberdina da aurretik egin dituzun lanekin konparatuz gero?
Orain arte, musika sinfonikoaren arloan eta ganbera abesbatzekin egin dut lan. Orain, ordea, operari ekingo diot. Errepertorioa desberdina da, eta koruaren zeregina ere bai. Meza edo sinfonia bat abesten duzunean, testu bat izaten da, eta orkestrarekin bat egin behar duzu. Opera kantatzen duzunean, ordea, istorio bat kontatzen duzu, eta, batzuetan, pertsonaia bat interpretatu behar duzu: esklabo bat, herritar haserretu bat edo erromes bat, adibidez. Kantatzeko modua eta esan beharrekoak desberdinak dira.
Madrilen egon bitartean, Suhar korua ere zuzendu duzu. Horretan jarraitzeko asmoa duzu?
Asteburuetan hona etortzen nintzenean, hilean behin, Suhar koruarekin entseatzen nuen, bai. Ez da erraza izan, baina bide polita egiten ari gara. Tolosako Abesbatza Lehiaketa irabazi genuen 2023an, eta Txinan eta Varnan [Bulgaria] egon ginen iaz. Aurten, Vilniusera [Lituania] goaz, eta, oraingoz, ibilbide oparoa dugu. Datorren urterako hainbat kontzertu ditugu, eta nazioarteko proiektu batzuk ere bai. Suharrekin lanean jarraituko dut, zalantzarik gabe.
Zertan da, oro har, abesbatzen egoera gaur egun?
Iritzi kontrajarriak ditut. Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak txosten bat argitaratu berri du, eta, horren arabera, egoera nahiko larria da. Beti esaten dugu Euskal Herria abesten duen herrialde bat dela; azkenaldian, ordea, ahotsak falta dira gazteen eta haurren koruetan. Konfederazioak antolatutako udako akademia batean izan naiz uztailean, eta laurogei pertsona inguru elkartu gara. Koruetan abestu eta horiek zuzendu nahi dituen jende asko zegoen, baina ez behar beste. Gazteak eta haurrak abesbatzetara erakarri behar ditugu.