Belaunaldi ugari literaturaren munduan murgildu dituzten liburu klasikoek egungo gazteei ere zerbitzu egin diezaioten, marrazki eta kolore biziekin gaurkotutako eta euskaratutako Klis-klasikoak izeneko liburu bilduma aurkeztu du Galtzagorri elkarteak. Hala, Carlo Collodiren Pinotxoren abenturak ipuin klasikoa euskarara itzuli, eta Jokin Mitxelenaren ilustrazioekin apaindu dute. Horrez gain, euskal literaturaren erreferentzia izan den Mariasun Landa eta Jon Zabaletaren Txan fantasma ere berrargitaratu dute, eta baita Anjel Lertxundiren eta Antton Olariagaren Maria Goikoarenak eta bi saileko lau liburuak, Maria Goikoak Batbirulau izenarekin. Azkenik, Gregorio Muro eta Francisco Fructuosoren Indianoa komikia ere egokitu dute.
Aukeratutako lan guztiak 80ko hamarkadan idatzitakoak dira.Klis-klasikoak liburu bildumaren arduradun Ibon Egañaren esanetan, haur literaturaren modernizazioa da helburu nagusia. «Alde batetik, euskal literaturan tradizionalak diren lanak berriro interpretatu eta gaurkotu ditugu, eta, bestetik, literatura unibertsalean klasikoak diren eta euskaraz modu duinean itzulpenik ez zuten testuak egokitu ditugu».
Pinotxoren istorioa ezaguna izan arren, Collodiren ipuina orain arte euskaratu gabe zegoen, Egañaren hitzetan: «Sinestezina dirudien arren, Pinotxorik gabeko euskal literatura izan dugu orain arte. Agustina Pontestak 1987an idatzitako moldaketa zen testu bakarra, eta itzulpen horren gainean egin dute lan Koldo Bigurik eta Garazi Goikoetxeak. Horrez gain, Mitxelenaren ilustrazioek gaurkotasun handia eman diote istorio klasikoari».
Euskarazko haur literaturan ere klasiko bihurtu diren testuekin osatu dute bilduma. Hala, tradiziotik berreskuratutako testuak zein hitz-joko, kanta eta asmakizun berriak bildu zituzte Lertxundik eta Olariagak Maria Goikoak Batbirulau liburuan. Hitzen eta irudien arteko lotura jostaria nabarmendu du Egañak: «Hizkuntzarekin jolas egiteko liburua da».1982an Lizardi saria irabazi zuen Landaren Txan fantasma ipuina ere egungo belaunaldientzat egokitu dute. «Euskarazko literatur altxorrek osatzen duten tradizioa jaso eta modu duinean gaurko belaunaldiei eskaini nahi diegu».
«Beharrezko» proiektua
Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Bego Muruagaren arabera, «beharrezkoa» da Euskal Herriko zein munduko literaturaren obra kanonikoak euskaratzea. «Historian zehar ezinbestekoak bihurtu diren liburuak gurera ekartzea da bilduma honen helburua; haur eta gazte literaturan sumatu dugun gabezia bete nahi dugu, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak 100.000 euro jarri ditu Klis-klasikoak bildumarako eta beste proiektu batzuetarako».
Klis-klasikoak bilduma 4 eta 16 urte arteko gazteentzat da; adin tarte horretako haurrek euskaraz irakurtzeko zaletasun gutxiizaten dute, eta hori pizteko helburuarekin sortu dute.
Gazteei klasikoak euskaraz ekarriko dizkie Galtzagorri elkarteak
'Pinotxoren abenturak' argitaratu dute, eta beste hiru «klasiko» berrargitaratu, Klis-klasikoak bilduman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu