Izenburua bera erreferentzia bibliko bat izanik, traizioaren eta minaren oihartzuna sumatzen zaio Beñat eta Unai Gaztelumendi anaien bigarren komikiari, eta halaxe da: otordu baten aitzakian, aspaldiko lagun talde bat bildu, eta zer, eta bizitzan hartutako hautuez eta bidean saldutako idealez hausnarrean jarri dituzte mahaikideak Azken afaria-n. Horien artean da Martin Artola Borroka da bidea lehen komikiko pertsonaia nagusia, baita Ekiñe, Iparra, Sara eta Urko haren lagunak ere. Bada, gainera, pertsonaia berri bat: Fermin. Haien arteko berriketa probestuz, eta bakoitzaren ibilbideari errepasoa eginez, gai ugari jorratu dituzte gaztelumenditarrek, besteak beste, familia ereduak, gurasotasuna, euskararen egoera, militantzia ulertzeko moduak eta autoritatea. Lehen komiki hura bezala, Azken afaria ere Bertsolari aldizkariak plazaratu du, 140. zenbaki gisa.
Elkarrekin lan bat ondu ostean, bigarrenak erditze errazagoa izan lezakeela pentsa liteke, are bata bestearen jarraipena izanik. Lehenak bigarrenari bidea zabaltzen dionik ezin uka. Halaxe azaldu du Beñatek: «Lehen komikian diskurtso bat sortu, eta hari plataforma bat eman genion. Oraingoan kontrako bidea egin dugu: plataforma sortuta zegoen, eta pertsonaiari bere bidea egiten uztea izan da helburua». Haren hasierako asmoetan, 2024ko udaberrian komikia egiteko enkargua jaso, eta uda amaitzerako gidoia prest zegokeen; «Gero txapelketa etorriko da, eta kito» esan omen zuen bere kolkorako. Baina espero gabeko tokietan egin omen du estropezu: «Blokeo asko izan ditut, gaiak oso gertukoak egiten zitzaizkidalako, eta nire inguruko jende asko ere ukitzen zuelako. Gidoitik urrundu eta pausan uzteko beharra sentitu dut».
«Blokeo asko izan ditut, gaiak oso gertukoak egiten zitzaizkidalako. Gidoitik urrundu eta pausan uzteko beharra sentitu dut»
BEÑAT GAZTELUMENDI Gidoilaria
Kontatzeko modu egokia aurkitzea ere ez zaio batere erraza egin Beñati: «Bertsolarion joera naturala da dena borobiltzekoa, eta sentitzen nuen kasu honetan ez nuela hori egin behar, pertsonaia krisian dagoelako, eta bere zalantzak ezin dituelako ebatzi». Atal bakoitzeko istorioak bere tonua eta bere kontatzeko modua behar, eta denen artean oreka topatzeak ere lanak eman omen dizkio: «Alde dezentekoa dago batetik bestera, bai luzeran, bai eta sakoneran ere. Alde horretatik, nire beldurra da ez ote den liburu desorekatu samarra izango. Baina horrela, gordin samar uztea izan da erabakia, irakurleak bere irakurketa egin dezan».
Unairi ere ez zaio erraza egin hain hurbilekoak zaizkion gaiak marraztea, baina damurik ez. Kontrara, atsegin duen tokian ibili da: «Komikilariak ohituta gaude bestelako kontuez hitz egiten eta gugandik urruneko gaiak tratatzen, eta niri hauxe gustatzen zait: guri buruz eta gure gaiei buruz hitz egitea». Halaber, meritua aitortu dio anaiari: «Etengabe harritu nau Beñatek, nik marraztu nahiko nukeena eta kontatzen jakin ez dudana ematen zidalako orri bakoitzean».
«Komikilariak ohituta gaude bestelako kontuez hitz egiten eta gugandik urruneko gaiak tratatzen, eta niri hauxe gustatzen zait: guri buruz eta gure gaiei buruz hitz egitea»
UNAI GAZTELUMENDI Marrazkilaria
Azken afaria-ren sortze prozesua Borroka da bidea komikiarekin alderatuz azaldu du marrazkilariak: «Aurreneko komikiaren gidoia pandemia garaian jaso nuen, eta hasieratik jakin nuen hasi eta buka zer izango zen. Oraingoan biok bateratsu egin behar izan dugu lan». Besterik ere aipatu du: «Emaitzaren aldetik, askoz gehiago eskatu diot neure buruari, eta Beñatek ere beste horrenbeste egin du». Halaber, keinu egin die Beñaten blokeoei: «Hark distantzia hartu behar izan du prozesuan, eta ni orain ari naiz distantzia hartzen eta egindako lanaren kontzientzia hartzen».
«Jende multzo bat bigarren lana egiteko elkartzen bada, lehenengoan aski elementu positibo dagoelako izaten da. Maite ditugu bigarren parteak, eta oso pozik gaude»
BEÑAT HACH EMBAREK Editorea
Egindako apustuaren ispilu
Beñat Hach Embarek Bertsolari aldizkariko editoreak zenbakiak baliatu ditu komikiari ematen dioten garrantzia nabarmentzeko: «Urtean lau zenbaki argitaratzen ditugu, eta azken hamar urteetan plazaratu ditugun 40 aleetatik bost komikiak izan dira. Bi urtetik behin komiki bat, beraz». Horrek argitaletxe txiki bati eskatzen dion ahalegina balioetsi du editoreak: «Bertsolaritza eta komikia, bi genero gustagarri horiek uztartu, korapilatu eta nahasteak zinez gogokoak ditugun fruituak ematen ditu». Azken afaria komikia Borroka da bidea komikiari jarraikiz ondu izanaz ere hitz egin du: «Jende multzo bat bigarren lana egiteko elkartzen bada, lehenengoan aski elementu positibo dagoelako izaten da. Maite ditugu bigarren parteak, eta oso pozik gaude». Nolanahi dela ere, Azken afaria lehen komikiarekiko «autonomoa» dela azaldu dute egileek.