Rock independentean diskoz disko norabidea modu nabarmenean aldatzen duen talde bat bilatuz gero, ziur asko ez da egongo Geese taldeari itzala egingo dionik. Nerabezaroan elkar ezagutu, eta oso gaztetatik hasi ziren musika egiten Cameron Winter, Emily Green, Dominic DiGesu, Max Bassin eta Foster Hudson, eta hasieratik ongi erakutsi zuten post-punkaren eta no wave tradizioaren oinordekoak izanik ez zutela estilo bakar batean kokatzeko inolako intentziorik. Norabide aldaketa ausartaren adibide argiena da Getting Killed estudioko hirugarren lan luzea. Ez da ibilbide koherente baten hurrengo pausoa, ezpada aurreko guztiaren kontrako talkaren emaitza.
Abesti azkarrak, zaratatsuak eta askotan desitxuratuak egiten hasi ziren New Yorkeko (AEB) bost musikari gazteak 2016aren bueltan, eta handik bost urtera argitara emandako Projector lehen diskoak espiritu hori jaso zuen neurri handi batean: kantu luzeak, erritmo aldakorrak, eta Winterren ahots desorekatu eta antzerkizalea. Talking Heads, Parquet Courts eta Sonic Youth taldeen eragina aise atzeman zen lan hartan.
Benetako jauzia 2023an iritsi zen, 3D Country lanarekin. Inork espero ez zuen norabidea hartu zuen taldeak: countryaren, bluesaren eta rock klasikoaren imajinarioa hartu eta desitxuratu egin zuten. Eta, hala, countrya bera jolaserako material bilakatu zuten. Diskoak tonu satirikoa zuen, eta Winterrek rock izar baten parodia eginez kantatzen zuen, sermolari eta narratzaile ero baten gisara.
Boskote modura hasi zen taldea, baina, duela hilabete batzuk, Foster Hudson gitarristak taldea uztea erabaki zuen unibertsitateko ikasketak egiteko. Laukotea da orain Geese: Winter ahotsa da, Green gitarra, DiGesu baxua, eta Bassin bateria.
Ordena jakinik gabe
Getting Killed lana iazko irailean kaleratu zuten, eta, taldeak aitortu duen bezala, ez dute disko «erraza» egin nahi izan, ezta entzulea limurtu ere. Bestelakoa izan da taldearen helburua: benetan sentitzen zutena islatu nahi izan dute, ordena handirik gabe.
Estilo bakar batean sailkatu ezinezko 11 kantarekin osatu dute lan berria; horietako batzuk zorrotzak dira, eta beste batzuk, kaotikoak. Post-punkaren tentsioa, rock psikodelikoaren itzalak eta momentu batzuetan spoken word-era hurbiltzen den ahotsa ageri dira horietan.
Taldeko kideek azaldu dute lan berrirako sormen prozesua ezberdina izan dela, ez baita izan aurreko diskoetan bezain planifikatua. Ideiak estudioan bertan jaio dira askotan, elkarri kontra eginez edo elkar probokatuz. Horrek azal dezake diskoaren izaera zakarra, baina baita askatasun sentsazioa ere.
Iazko urtarrilean grabatu zuten diskoa, Los Angeleseko Putnam Hill estudioan, Kenny Beats ekoizlearen gidaritzapean. 45 minutuko iraupena du lanak, eta post-punkaren, indie-rockaren eta rock esperimentalaren artean kokatzen da. Hitzei erreparatuz gero, Geesek anbiguotasunaren alde egiten jarraitzen du. Irudi bortitzak, esaldi erdi amaituak eta ideia abstraktuak nahastu ditu, eta entzulea bere interpretazioa egitera gonbidatzen du. Heriotza, errua, indarkeria eta absurdoa lantzen dituzte kantek, baina beti ironia geruza batekin.
Lan berriak deserosotasuna sortzen du, eta hori bera du indarguneetako bat. Atsedenik gabeko erritmoa du, non gitarrak eta perkusioak etengabeko talkan aritzen diren. Kantu askok ez dute egitura klasikorik —Trinidad, Taxes edo Bow Down—, progresio moduko bat egiten dute hainbatek —Long Island City Here I Come—, eta arnasa hartzeko era ematen dute beste batzuek —Cobra— . Eta denetan da gidari nagusi Winterren ahotsa, gehienetan oihua, xuxurla, errezitala eta parodia muturrera eramanda. Kritika oso onak bildu ditu disko berriak, eta, kideak oso gazteak izanik ere, musikalki heldutasun handia dutela nabarmendu dute.