Gegoren geometria gardena

Gertrud Goldschmidt artistaren lau hamarkadako lana aztertzen duen atzera begirakoa zabalduko du bihar Bilboko Guggenheim museoak. 150 obra bildu dituzte, eta kronologikoki eta gaika antolatu.

Gegok egindako erretikuluetako bat, Bilboko Guggenheim museoan ikusgai dagoen erakusketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko azaroaren 6a
17:57
Entzun

Gego ezizenarekin egin zen ezagun mundu osoan Gertrud Goldschmidt artista (Hanburgo, Alemania, 1912 - Caracas, Venezuela, 1994). Emakume izateagatik, haren lana urte askoan egon zen ezkutuan, baina, orain, ikusgai jartzeko asmoz, artistaren lau hamarkadako ibilbidea agertzen duen erakusketa zabalduko du bihar Bilboko Guggenheim museoak: Gego. Infinitua neurtzen. Geaninne Gutierrez-Guimaraes aritu da komisario lanetan, eta artistak forma organikoen, egitura linealen eta abstrakzio modularren bidez egin zituen ekarpenak aztertzea izan da haren helburua: «Latinoamerikako artistarik esanguratsuenetako bat izan da Gego. Oso bide pertsonala garatu zuen, eta erakusketa hau aitortza bat da». Artistaren 150 lan bildu dituzte denera, eta hainbat diziplina uztartu; tartean, marrazkiak, grabatuak, ehunak, argazkiak eta eskulturak. Otsailaren 4ra arte egongo da ikusgai.

Kronologikoki eta gaika antolatu dute erakusketa: 1950eko hamarkadako lanekin abiatzen da, eta 1990eko hamarkadaren hasierakoekin amaitzen. Ohi baino beranduago hasi zen Gego artearen munduan murgiltzen, komisarioak adierazi duenez. «Berez, arkitektura eta ingeniaritza ikasketak egin zituen, eta horretan jarduten zuen. 41 urterekin hasi zen arte sorkuntzan, baina ikasketek sekulako eragina izan zuten bere ibilbide artistiko osoan: lerroaren, espazioaren eta bolumenaren arteko harremana aztertzen zuen etengabe». Hasierako garai hartan, paisaiak margotzen zituen bereziki, eta agerikoa da hori aretoaren hasieran ikus daitezkeen irudietan: «Alemaniatik Venezuelara emigratu behar izan zuen Gegok 1939an, nazien jazarpenetik ihesi. Kostaldetik gertu bizi zen, eta ikusten zuen hori irudikatzen zuen».

Handik gutxira, baina, abstrakzioa lantzen hasi zen artista. Lerro paraleloak marrazten zituen, baina lerroetan baino gehiago, hutsuneetan jartzen zuen arreta, komisarioak azaldu duenez: «Ikusezina ikusgai bihurtzeko ariketa egiten zuen artistak». 1960ko hamarkadaren hasieran efektu optikoekin ere esperimentatu zuen: «Argiarekin, mugimenduarekin eta espazioarekin jolasten zen Gego, eta, hala, ilusio optikoak sortzen zizkion ikusleari». Horren erakusgarri dira Hamabi zirkulu zentrokide eta Lau plano gorri eskulturak, besteak beste: «Ikuslearen kokapenaren arabera, aldatuz doa eskulturaren pertzepzioa».

Handik gutxira, «garapen nabarmena» izan zuen artistaren obrak, komisarioaren hitzetan. 1963 eta 1970 bitartean, hain zuzen ere: «Los Angelesko litografia tailer batera gonbidatu zuten artista, eta estanpatzaile aditu bihurtu zen». Lerro paraleloetatik aldendu, eta sare itxurako egiturak egiten hasi zen pixkanaka. Ordukoak dira haren sorkuntza lanik ezagunenak: Erretikulareak. Alfredo Silva poetak olerki bat ere eskaini zien. Aretoaren erdigunean daude bilduma horretako lanak, bertikalki esekita. «Hauskortasuna, grabitatea eta gardentasuna» islatzen dituzte, komisarioak kontatu duenez: «Gegok esaten zuen ez zuela eskultura lantzen, haren lanek ez zutelako bolumenik, gardenak baitziren eta forma geometrikoz osatuta baitzeuden». Sasoi hartakoak dira Turrustak, Enborrak eta Esferak bildumako lanak ere. Metalezko elementu geometrikoz osatuta daude guztiak, eta konstelazioak iradokitzen dituzte.

Materialen nahasketa

Metalaz gainera, ehungintza ere landu zuen artistak. Bereziki, Titulurik gabea obrak pizten du arretarik handiena sail horretan. Sabaitik zintzilik dago, eta zuntz sintetikozko hariekin ondu zuen. «Lan horrek agerian uzten du elementu linealak nola erabil daitezkeen motibo abstraktuak sortzeko», azaldu du komisarioak.

Halaber, Paperik gabeko marrazkiak deituriko saila da Gegoren obra multzorik konplexuenetako bat, komisarioaren arabera: «Mugarri bat da bere bilakaera artistikoan». Alanbrez eta birziklatutako metal zatiz egindako eskultura minimalistak bildu zituen, eta horiek ere sabaitik zintzilik daude: «Gegok hormaren mende jarri zuen obra, eta itzalekin jolastu zen».

1980ko hamarkadaren amaieran egin zituen Gegok bere ibilbideko azken hiru sailak. Ehundurak izan zen horietako bat. Bi dimentsioko pieza txikiak marraztu zituen: «Azken urteetan, ohean igarotzen zituen ordu gehienak Gegok: aldizkarietatik eta liburuxketatik paper zatiak ebakitzen zituen, eta horiek uztartuta sortzen zituen lanak». Zomorroak eta Zomorrotxoak bildumei dagokienez, berriz, artistak alde batera utzi zituen forma finkoak eta zurrunak, eta egitura organiko irregularrak egiteari ekin zion: «Geometriaren, formaren eta erretikularen deformazioa eta erabateko kolapsoa adierazi zuten Gegoren ibilbidean».Material berreskuratuekin sortu zituen artistak pieza horiek.

Guggenheim museoak New Yorkeko museoarekin elkarlanean antolatu du Gego. Infinitua neurtzen erakusketa. New Yorken izan da ikusgai lehenik, eta otsailera bitarte bisitatu ahal izango da Bilbon.

Erakusketa jartzeaz gain, liburu ilustratu bat argitaratuko du Guggenheim museoak. Gegoren jardun artistikoari buruzko testuak biltzen ditu, erakusketako obren irudiekin nahastuta. Bestalde, didaktika proiektu bat ere abiarazi du museoak, erakusketaren osagarri gisa. Hitzaldiak, bisita bereziak, hausnarketak eta proiekzioak ere egingo dituzte, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.