2017. urtean diagnostikatu zioten leuzemia, eta haren ondorioz hil zen atzo Genesis P-Orridge (Manchester, Ingalaterra, 1950). Throbbing Gristle musika industrialaren talde aitzindariaren parte izan zen 1970eko hamarkadan, eta, proiektu esperimental eta probokatzaile hura amaitu ostean, Psychic TV egitasmo ez hain bortitz baina halere esperimental eta arriskatua jarri zuen abian.
Genesis P-Orridgek bizitza bera ulertzen zuen esperimentu gisa, eta ikuspuntu hori sormenera nahiz bere bizitzara eraman zuen. Hala, 1993an, Jaqueline Breyer artista ezagutu zuen —Lady Jaye izenarekin arituko zena—, eta genero trantsizioari lotutako Pandroginia proiektua jarri zuten martxan. Bikoteak adostu zuen bakoitzaren gorputzean hainbat aldaketa egitea, prozesuaren amaieran bikiak izan zitezen. Hain zuzen ere, biek izen bera hartu zuten (Breyer P-Orridge) eta bakoitzaren indibidualismoaren aurretik bikotearen izaera indartu nahi izan zuten.
Neil Andrew Megson izenarekin jaio zen Genesis P-Orridge, eta bere ibilbide artistikoa COUM Transmissions proiektuaren barruan (1969-1976) hasi zuen. Ordurako izen berria erabiltzen zuen —1971n ofizial bihurtu zuen—, eta William Burroughs idazlearen eragina aitortzen zuen. COUM Transmissions taldeak performance artistiko eta musikalak egiten zituen, eta hainbat erreferente eta erreferentzia zituen: Tristan Tzara, beatnik mugimendua, pornografia... Taldeak, gainera, uko egin zien gizarteak ezarritako arauei, eta garaian polemika handia eragin zuten ekintzak egin zituen.
Proiektu hartatik eratorri zen Throbbing Gristle (1976-1981) musika industrialaren eta zarata-rockaren talde aitzindaritzat jotzen dena. Hainbat diskotan ez ezik, zuzeneko emanaldi-performanceetan ere islatu zuten beren ikuspegia Genesis P-Orridgek eta bere kideek (Peter Christopherson, Cosey Fanni Tutti eta Chris Carter). Elementu pornografikoak eta nazismoaren erreferentziak erabiltzen zituzten, eta horrek berak iskanbila handia eragin zuen. Taldeak, halere, beti defendatu zuen bere helburua zela giza kondizioaren alderdi ilun eta obsesiboetan arakatzea, eta ez horrenbeste musika atsegina egitea.
[youtube]https://youtu.be/odZob7hBFbo[/youtube]
Throbbing Gristleren bidea amaituta, 1982an ekin zion bere proiektu propioari Genesis P-Orridgek. Psychic TV izena jarri zion, eta elektronika esperimentala nahiz pasarte goxo eta ia onirikoak uztartzeko baliatu zuen.
[youtube]https://youtu.be/zglpNUJw4gw[/youtube]