Azken hamarkadan, dozenatik gora emakumek salatu dute Gerard Depardieu aktore frantsesaren biktima izan direla. Haren izena sarri izan da sexu indarkeriarekin loturiko delituekin korapilaturik. Hala eta guztiz, orain jaso du lehenbiziko zigorra. Izan ere, iaz, aktoreak eraso egin ziela salatu zuten bi emakumek. 2021ean Les volets verts filmaren grabaketan eraso ziela salatu zuten, zehazki; biktimetako bat errealizazio laguntzaile aritu zen eta, bestea, dekorazio arloan. Auzibidean hainbat atzerapen izan ondotik, gaur eman dute sententziaren berri: epaileak erruduntzat jo du Depardieu.
Ikusi gehiago
Hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote aktoreari. Hala zuen eskatua Fiskaltzak, eta, kontrara, defentsak absoluzioa nahi zuen harentzat. Depardieu bera ez da epaitegian azaldu sententzia aditzera. Azoreetan dago, Fanny Ardant zuzendariaren film baten grabaketan lanean. Hain zuzen ere, Ardant izan da auzibidean aktorearen alde deklaratu dutenetako bat.
Hogei bat salaketa jarri dizkiote urteotan Depardieuri —batzuetan artxibatu egin dira auzibideak, gertakariek preskribatu zutelakoan—. Lehena Charlotte Arnould aktoreak aurkeztu zuen, 2018ko abuztuan; aktoreak bitan bortxatu zuela azaldu zuen emakumeak. Epaitegietan ez ezik, prentsan ere dozenatik gora andrek testigantzak eman dituzte aktorearekin lan egin zuten garaian jasandakoei buruz.
Eta, urteotan, babesik ez du falta izan Depardieuk. Ezagun da zinema munduko lankideek ez ezik zenbait politikarik ere emandako babesa. Esate baterako, Frantziako presidente Emmanuel Macronek Anne-Elisabeth Lemoine kazetariaren C à vous saioan nabarmendu zuen Depardieuren «oso zalea» dela, eta adierazi ez dela «bidezkoa» halako «gizon ehizarik» egitea aktorearen kontra.