1940ko, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, hainbat enpresak hala eskatuta, lantegien ikuspegi panoramikoak margotzen hasi zen Gerardo D'Abraira. Nerbioi ibaiaren ibarrean kokatutako enpresentzat egin zuen lan hasieran. Gerora, baina, haren izena Gipuzkoako eta Arabako beste hainbat enpresatara zabaldu zen, eta haiengandik ere eskariak jasotzen hasi zen. 1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, ordea, industriaren sektoreak jasandako krisien ondorioz, lantegi asko itxi egin zituzten, eta lan horietako ugari galdu egin ziren. Balmasedako (Bizkaia) Enkarterriko Museoak horietako batzuk berreskuratu zituen berriki, 2024an, eta ikusgai jarri zituen. Erakusketa hori abiapuntu hartu du Donostiako San Telmo museoak orain, eta margolariak Gipuzkoako hamahiru enpresatarako egindako marrazkiak bildu ditu Barreiatutako paisaiak izenburupean. Museoko Industrializazioa aretoan jarri dute ikusgai, irailaren 6ra bitartean, eta Javier Gonzalez de Duran izan da komisarioa.
Gizartearen eta bezeroen aurrean marrazkiak enpresen «aurkezpen txartel» gisa funtziona zezaten eskatzen zioten enpresek D'Abrairari (Begoña, Bilbo,1904 - Getxo, Bizkaia, 1964), eta haien aldizkarietan eta katalogoetan argitaratzen zituzten horretarako. Hala azaldu du komisarioak: «Irudiak errealak izatea eskatzen zioten D'Abrairari, baita itxura garbia eta argia izan zezatela ere. Funtsean, lantegi horretan egiten zituzten lanak atseginak eta gogobetegarriak zirelako itxura eman zezaten nahi zuten». Horretarako, tinta, akuarela eta gouach teknikak erabiltzen zituen marrazkilariak, eta paperezko euskarri handietan margotzen zuen.
D'Abrairak Bizkaian hasi zuen margolari ibilbidea, eta, Gipuzkoara eta Arabara zabaldu ostean, Iberiar penintsulako beste hainbat erkidegotara ere heldu zen. Edonola ere, komisarioak azaldu du D'Abrairak ez zuela bere burua artista gisa ikusten: «Berak enkarguak jasotzen zituen, eta horiek bete. Hori zen bere ikuspuntua, marrazki batean irudikatzea edonork goitik ikusiko lukeena». Horretarako, lantegi inguruko mendixketara igotzen zen, irudi «perfektuena» bilatzeko asmotan. Eta ezin zuenean hori egin, enpresaren beraren arkitekturako planoak erabiltzen zituen. Bi teknika horien bitartez egiten zituen irudiak.
«Berak enkarguak jasotzen zituen, eta horiek bete. Hori zen bere ikuspuntua, marrazki batean irudikatzea edonork goitik ikusiko lukeena»
JAVIER GONZALEZ DE DURAN Erakusketako komisarioa
Bitxikeria gisa, Gonzalez de Duranek kontatu du margolariak lantegiaren ingurua osatzen zuela langileekin, joan-etorrian zebilen jendearekin, autoekin, eta beste hainbat elementurekin: «Jarduera lasai bat zegoen inguruan, errealitatetik urrun zegoena; izan ere, [lantegien inguruan] normalean zaborra egoten da. Berak hori guztia garbitu egiten zuen, eta itxura atsegineko lantegi bat islatzen zuen».
Autore anonimoa
D'Abrairaren lanak Euskal Herritik harago ere erakutsi diren arren, haren izenak ez du sona nabarmenik izan. Bereziki, aldizkari eta katalogo askok ez zutelako margolariaren izenik aipatu inoiz. «Garai hartan egiletza eskubideak ez zeuden orain bezain araututa», adierazi du komisarioak. Eta gaineratu du autoreak bere obra sinatu arren oso zaila zela aldizkarietan egilea nor zen ongi ikustea: «Zabaleran bi metro neurtzen dituen marrazki bat aldizkari batera eramandakoan, kostata atzeman daiteke norena den».
Hala ere, komisarioak berretsi du autoreak bere lan guztiak sinatzen zituela, eta gaitzetsi egin du hainbat historialarik haren lanak erabili izana hamarkadetan, inoiz egiletza aipatu gabe. «1940ko, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan argitaratu zituzten aldizkariek autorearen izenik aipatzen ez zutenez, guri, orain, izenik gabe iritsi zaizkigu marrazki horiek. Ezin izan dugu jakin norena den egiletza». Hori dela eta, azaldu du D'Abrairaren «erreskatea» hutsetik gertatu dela, «ez existitzetik».Â
Berrogei marrazki berreskuratu ahal izan dituzte, baina komisarioak adierazi du seguru daudela gutxienez 125 lan inguru egin zituela. «Oxala horiek baino gehiago izango balira. Guretzat pozgarria da izen handia duen pertsonaia bat ahanzturatik erreskatatzea. Hamarkada horietako sektore industriala ezagutzeko aukera ematen digu», nabarmendu du.