Gerardo Luzuriaga Sanchez (Nazar, Nafarroa, 1956) dokumentalista eta liburuzaina izan da urte askoan, eta ezagun du. Hainbat liburu eta lan argitaratu ditu historiako gai jakinei buruz, baita Oñatiko Unibertsitateko Liburutegiari buruz ere. Euskaltzain urgazle ere bada, eta Euskaltzaindiaren Azkue Liburutegiko eta Artxiboko batzordeetan parte hartzen du. Orain, erretreta hartuta, halako zubi lan bat egin du historiatik literaturarantz, historiak aparteko lekua duen eleberri bat idatzi baitu: Berrotzako iheslaria. Nazarko Gardatxo Plataforma elkarteak eman du argitara. Idazleak XX. mendean Nafarroako herri txikietan izandako transformazioa azaleratu du lan horretan, familia txiro bateko seme baten begietatik.
Liburuak Gabino Lizarralde du protagonista nagusia, idazlea bera bezala Nazarren sortua, 1906an. Haren bizitzari jarraituz, «aberatsen eta pobreen arteko aldeak» deskubrituko ditu irakurleak, «bai eta batzuen eta besteen arteko maitasun kontu korapilatsuak ere», egilearen hitzetan. Lehen urteetan Nafarroako landa eremuko «bizimodu gogor eta ankerra» deskribatu du, 36ko gudari arreta berezia jarrita.
Amerikara ihes
Protagonista nagusiak ere latzak ikusiko ditu gerran, eta, gerra galduta, ihes egin beharko du: «Pirinioetako muga pasatzen saiatuko da, baina ez du lortuko. Asturiasen eta Kantabrian bi urte igaro eta gero, bost urte eman beharko ditu herrian ezkutatuta». Egoera horri ezin eutsirik, nola hala alde egin, eta Amerikara iristea lortuko du Gabinok. Kontinente hartan emango ditu bizitzako urterik gehienak, harik eta Franco diktadorea hil, eta herrira itzuliko den arte. Zaharra izango da ordurako.
Pertsonaia nagusiak herritik kanpo emandako urte horiek guztiek, hain zuzen, abagunea emango diote idazleari mende hasierako eta amaierako bizimodua, pasaia eta giro soziala alderatzeko. Luzuriaga: «Hasieran lur eremuak txikiak ziren, zuhaitzak eta berdeguneak ageri ziren toki guztietan. Ekologiaren kezka nabarmena da pasarte horietan». Halaxe dio liburuko pasarte batek: «Landa-bateratzeak ekarri duen paisaiaren galerak min egiten dit. (...) Amaitu dira heskaiak, sasiak, hegiak, ezpondak. Finitu bide zidorrak, baita xendrak ere. Ahitu zuhaitzak. Agortu iturriak, errekastoak eta ur-arrasto guztiak».
Ez da mendeak ekarri duen aldaketa bakarra: «Populazioa ere erabat aldatu da. Toki jendetsuak ziren hasieran, eta abereak ere ugari ziren. Gero, hustu egin dira herriak: ez abererik, ez umerik, ez deusik».
Gabino Lizarralde herri txiki bateko biztanle txiroaren paradigma bada, haren lagun Benito Arana aberatsarena da. Bigarren mailako pertsonaia izanagatik ere, rol berezia du eleberrian.
Istorioz istorio
Denera 22 atal osatu ditu Luzuriagak: «Bakoitzean istorio bat kontatzen da, eta guztien artean Gabinoren biografia harilkatzen da». Kontakizuna lehen pertsonan idatzita dago, ahots nagusia Gabino Lizarralderena dela. Baina gainontzeko pertsonaiek ere lehen pertsonan hitz egiten dute, hala nola Benito Aranak, haren aita Primitivo Aranak eta Luzuriagaren emazteak eta ilobak.
Errealitatean bezala, bi heriotza gertatuko dira eleberrian ere, baina liburukoa fikzioa dela ziurtatu du Luzuriagak: «Komeni zaidana idatzi dut, eta nik kontatutako heriotzek ez dute ikustekorik bi pertsona horien hiltzeko moduarekin». Esan du «herrian entzundakoak» eta bere bizipenak izan dituela iturri nagusiak.