Beltza eta gerra. Kolore bat eta hondamendi bat, askotan elkarrekin agertu ohi direnak; izan ere, gerra aipatuta, askori kolore ilunak datozkie burura, irudi bortitzekin eta gordinekin batera. Francisco de Goya margolariari (Fuendetodos, Aragoi, Espainia 1746 - Bordele, Okzitania, 1828) ere ezagunak zitzaizkion irudikapen horiek, Espainiako Independentzia Gerra bizi izan baitzuen (1808-1814), eta hain justu, horixe bera irudikatu zuen laurogei estanpatan. Ez zituen inoiz argitaratu, testuinguru politikoa zela medio, beldur baitzen lan horiek zer-nola hartuko ziren. 1863an atera ziren argitara irudiak, eta Donostiako San Telmo museoak berreskuratu egin ditu orain. Robert Motherwell (Aberdeen, Washington, AEB, 1915 - Provincetown, Massachusetts, AEB, 1991) margolari estatubatuarraren lan batekin batera zintzilikatu dituzte museoko hormetan, Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat izenpean.
Goyak 64 urte zituela piztu zen gerra, eta, Bera Legasse San Telmo museoko gidak azaldu duenez, gerrako «asimetria» erakutsi zuen marrazkietan. Hamahiru urtean —1810etik 1823ra—, gerraren pasarte «gordinak» jorratu zituen, jazotakoa ez baitzuen modu heroikoan erakutsi nahi izan. «Urteetan, gerrako borrokak modu oso heroikoan erakutsi izan dira; nahiz eta galdu, modu noblean erakusten zituzten. Goyak, aldiz, ez», zehaztu du Legassek. Hala, nabarmendu du Goyari esker «haustura handi bat» izan zela margolaritzan, «hura izan baitzen gerra modu bortitzean erakutsi zuten lehenengoetakoa».
Erakusketaren bitartez erakutsi nahi izan dute gerra nola irudikatu izan den artearen historian. Horregatik gehitu dute Motherwellen koadro bat: Iberia (1958). «Motherwell oso sentibera izan zen 36ko gerrari zegokionez, eta konpromiso morala oso garrantzitsua zen harentzat», kontatu du Legassek artistaren inguruan.
Goyaren laurogei estanpak zenbakituta daude, baina gidak argitu du ez dituztela irizpide horren arabera ordenatu erakusketan, gaiaren arabera baizik.
1
'Lekukoaren etika'
Erakusketaren lehen atalean lekukoak ageri dira; izan ere, gertaerak kontatzeko garaian duten garrantzia islatu nahi izan zuen Goyak. «Ez zituen soilik boteredunak irudikatu; herritarrak nabarmendu zituen, gerra nola bizi izan zuten islatzeko». Estanpa guztietan ageri dira lekukoak; zer gertatzen ari den ikusten dute, bigarren planoan betiere.Â
Legassek azaldu du zaila dela jakitea ea margolariak eszena horietako batzuk ikusi zituen edo ez, baina jakin badakite gertakari askoren lekuko izan zela. Entzunez izan zuen beste batzuen berri. Gainera, bitxikeria gisa, gidak kontatu du marrazki batzuetan Goyak bere aurpegia margotu zuela lekukoen artean.

2
'Matxinadaren keinua'
Matxinoak ere margotu zituen, bereziki emakumeak. Eta heroirik erakutsi nahi ez zuen arren, emakumezko heroiak irudikatu zituen. Zaragozako Agustina, kasurako: «Aragoiko herriaren erresistentziaren ikur izan zen Espainiako Independentzia Gerran». «Emakume horrek sekulako lana egin zuen herritarrak babesteko», azpimarratu du gidak, eta gaineratu ez zela ohikoa halako irudikapenetan emakumeak agertzea.
3
'Gorputzak: izugarrikeriaren materia'
Hirugarren atalean, irudi «bereziki gordinak» biltzen dira, Legassek adierazi duenez. Gorputzak dira gai nagusia, eta zuhaitzetatik eskegitako gorpu mutilatuak, urkatzeak eta bortxaketak ageri dira. Lekukoak daude inguruan, familiakoak gehienetan. Gidak adierazi du badela arrazoi bat bortxaketak modu horretan irudikatzeko: «Erakusten du bortxaketek, erasoa jasandako emakumeei ez ezik, ingurukoei ere eragiten dietela».
4
'Hobiak eta hustasuna'
Kalean botata gelditu ziren gorpuak ageri dira beste hainbeste estanpatan. Testuingurua azaldu du museoko langileak: «Napoleonen armadak debekatu egin zuen hildakoei hilobiak egitea». Goyak horiek guztiak irudikatu zituen kolore beltzarekin, iluntasuna nagusi dela. Gidak gaineratu du gertakarien inguruan «ohar politiko bat» egitea zela Goyaren helburua.
5
'Iberia'
Artistaren estanpen artean dago Motherwellen Iberia obra. Irudi txikien artean, nagusitu egiten da koadroa: abstraktua da, eta mugimendua antzematen da iluntasunaren barruan. Baita argitasun pixka bat ere, izkina bat zuria baita. «Egiari izkin ez egitea nahi zuen artistak. Ez dakigu zer irudikatu nahi zuen, esperantza edo desagertzen ari den desesperantza», argitu du gidak.
6
'Erreguaren alferrikakotasuna'
1811n, goseteak Madril astindu zuen, eta 32.000 pertsona inguru hil ziren udan. Ez zegoen ia janaririk, eta hori nabari da margolariaren hainbat iruditan. Marrazki berean, aberatsak eta txiroak ageri dira, eta gerturatuz gero,  ikus daiteke aberatsa barrez ari dela. «Alegia, dirudunei bost axola zitzaiela zer gertatzen zen», azpimarratu du Legassek. Estanpa batean, gainera, emakume bat ageri da bere burua prostituitzen, hein batean «pobreziari aurre egiteko».
7
'Gizagabetasun berri bat'
Animaliak ageri dira beste estanpa batzuetan; animalia hiztunak, hain zuzen. Gidak kontatu du margolariak «kritika sozial gogorra» egiteko erabili zuela bide hori; batez ere, elizaren auska egiteko. Irudi batean, fraide bat ageri da oreka galtzen. Beste irudi batek, berriz, 1812an sinatu zen Cadizko konstituzioari kritika egiten dio. Asto bat, putre bat eta saguzar bat topa daitezke hartan.

8
'Hau zoramena!'
Goyak gerrarekin «etsita» amaitu zuen, gidaren arabera: «Esaten zuen: 'Gerra zertarako?'». Bada, kaosa edota «amesgaizto bat» irudikatzen dute azken ataleko irudiek. Animaliak ageri dira berriz, baita «irrazionaltasuna» ere, Legasseren hitzetan. Izan ere, « Goyak errealitatea erakutsi nahi zuen, egia azaleratuta».