Ulertu al daiteke zer den gerra bat bizitzea, bizitzen ez baduzu? Bada, Kateriñek argi zuen: «Zuek ezin duzue ulertu zer den gerra bat, hori ulertzeko gerra bat bizi egin behar baita». Hori esaten zion bilobari, Maitena Illarramendiri. Kateriñe Letamendi Tolosakoa zen (Gipuzkoa), eta 24 urte zituela piztu zen 36ko gerra. Tolosatik alde egin behar izan zuen, eta, egun hartan, 1936ko uztailaren 19an, kaosaren erdian, gerrako bizipen, kezka eta beldur guztiak eguneroko batean idaztea erabaki zuen.
Maitena Illarramendik, amonaren egunerokoa hartu, eta, Iñigo Sarasola marrazkilari eta lagunarekin batera, komiki bihurtu du: Kateriñe; gaur aurkeztu dute, Donostiako udal liburutegian. «Kateriñe ez da komiki bat soilik. Amamaren oihua da», azaldu du Illarramendik. Gerra garaiko pasarteak beti izan ditu presente Illarramendik, amonak askotan hitz egiten baitzuen horretaz: «Beti kontatu izan dizkigu garai hartako kontuak. Egunerokoaren berri ere bagenuen. Gaztea zela, beldurragatik suntsitu egin zuen, eta 80 urteren ostean berriz idatzi zuen».
«Gerra bat zer den jakiteko, gerra bat bizi egin behar da». Esaldi hori hizpide izan dute Illarramendik eta Sarasolak urte hauetan guztietan; izan ere, komikiaren ideia orain dela urte batzuk jarri zuten martxan. Illarramendik askotan hitz egin izan dio Sarasolari Letamendiren bizipenen inguruan, eta hark kolorea eta forma eman dizkie bizipen horiei. «Behin Iñigoren etxera joan nintzen, eta, komikiaren ideia berriz aipatu nionean, eskuz marraztutako orri pila bat atera zizkidan. Hunkigarria iruditu zitzaidan bere lana. Folio horiek guztiak ikusi nituenean, esan nuen: 'Amamak nahi du hau kaxoitik ateratzea'», azaldu du Illarramendik.
Etxeko pasadizoaren inguruan zera gehitu du Sarasolak: «Betidanik esan izan dut honek pelikula bat egiteko adina eduki zuela, baina ez zegoen aurrekonturik. Beraz, hau egiten hasi nintzen. Denbora librea nuenean marraztu egiten nuen, eta Maitena etxera etorri zenean, eta komikiaz hitz egin zidanean, nire marrazki sorta hori erakutsi nion».
Amonarekin harreman «oso estua» zuen Illarramendik, eta harentzat familiak «berebiziko garrantzia» zuela adierazi du: «Amamari gehien inporta zitzaiona familia zen, eta hori komikian islatzen da. Nik nerabezaroan krisialdi bat izan nuen, eta amamaren etxera joan nintzen bizitzera. Izugarrizko harremana sortu genuen». Amonak prozesua ikusi ezin izan duen arren, une oro presente izan du bilobak: «Amama hemen dago nirekin; beti jarri diot aulki bat nire ondoan, eta uste dut komiki hau gauzatzen lagundu digula. Ziur nago oso gustura dagoela egindako lanarekin».
«Amama hemen dago nirekin, eta uste dut komiki hau gauzatzen lagundu digula. Ziur nago oso gustura dagoela egindako lanarekin»
MAITENA ILLARRAMENDI Idazlea
Egileek adierazi dutenez, «poliki» irakurri behar da komikia, eta bineta bakoitza «luparekin begiratu». Sarasolaren lanari esker gerra bat barrutik bizitzea zertan datzan «ulertu eta sentitu» daitekeela dio Illarramendik: «Iñigok dokumentazio lan handia egin du, oso zorrotza. Garai hartan matrikulatu ziren autoak, hegazkinak, jantziak eta eraikin historikoak aztertu ditu. Garai hartako giro soziopolitikoa arnastu daiteke. Gainera, itzalek eta koloreek sinbolismo handia dute. Horri esker, gehiago gerturatuko zarete gerra bizitzea den zulo horretara, eta ziur zerbait mugituko zaizuela barruan». Azaldu du egunerokoaren orri bakoitza komikiko bineta bat dela.
Sarasolak adierazi du gerra garaiko kontuez hitz egitean bere familian egoera erabat ezberdina zela: «Gure belaunaldikoek ez zuten gerraren inguruan hitz egiten. Nire etxean ez behintzat. 30 urterekin jakin nituen nire aitonaren gerra garaiko kontuak. Kateriñek, aldiz, dena kontatzen zuen, eta ez nengoen ohituta». Eta hala jarraitzeko eskatu zion Kateriñek bilobari: «Niri beti esaten zidan: 'Zuen seme-alabek ez naute ezagutuko, baina zuek hitz egin asko nitaz eta gertatutakoaz, hau kontatu egin behar da eta'».
«Gure belaunaldikoek ez zuten gerraren inguruan hitz egiten. Nire etxean ez behintzat. 30 urterekin jakin nituen nire aitonaren gerra garaiko kontuak»
IÑIGO SARASOLA Marrazkilaria
Illarramendik bere amonaren «azken irrintzi» gisa irudikatzen du komikia: «Munduan oraintxe tentsio handia dago, gerrak han eta hemen. Beti ordaintzen du herri xeheak. Goikoek fitxak mugitzen dituzte, eta behekoek odola. Komiki honetan ikusten da zer dakarren gerra batek: ihes egitea traste guztiekin, errepideetan eta kanpalekuetan jendea hiltzea... Badago patroi bat gerretan errepikatzen dena; hori bizi duenari barruan zerbait lehertzen zaio, eta betiko irauten du». Horregatik, kontakizunaren egileak gehitu du «oihu kolektibo bat» ere badela komikia: «Belaunaldiz belaunaldi, gerrako zauriak gugana iristen dira, eta ondorengoengana ere iritsiko dira».