Mende bete igaro da Lehenengo Mundu Gerra hasi zenetik (1914-1918). 1939an hasi zenak oihartzun handiagoa izan du gerora, baina bigarrengoak bezainbesteko sufrimendu eraman zuen lehenengoak ere, eta gogor jo zuen mundua, baita Euskal Herria ere. Euskaldun ugarik joan behar izan baitzuten gerra hartara. Urtemuga dela baliatuz, Zarauzko Photomuseumeko (Gipuzkoa) arduradunek gordailuan zituzten argazki eta ilustrazioei hautsa kendu diete, eta erakusgai jarri. Apirilaren 13ra bitarte izango da bisitatzeko aukera.
Gerrak daukana eta gerrak dakarrena erakusten dute ikusgai dauden 80 argazki eta ilustrazioek. Soldaduak lubakietan erasoari ekiteko unearen zain, kanoiak daramatzaten gurdiei bultzaka, tropak erasoan, eta eraso horiek ongi ateratzeko estrategiak zehazten dituzten mapak. Beste aldea ere bai: gorpuak, gorpuak senideen eskuetan, eraikin bonbardatuak, eta gutunak. Familiari bidalitako eskutitzak, burokratikoak eta militarrak. Hartzailearen arabera, eskuz edo idazmakinaz idatzitakoak. Erakusketa lehendik ezagutzen zena «borobiltzeko» helburuz egin dutela azaldu du Ramon Serras Photomuseumeko arduradunak: «Liburuetan-eta kontatzen denaren gehigarri bat izateko asmoz osatu dugu erakusketa, etortzen denak, gutxienez, orduko haren ideia bat izan dezan». Materialen zati handienak ez du egileen izenik, parte handiena guda propagandarako erabili zelako.
Ohikoa duten eran, garaiko faksimileekin eta aldizkariekin osatu dute erakusketa. Aldizkariei dagokienez, La Esfera aldizkariaren ale batzuk daude. Guztiek dute abiapuntu gerra, baina Serrasek ez daki zehazki gerra ari zen bitartean, edo beranduago publikatutakoak diren. La Esfera-ko irudiak ilustrazioak ziren, XX. mendean argazkigintza oraindik ere prentsan gehiegi finkatu gabe baitzegoen. Aldizkari horretan tamaina handiko ilustrazioak publikatzeko ohitura zuten, eta batzuetan, ia testurik gabeko erreportajeak publikatzen zituzten.
Gerrak berarekin propaganda ekarri zuen. Louis Raemaekers nederlandarra izan zen garaiko ilustratzaileetan ezagunena. Aliatuen aldeko gerra propagandarako erabili ziren ilustrazioak egin zituen, eta esaten dute gerra irabazteko oso baliagarria izan zela. Handik urteetara tarte horretan egindako lanen bi bilduma kaleratu zituen egileak. Bildumetako zenbait ilustrazio dira Photomuseumekoak. «Gerraren gogortasuna agertzen da horietan, senideen ezintasuna eta hildakoak...». Frantziako Reims hiriaren sutea eta suntsiketaren irudiak ere ageri dira ilustrazioetako batzuetan.
Estereoskopikoz argazkiak atera zituenik ere izan zen gerran. Lubakietan lanean aritu zirenarenak daude ikusgai Photomuseumen. Hirugarren dimentsioan ikusteko aukera ematen dute, baina horretarako beharrezkoa da tresna bat. Halakorik gabe ere, ikusteko modukoak dira, eta erakusketako zati ere badira. Ikusteko moduan egoteak, baina, ez du esan nahi tresnarik gabe ere egoki ikusten denik. Serrasen arabera, aldea «nabarmena» baita tresnarekin edo tresnarik gabe ikustea. «Hirugarren dimentsioan ikustean erliebeak gehiago atzematen dira, eta horrek berak ikusgarriago egiten du».
Garaipena ere gerrak dakar
Gudara doan herrialdeak bi aukera ditu: irabaztekoa edo galtzekoa. Horren araberakoa izango da haren ekonomia hurrengo urteetan. Lehen Mundu Gerra aliatuek irabazi zuten. Orduko Apotheose Victoire, garaipenaren ospatzeko desfilea, Parisen egin zuten, Eliseoko Zelaien etorbidean.Tropak kalean behera ikusten dira, eta jendetza ikaragarria inguruan. Bideko bazterretan, berriz, gerrako kanoien pila handi bat ageri da. Alemaniarrenak, hain zuzen ere. «Haien artilleria guztia jarri zuten ikusgai, eta argazkian ikusten den moduan piramide handiak egin zituzten». Dotoreak dira argazkiak, jeneralak lepoa tente doazela. Kopiak diren arren, definizio oso altukoak dira.
BERRIAk otsailaren 23an I. Mundu Gerraz argitaratutako Igandea gehigarria ere ikusgai jarri dute erakusketan.
Gerrak dakarrena, irudien bidez
Lehenengo Mundu Gerran propagandarako erabilitako argazkiak bildu dituzte Zarauzko Photomuseumen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu